Berriak Lehendakaritza
qrcode

Ireki da Ignacio Ellacuría sarira hautagaiak aurkezteko epea

2024-09-27
  • Hautagaiak gaurtik aurrera, irailak 27, aurkeztu daitezke

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero ematen duen Ignacio Ellacuría sarirako hautagaiak aurkezteko deialdia urriak 28ra arte egongo da zabalik. Euskadin helbide soziala edo ordezkaritza duten garapenerako lankidetzarako erakundeek aurkeztu ahalko dituzte hautagaitzak, eta saria emateko proposamena Eusko Legebiltzarreko, Eusko Jaurlaritzako eta GGKEeko ordezkariez osatutako epaimahai batek egingo du.

Sariaren xedea da Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana aitortzea. Era berean, sari honen bidez eLankidetzak lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko.

Saria 15.500 eurokoa da eta saridunak izan daitezke honako hauek: irabazi-asmorik gabeko herrialde pobretuetako toki-erakundeak, euskal lankidetzarekin harremana dutenak eta haien komunitatean garapenaren alde ekarpen esanguratsua eta nabarmena egiten dutenak; irabazi-asmorik gabeko euskal erakundeen ekimenak; pobretuetako herrien garapenaren alde lan egin duen euskal jatorriko pertsona; eta euskal lankidetzarako erreferenteak diren nazioarteko eremuko pertsonak.

Eskakizunak modu telematikoan egin behar dira, www.elankidetza.euskadi.eus webguneko “deialdiak” atalean edota www.euskadi.eus atariko “laguntzak eta dirulaguntzak” atalean. Interesdunek informazioa jasoko ahalko dute agencia@elankidetza.eus helbidera idatziz edo 945 01 80 87 telefonora deituz.

Entitate eta pertsona saridunak

Aurreko edizioetako saridunak sei pertsona eta sei erakunde izan dira. Lehenengoen artean daude, Seynabou Male Cissé (2023), Vandana Shiva (2022), Anna Ferrer (2019), Mikel Ayestaran (2018) edo Lolita Chavez (2017). Erakundeen artean daude, Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Madres de Abril elkartea (2021), Saharar Emakumeen Batasun Nazionalaren Aldeko Euskal Sarea (2012) edo FIARE Fundazioa (2011), besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak