
Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren eta Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroaren arteko bilera instituzionala
Mikel Torres lehendakariordeak Carlos Cuerpo Ekonomiako ministroari jakinarazi dio Euskadi prest dagoela Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoetako funts gehiago kudeatzeko
- Donostian izandako bilera batean, lehendakariordeak aditzera eman dio Euskadiko industriaren deskarbonizaziorako eta berrikuntza teknologikorako proiektuak, turismoa sustatzeko programak eta lan-merkatua hobetzeko proiektuak izan daitezkeela funtsen onuradun
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua eta Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresako ministroa Donostian bildu dira gaur. Bilera horretan, lehendakariordeak jakinarazi dio Euskadi prest dagoela “Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen funts gehiago kudeatzeko”, eta funts horiek bidera daitezkeela Euskadiko industriaren deskarbonizazio eta berrikuntza teknologikorako proiektuetara, turismoa sustatzeko programetara eta lan-merkatua hobetzeko proiektuetara.
Mikel Torresek eta ministroak Euskadiko, Espainiako eta Europako egoera ekonomikoa aztertu dute. Estatistika Institutu Nazionalak aste honetan egindako berrikuspenean, indartu egin dira barne-produktu gordinaren bilakaerari buruzko datu onak (2023an % 2,7) eta 2024rako goranzko aurreikuspena egin da. Hartara, eta afiliazioaren datu onak ikusita, egiaztatu da etxe bakoitzeko errenta erabilgarria Euroguneko beste herrialde batzuetan baino gehiago hazi dela. Mikel Torresek aditzera eman duenez, interes-tasen jaitsieren azken mugimenduak eta prezioen bilakaeraren datu onak aukera ematen ari dira makro-datu on horiek gizartera zabaltzeko, eta pertsonen erosketa-ahalmenean eta pertsonentzako eta enpresentzako kreditu-baldintzen hobekuntzan nabaritzen hasteko.
Lehendakariordeak gogorarazi du legealdi honetan Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen funtsen azken fasean gaudela, eta, beraz, "ahalik eta gehien baliatu behar ditugula autonomia-erkidegoak kudeatzeko jasotako funtsak". Ildo horretan, zailtasun gehien dituzten funtsen kasuan —batez ere egikaritze-epeen ondorioz—, malgutasuna areagotzea eskatu du. Adierazi duenez, Europako Funtsen Zuzendaritzan “jarraipen- eta ebaluazio-lana egingo dugu, eta eskumena duten sailei lagunduko diegu Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko Funtsak ahalik eta gehien baliatzen".
Bestalde, adierazi duenez, Zuzendaritzak berak “funts horiek Euskadin duten inpaktu sozioekonomikoaren azterketa egingo du —bai autonomia-erkidegoak kudeatzeko funtsek dutena, bai Estatuak kudeatzekoek dutena—, eta informazio hori herritarrei eta Euskadiko sare sozioekonomikoari helaraziko die". Horrela, gizarteak funtsen azken helburuaren inguruan duen ezjakintasunari aurre egin nahi zaio —lehendakariordeak egoera horren inguruko kezka azaldu du—.
Hauek dira Euskadin, 2024ko ekainaren 30ean, funtsen betetze-mailari eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren funtsen banaketari eta egikaritzeari buruzko datuak:
Euskal Autonomia Erkidegoan, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen funtsen kopuru globalak
2.503 milioi euro esleitu dira
1.241 milioi euro esleitu dira autonomia-erkidegoak kudeatzeko
1.262 milioi euro esleitu dira Estatuak kudeatzeko
Autonomia-erkidegoak kudeatzeko funtsei erreparatzen badiegu (1.241 milioi euro): autonomia-erkidegoak kudeatzeko dagoeneko jasotako zenbatekoetatik (1.182 milioi euro), sailek % 88 esleitu dituzte jada (1.039 milioi euro), eta horietatik % 62 (775 milioi euro) egikarituta daude.
Garrantzitsua da nabarmentzea Euskadira transferitutako 1.241 milioi euroetatik Eusko Jaurlaritzak 250,2 milioi euro transferituko dituela, edo transferitu dituela, hiru lurraldeetako erakunde publikoen artean, hala nola aldundien, udalen edo mankomunitateen artean.
-
2024-09-20
Comentario de X:
Mikel Torres sailburuaren eta Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arteko bilera instituzionala.👉Lehendakariordeak ministroari jakinarazi dio Euskadi prest dagoela Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoetako funts gehiago kudeatzeko.
-
2024-09-20
Comentario de X:
Encuentro institucional entre el Consejero de Economía, Trabajo y Empleo, Mikel Torres y el Ministro de Economía Carlos Cuerpo.👉El Vicelehendakari ha trasladado al ministro la disposición de Euskadi a gestionar más Fondos Europeos MRR.





