Jack Sparrow kapitainak, Johnny Depp aktoreak gorpuzturik, Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitalean dauden haurrak bisitatu ditu
- Jack Sparrow kapitainak ustekabean harrapatu ditu ospitalean dauden pirata txikiak, eta pantaila txiki eta handiko pertsonaiarik ezagun eta maitatuenetakoaz gozatu dute
Gaur arratsaldean Johnny Depp aktore estatubatuarrak, Donostiako Zinemaldiaren edizio honetako protagonista nagusietako batek, haurrek gehien maite duten pertsonaiaren arropa jantzi du, gure ospitalea, Osakidetzako Donostiako Unibertsitate Ospitalea, bisitatzeko.
Jack Sparrow-k ospitaleko Pediatriako eta Onkologiako solairuan dauden haurrekin hitz egin, jolastu eta barre egin du.
Jack Sparrow kapitainaren jantziarekin, aktorea haurrengana hurbildu da eta argazkiak atera ditu guztiekin. Barreak eta pasadizoak partekatu dituzte, eta haurrei une honetan dituzten zailtasunak ahazten lagundu die minutu batzuetan.
Opari horrek poztu egin ditu pazienteak, familiak, erizaintzako profesionalak, medikuak eta une horretan lanean ari ziren langile guztiak.
Osakidetzak, eta bereziki Donostiako Unibertsitate Ospitaleko langile guztiek, eskerrak eman nahi genizkioke Johnny Deppi bere denboragatik, babesagatik eta energiagatik, aire freskoa izan baita solairu osorako.