Gobernu Kontseiluak Zorrotzaurren 57 zuzkidura-etxebizitza eraikitzeko eragiketa onartu du (Gobernu Bilera 2024-09-17)
- Ekimena Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak abian jarri duen lehenengo ekintzetako bat da, UPV/EHUko Bizi Kalitatea Arkitekturan ikerketa-taldeari zuzendutako dirulaguntzarekin batera
- Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azalduko ditu bi ekimenak legebiltzar-batzordean (irailaren 19an, ostegunean, 12:00etan) egingo duen lehenengo agerraldian. Esku-hartze horretan Sailaren legegintzaldi honetarako jarduera-plana sakonduko du, eta agerraldia zuzenean jarraitu ahal izango da Irekia bidez, bai eta Eusko Legebiltzarreko 2. kanalean ere
Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren bidez, Zorrotzaurreko AD-1 lursailean, Deustuko erriberan, zuzkidura-etxebizitzen sustapen berezi bat eraiki ahal izateko eragiketa onartu du. Gazteei erabat zuzenduta dagoen sustapen honen diseinua lehiaketa anonimo bidez esleitu zen 2019an, eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi duenez, “eragileen arteko lankidetzaren garrantzia islatzen du; izan ere, Bilboko Udaleko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko eta Alokabideko arduradunek eta teknikariek eta ospe handiko arkitektoek osatutako epaimahai batek parte hartu du”.
Proiektua lizitazioa argitaratu ondoren, irailaren amaieratik urriaren hasierara bitartean, jarriko da abian, eta guztira 10,3 milioi euroko inbertsioa egingo da eta obrak 38 hilabeteko iraupena izango du. Sustapenak 35 eta 45 m² bitarteko azalera erabilgarria izango duten 57 zuzkidura-apartamentu barne hartzen ditu. Horietatik 42 bi logelakoak izango dira, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bi barne, eta 15 logela bakarrekoak. Apartamentu bakoitzak kanpoko bere gunea izango du, eta horrek bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du.
“Erabiliko den eraikuntza-sistema oso industrializatua eta jasangarria da, eta zurezko egitura integratuko du CLT (Cross Laminatel Timber) sistema berritzailearekin. Gainera, energia kontsumo nuluko eraikina (NZEB) izango da, eta teknologia fotovoltaikoa eta aerotermia izango ditu”, erantsi du Itsasok. Gainera, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna eta industrializazioa sustatzeko, Euskadik gizartearen eta ingurumenaren arloko eskaerei aurre egin ahal izateko. Era berean, estalkia begetala izango da, eta sustapen publiko batean lehenengo aldiz, estalkian hiri-baratzeak jarriko dira bertan bizi direnentzat, modu horretan bizi-eredu jasangarriagoa eta komunitarioagoa sustatuz.
Hiri-berroneratzeak auzo-bulegoen (Opengela) bidez
Bestalde, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta UPV/EHUko Arkitektura Saileko Arkitekturaren Bizi Kalitatea ikerketa-taldeak Katedra bat sortzeko akordioa lortu dute. Katedra horrek Sailaren helburu nagusietako bat lortzen lagunduko du: 2050eko Hiri Agenda hedatzea, konpromiso nagusia duena hiri-birgaitzea eta -berroneratzea sustatzea.
Ekintza-plan hori gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzak 380.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emango dio ikerketa-taldeari, Katedraren helburu estrategikoekin lotutako jarduerak eta proiektuak garatzeko. Itxasok nabarmendu duenez, ekimen horrek “gure Opengela eredua, leihatila bakar gisa aritzen diren eta auzokideei eraikinak birgaitzeko eta ingurua berroneratzeko jarduketetan laguntzen dieten auzo-bulegoen eredua, indartu nahi du”. Era berean, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa duela “ezagutza sortzearekin eta transferitzearekin, gehien behar duten eremuen eraldaketa bizkortzeko eta gure hiri eta herrietan jasangarritasuna bultzatzeko”.
Euskadi erreferentzia da Europan hiri-berroneratzearen esparruan, eta Katedra hau sortzearen bidez hartutako konpromisoarekin Euskadin gauzak ongi egiteko modu hori, jarduera ekonomikoa, ekoefizientzia eta gizarte-kohesioa hobetu dituzten hiri-berroneratzeko hainbat proiektu abian jarri diren 25 auzoetan agerian jarri dena, Europara esportatzen jarraitu nahi dugu.