Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Osasuneko sailburuak Covid-19aren biktima guztiak gogoratu ditu eta aurrera jarraitzera bultzatu zuten elkartasuna, enpatia, apaltasuna eta talde-lana balioetsi ditu

2024-09-21
  • Alberto Martinezek Covid-19aren ondorioz Euskadin hil diren 8.000 pertsona baino gehiago gogoratu ditu

Osasuneko sailburu Alberto Martínez buru izan da Covid-19aren biktimak oroitzeko eta omentzeko bosgarren urtez jarraian Gasteizko Sempervirens parkean egin den ekitaldi instituzionalean.

Bertan, eta biktima guztien oroimenez landatutako sekuoia gaztearen aurrean, COVID-19aren ondorioz Euskadin bizia galdu zuten 8.000 pertsona baino gehiago gogoratu ditu; gertakari hori mugarri bat izan zen gure bizitzetan. "Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua naizen aldetik, ez ditut biktima horiek guztiak ahaztu nahi, eta elkartasuna adierazi nahi diet gehien sufritu zutenei, ez dugulako ahaztu nahi eta ezin dugulako ahaztu zifra horien atzean familiak eta pertsonak daudela”, adierazi du.

Osasuneko sailburuak aukera baliatu du, batetik, galdu dugunaren inguruan hausnartzeko; eta, bestetik, aurrera jarraitzera bultzatu gintuen hura balioan jartzeko, “elkartasuna, enpatia, umiltasuna eta talde-lana bezalako balioak; hori guztia kontuan hartzen dugu Euskadi hobe bat eraikitzen jarraitzeko”. Horren harira, gogorarazi du egoera ezezagun baten aurrean osasun sistemak, erakundeek eta gizarteak, oro har, bat egin behar izan genuela egoerari aurre egiteko, “izan ere, lehentasuna beti izan da eta da osasuna babestea, bereziki pertsona ahulenena”, azpimarratu du.

Bere hitzaldian, eta Alzheimerraren Mundu Eguna dela eta, Osasuneko sailburuak gaixotasun hori duten Euskadiko 30.000 pertsona inguru gogoratu ditu, eta esan du gaitz horiei heltzea lehentasuna izan dela beti, “eta Jaurlaritza gisa aurrera egiten jarraituko dugu Euskadin alzheimerra duten pertsona guztien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko”, ziurtatu du.

Osasuneko sailburuarekin batera, Osasuneko sailburuorde Enrique Peirok eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak hartu dute parte Covid-19aren biktimak oroitzeko eta omentzeko ekitaldi hunkigarri honetan.

Sempervirens parkea 

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Sekuoia parkea atondu zuten 2020an, Sempervirens parke bihurtzeko, hau da, COVID-19aren biktimak oroitzeko eta haiei elkartasuna adierazteko gune bat.

Birmoldaketan, bere monumentaltasunagatik, 1860an landatutako eta 2014an lehortutako sekuoia erraldoia mantentzea erabaki zen; eta, parke honen inaugurazioa zela eta, Sempervirens barietateko sekuoia gazte bat landatu zen, pertsona horien bizitza eta etengabeko oroitzapena irudikatzen duen sekuoia.

3 iruzkin
  • Argazkia Idoia
    2024-09-25

    Buenos días ,me parece muy bien que sé recueede a las víctimas del Covid-19 pero también acuerdense de la gente que nos hemos quedado aquí con el covid persistente,lle vamos casi 4 años enferm@s y necesitamos ayuda.!!!!!!!!!

  • Argazkia Xaver
    2024-09-25

    Prestakuntza gehiago egitea muturreko egoeretan laguntzen jakitea, ez laguntzera joateagatik, pertsona irteerarik gabeko putzura erortzea ere lagungarria izango da diziplina anitzeko talde bat elkarrekin lan egiteko irtenbidearen parte izan daitekeenean.

  • Argazkia Xaver
    2024-09-25

    Hacer más formación saber ayudar en situaciones extremas no por ir a ayudar se caiga también al pozo sin salida a la persona se dispone a ayudar cuando un equipo multidisciplinar pueda ser parte de la solución trabajo en conjunto.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maider Etxebarria, Gasteizko alkate