Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Sailak kanpaina bat bultzatu du infartuaren susmo txikiena izanez gero 112 telefonora deitzea dela onena euskal herritarrak kontzientziatzeko

2024-09-28

Bihotzaren Mundu Eguna, irailaren 29a

  • Ekimenak herritarrei eskatzen die ez itxaroteko eta ez saiatzeko osasun-zentro batera norberaren baliabideekin joaten —kasuen % 50ean gertatzen den bezala—, horrek hilkortasun-arriskua areagotzen duelako, eta, bizirik irauten badu, ondorio negatiboak eragiten dizkiolako erasandako pertsonari
  • Euskadik, batez ere emakumeen artean, gaixotasun kardiobaskularren prebentzioa lehenesten du; izan ere, emakumeen heriotza-kausa nagusia dira, baita bigarrena ere EAEko biztanleria osoan, eta 3 heriotzatik 1en arrazoia munduan

Herritarrak kontzientziatzea, infartu bat izan daitekeela susmatzen badugu, ahalik eta azkarren 112 telefonora deitzea dela aukerarik onena. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaurtik aurrera —irailaren 29aren ospatuko den Bihotzaren Mundu Egunaren bezperetan— abian jarri duen herritarren informazio- eta sentsibilizazio-kanpainaren helburu nagusia.

 “Deitu ziztu bizian 112” lelopean, ekimenak nabarmendu nahi du, pertsona bat miokardio-infartua jasaten ari denaren zantzurik txikiena izanez gero, segundo bakoitza garrantzitsua dela eta Larrialdietako telefonoarekin lehenbailehen harremanetan jartzea funtsezkoa dela, gure kabuz osasun-zentro batera joaten saiatu beharrean.

Sailaren datuen arabera, gaur egun, infartua jasaten ari diren gaixoen %50 baino ez dituzte artatzen osasun zerbitzuek, 112 telefonoaren bidez. Gainerakoak beren kabuz joaten dira osasun-zentrora, horrek dakarren arriskuarekin, hainbat ikerketak egiaztatzen duten bezala; izan ere, ikerketa horiek erakusten dute gaixoak zenbat eta denbora gehiago behar duen osasun-sistemarekin harremanetan jartzeko, eta sistema horrek zenbat eta beranduago jardun, orduan eta handiagoa dela heriotza-tasa, eta, bizirik ateraz gero, gaixoaren bizi-kalitatean eragin negatiboak ere handiagoak direla.

Hori dela eta, gaur abiatuko den kanpainak mezu hori azpimarratzen du: susmo txikiena izatean, 112 telefonora deitzea da jarduteko modurik onena. Eta, beraz, toraxeko mina edo antzeko sintomak sentituz gero, ez itxaron eta ez joan, deitu baizik.  

Sentsibilizazio kanpainak Osasun Saila gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren esparruan egiten ari den lanari jarraipena ematen dio. Izan ere, gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen heriotza-kausa nagusia eta bigarrena euskal herritar guztien artean.  

Hala, Euskadi 2030 Osasun Planak bihotzeko gaixotasunen tratamenduari heltzen dio, genero-desberdintasunak eta desberdintasun sozialak kontuan hartuta. Testuinguru horretan, Osasun Sailak “Bizitzaz betetako bihotzak” ekimena jarri zuen martxan iaz, eta horren helburua zen patologia horiek prebenitzea eta osasun kardiobaskularra eta ohitura osasungarriak zaintzeko hezkuntza sustatzea, bereziki emakumeengan. Izan ere, emakume askok oharkabean pasatu ditzakete beren sintomak, informaziorik ez dutelako, beste osasun-arazo batzuekin (antsietatea eta angustia, adibidez) antzekotasunak dituztelako, eta, gaur egun ere, emakumeen minaren tolerantziari buruzko gizarte-kulturak haien diagnostikoan eragiten duelako, eta patologia horien benetako garrantzia minimizatzeko joera ere badutelako.

 Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, bihotzari eta odol-hodiei eragiten dieten nahasmenduen multzoa —hipertentsio arteriala, gaixotasun koronarioa, gutxiegitasun kardiakoa eta istripu zerebrobaskularra, besteak beste— mundu osoko 3 heriotzatik 1en erantzulea da, hau da, urtean 17,9 milioi heriotza inguru eragiten ditu, eta heriotza-kausa nagusietako bat da mundu osoan.

Herritarrak kontzientziatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako kanpainak osasun-langileei zuzendutako ekintzak aurreikusten ditu, besteak beste, Euskadin miokardioko infartu akutua tratatzeko protokoloa jasotzen duen argitalpen espezifiko bat egitea eta zabaltzea.

2 iruzkin
  •  erabiltzaile
  • Argazkia Xaver
    2024-09-28

    Identificar sintomatología entre géneros puede ser distinta y lo que un simple malestar puede confundirse en no pensar que pueda ser un amago de infarto. Hay wearables seguimiento de la actividad pueden ayudar

  • Argazkia Xaver
    2024-09-28

    Generoen arteko sintomatologia identifikatzea desberdina izan daiteke, eta ondoez sinple bat bihotzekoa izan daitekeenik ez pentsatzeko nahastu daiteke. Badira wearableak jardueraren jarraipena lagun dezakete

Komunikabideek behera kargatzeko