
Melgosak salatu du sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketa “aurre egin beharreko gizarte-arazo larri eta konplexuenetako bat” dela
- Haurralde Fundazioak sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketari buruz antolatutako nazioarteko jardunaldiak
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak ozenki salatu du gaur sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketa “aurre egin beharreko arazo sozial larri eta konplexuenetako bat” dela. “Muturreko indarkeria- eta abusu-mota bat da, eta biktimen oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, gure egitura sozialetan akats sakonak daudela uzten du agerian”, esan du.
Irailaren 23an izaten den Pertsonen Salerosketaren aurkako Nazioarteko Egunaren esparruan, Melgosak azpimarratu du beharrezkoa dela “gaitz” horri aurre egitea, “emakumeen eta nesken salerosketari denok batera aurre egitea ahalbidetuko duen ikuspegi integrala” hartuta. Eta nola egin zehaztu du:
- Gizakien salerosketaren aurkako lege zorrotzak aktibatuz eta modu eraginkorrean ezar daitezen lan eginez, biktimak identifikatu eta biktimei lagundu ahal izateko, kriminal gisa tratatu ordez.
- Zaurgarritasunaren azpian dauden arrazoiei helduko dieten prestakuntza-programetan inbertsioak mantenduz.
- Oso argi utziz gizakien salerosketa arazo globala dela eta herrialdeen artean koordinatutako erantzuna eskatzen duela. Horregatik, nazioarteko lankidetza funtsezkoa da trafiko-sareak desegiteko eta biktimak babesteko.
- Biktimei laguntza eta babesa emanez, beren bizitzak berreraiki ahal izan ditzaten, arreta medikoa, psikologikoa eta legala eskainiz, bai eta gizarteratzeko programak ere.
- Eta kontzientzia eta sentsibilizazioa eraginez. “Guztion erantzukizuna da gizakien salerosketari buruz gizarteak dituen pertzepzioak behingoz aldatzeko eta giza eskubideen urraketa larri horri buruzko jendearen kontzientzia areagotzeko oinarriak jartzea. Heziketa eta sentsibilizazioa dira pertsonen trafikoari aurrea hartzeko eta aurre egiteko ditugun bi tresnarik indartsuenak”, azpimarratu du.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak nabarmendu du gizakien salerosketa ez dela soilik “delinkuentzia antolatuaren arazoa; horrez gainera, genero-desberdintasunarekin, pobreziarekin eta heziketarekin zerikusia duten gaiekin estu lotuta dagoen fenomeno konplexua ere bada. Biktimak behar handiko inguruneetako gazteak izaten dira, babes- eta justizia-zerbitzuetara iristeko oztopo handiei aurre egin behar izaten dietenak. Trafiko-sareak egoera horietaz baliatzen dira biktimak engainatzeko, koakzionatzeko eta esplotatzeko. Eta arazo horri beste zailtasun bat gehitzen zaio: biktimen ikusezintasuna. Gizakien salerosketaren sarean harrapatuta dauden emakumeez eta neskatoez ari gara, eta, gainera, estigma batekin bizi behar dute: gizarteak delitugile gisa edo bizitza hori hautatu duten pertsona gisa identifikatzen ditu, delitu larri baten biktima gisa aitortu beharrean”.
Haurralde Fundazioak, COMPI – Emakumeen partaidetzarako eta berdintasunerako elkarteen koordinatzailearekin batera, antolatutako “Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren gizarte-problematika” nazioarteko jardunaldiak hasteko ekitaldian parte hartu du gaur Melgosak Donostiako Tabakaleran.
Haurralde Fundazioa giza eskubideen eta lankidetzaren arloan diharduen erakundea da, eta emakumeen, neskatoen, haurren eta biztanleria zaurgarriaren bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten du bai garapenerako lankidetzatik hegoalde globaleko herrialdeetan, bai Euskadin gauzatutako ekintzetatik.
-
2024-09-21
Putreei buruz esaten da pertsona kalteberez baliatzen direla, eskrupulurik gabe aberastea besterik ez baitute buruan, goseak zoratzen dagoenean jendea dibertitzeko objektu gisa ikustea bezala. Kontzientziazio handia falta da, eta inolako kritikarik gabe eboluzionatu gabeko antzinako hedabideak ikusteak ez du laguntzen.
-
2024-09-21
Se dice de buitres se aprovechan de personas vulnerables sólo pensaran en su enriquecimiento sin ningún escrúpulo como que no importaran las personas acabándose viendo como un objeto de diversión cuando el hambre pueda enloquecer. Falta mucha concienciación y el visionamiento de medios antiguos no evolucionados sin crítica alguna no ayuda.