Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Euskadiko enpresen berrikuntza-gaitasuna aipatu du Gemma Zabaletak, haien lehiakortasuna sustatzeko bide gisa

2012.eko martxoak 15

 Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Euskadiko Elkarte Laboral Taldearen (ASLE) hirugarren Biltzarra inauguratu du gaur, erakunde horren 30. urteurrena den honetan egindako ekitaldian

Bere hitzaldian, merkatuetan haien lehiakortasuna sustatzeko enpresek duten eraldatze- eta berrikuntza-gaitasuna aipatu du sailburuak.  Horrez gain, krisitik ateratzeko modua hizpide hartuta, "ez dira beharrezkoak banketxeak berkapitalizatzeko politikak, ezta lan-merkatuaren erreforma neoliberalak ere, enpresaburuek askatasun osoz langileak kaleratu ditzaten; aitzitik, balioak indartu behar dira eta, batez ere, gizarte osoaren ahalegin bateratua", esan du sailburuak.

Zabaletak aukera berriak bilatzeko eta aldaketei beldurrik ez izateko eskatu die ASLEko kideei, eta mezu bera zabaldu die Euskadiko enpresa guztiei ere. "Enpresak krisitik indartuta atera daitezen", azpimarratu du Zabaletak, "eraldatu egin behar dira, berritu eta prestatu, ekin eta ikasi, inoiz baino indar handiagoz".

Krisiak lan-sozietateetan ere eragina izan duen arren, aberastasuna eta enplegua sortzeko duten gaitasunaren erakusgarri dira Euskadin modalitate horrek dituen 8.200 lanpostuak, horiek % 80 ASLErekin lotuta. Enpresa-gaitasun horrek etorkizunean iraun dezan beharrezkoa da gehitzea, merkatu alternatiboak bilatzea eta produktu desberdinak eskaintzea.

Lan-sozietateen sorrera lotuta dago 70eko hamarkadako petrolioaren krisiarekin, garai hartan Espainian enpresa eta lanpostu asko deuseztatu baitziren, eta sozietate anonimoen alternatiba gisa jaio ziren. Kooperatibekin batera, Gizarte Ekonomiaren forma juridikoetako bat dira, pertsonak eta gizarte-helburua kapitalaren gainetik jartzen dituen ekonomia-ereduaren barruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)