
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak nabarmendu du espetxe-sistemak garrantzi handia duela justiziaren administrazioan eta segurtasun publikoaren kudeaketan
- Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak inauguratu duen eta Bilbon egiten ari den Espetxe Zuzenbidearen I. Kongresuan parte hartuko du gaur eta bihar
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gaur nabarmendu duenez, espetxe-sistemak "berebiziko garrantzia" du justiziaren administrazioan eta segurtasun publikoaren kudeaketan. Halaber, pertsona erdian jartzeko deia egin du "prozesuan zehar, biktimari arreta ematean, biktimarioa birgizarteratzean, kaltearen erreparazioan eta prozesuan parte hartzen duten langile guztiei arreta ematean".
Justiziako sailburuorde Alfonso Gomezek gaur eta bihar artean Bilbon egingo den Espetxe Zuzenbidearen I. Kongresuaren inaugurazioan hartu du parte. Bertan izan dira Barne ministro Fernando Grande-Marlaska, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko dekano Maite Morillo, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidente Reyes Goenaga eta Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Espetxe Erakundeetako aholkulari Ines Soria.
Justiziako sailburuordeak bere hitzaldian gogora ekarri duenez, egungo legealdiko gobernu-programak honako hau jasotzen du: “espetxe-sistemak paper erabakigarria betetzen du justizia-administrazioan eta segurtasun publikoaren kudeaketan”. Zentzu horretan, hau gaineratu du: “bere funtzioa ez da mugatu behar arau-hausleak zigortzera, delituak egin dituzten pertsonen errehabilitazioa eta gizarteratzea ere kontuan hartu behar ditu. Gizarteratze horrek onurak ekarriko dizkie bai pertsonei, bai gizarte osoari”.
Gure Sailaren diseinuak, gaineratu du, “zerbitzua ematen den une guztietan justizia-zerbitzu publikoa kontuan hartzeko beharrari erantzuten dio, zerbitzu hori eskuratzeko aukeratik hasi eta zigorrak edo neurriak bete arte. Une oro pertsona erdian kokatu behar dugu: justiziaz baliatzeko unean, prozesuan zehar, biktimaren arretan, biktimarioaren birgizarteratzean, kaltearen erreparazioan eta prozesuan parte hartzen duten langile guztien arretan, baita espetxeen kudeaketaz arduratzen diren langileen arretan ere. “Garatuko dugun eredu hori Eusko Legebiltzarrean lortutako adostasunaren eta lanaren ondorioz Euskadiko Espetxe Ereduaren Oinarrietan ezarritakoa da", berretsi du Gomezek.
Bestalde, Espetxe Erakundeetako aholkulari Ines Soriak "Birgizarteratzea Legebiltzarraren esparruan" hitzaldia emango du gaur arratsaldean. Bertan, Soriak azalduko du beharrezkoa dela “elkarbizitza demokratikoa arautzen duen araua urratu osteko zigorraren bidez gizartea babestea, batetik, eta pertsona horrek deliturik berriro egin ez dezan beharrezkoak diren politikak aplikatzea, bestetik, uztartzea”. Zigorrean geratzen bagara, gaineratu du, “gizartea babesteko xedeak bete daitezke, baina ez genuke bake soziala lortuko zigorra betetzen duen pertsona berriro delituak egitera ateratzen bada”.
Gaur, halaber, Bizkaiko Espetxeko zuzendari Vicenta Alonsok hitz egingo du. Zuzendariak espetxeratzeetan, bizi-araubidean, tratamendu-programa espezifikoetan, erregimen irekia eskuratzean eta hauen modalitateetan oinarrituko du bere hitzaldia. Era berean, Justizia Saileko Justizia Zuzendaritzako Espetxeen Kudeaketarako Programaren arduradun Pablo Martinez Larburuk graduak sailkatzeko eta destinoa eta espetxeen arteko lekualdatzearen inguruko prozedurari buruz hitz egingo du.
Espetxe Zuzenbidearen I. Kongresu hau espetxe-kudeaketa Euskadira transferitu zeneko hirugarren urteurrenarekin batera egiten da. Transferentzia hori baliabide materialen eta giza baliabideen kudeaketa batean gauzatu da, eta askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko prestakuntza hobearekin zigorrak beteko direla bermatzea helburu duen eredu batekin, Konstituzioak agintzen duen bezala.
Bihar bigarren jardunaldia egingo da. Bertan, Justiziako zuzendari Jose Maria Bastosek "Zigorren metaketa juridikoa: gehieneko betetze-muga aplikatzea" hitzaldia emango du. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanarekin batera hitz egingo du itxiera-ekitaldian. Bihar ere, Arabako espetxeko zuzendari Benito Aguirrek "Erregimen itxia, gertuko ikuspegia" hitzaldia emango du.
Bilbo, 2024ko irailaren 26a