Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak: "Nekazaritza, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreek enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituzte"

2024-09-26
  • Imanol Pradales Legado Bodegas Faustino proiektuaren inaugurazioan izan da gaur, Oionen. Norman Foster arkitekto ospetsuak diseinatu du eraikin berria.




Imanol Pradales lehendakaria Bodegas Faustinoren eraikin berriaren inaugurazio ekitaldian izan da gaur, Oionen. Instalazio berri hau Norman Foster ospetsuak diseinatu du. Pritzker saria (1999) eta Arteen Asturiasko Printzea saria (2009) irabaziak ditu arkitekto britainiarrak.



Lehendakariak eskerrak eman dizkio Martinez Zabala familiari Arabako Errioxarekin duen konpromisoagatik. "Eraiki duzuen proiektu hau ez baituzue edonon eraiki. Zuen herrian, zuen jaioterrian egitea erabaki duzue. Horrek Oionekin eta Arabako Errioxarekin duzuen konpromisoa erakusten du".



Ekitaldian izan dira, besteak beste, Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua; Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; eta José Manuel Villanueva, Oiongo alkatea.



Legado Bodegas Faustino proiektuan bat egiten duten lau elementuak zerrendatu ditu Imanol Pradalesek: familia, mahastiak, berrikuntza eta jasangarritasuna. “Etorkizuna eraikitzeko aukeratu dituzuen lau zutabe sendo dira. Familiatik sortu zen Bodegas Faustino, mahastiez biziko zen negozio bati hauspoa emateko. Berrikuntzak gidatu ditu bere pausuak 160 urteko historia emankorrean. Eta, orain, jasangarritasuna izan duzue ardatz azkeneko proiektu honetan”.

Lehendakariak mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreak euskal ekonomian duen garrantzia azpimarratu du. "Euskal ekonomiari egiten diozuen ekarpena ezinbestekoa da, nekazaritza, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreek enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituztelako, balio erantsi oso garrantzitsua izateaz gain".



Imanol Pradalesek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza sektore horrek betetzen duen eginkizun erabakigarriaz jabetuta dago, eta, horregatik, "legegintzaldi honetan Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila sortu dugu, guztion artean dauzkagun erronkei aurre egiteko".



Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektoreak nazioarteko merkatuan kokatzea
helburu

Nazioarteko merkatuan kokatzea da mahastizaintzako eta ardogintzako euskal sektoreak gaur egun aurrean daukan erronka nagusietako bat. Ildo horretan, Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak estrategia bat abian jarri duela. Estrategi hori harreman-esparru berriak sustatzean datza, sektorearen premiei erantzuteko asmoz. Pradalesen hitzetan, "horren adibide da Arabako Errioxako ardoa, laguntza irmoa behar duen egoeran baitago".



Horrekin batera, "lankidetza publiko-pribatutik sortutako ibilbide-orri bat proposatu dugu, egiturazko neurriak aurreikusten dituena, kalitatea, bereizketa eta gure sektorearen posizionamendu hobea sustatzeko xedez". Dagoeneko sustapen-ekintzak eta merkaturatze-ekintzak martxan daudela jakinarazi du Lehendakariak, "goraldian dauden estatuko eta nazioarteko merkatuetan fokua jarrita, hala nola, AEB, Japonia, Mexiko, Suitza edo Erresuma Batua".

Imanol Pradalesek azpimarratu du EDA zentro berriaren proiektua aipatutako estrategia hori indartzeko bidean ere badagoela. Ardoaren Campusa Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Basque Culinary Centerrekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Guardian izango du egoitza eta, 2026. urtearen amaierarako prest egotea aurreikusten da. 


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak