Elkarlan Sariak
qrcode

Nerea Melgosak proiektu asistentzial gisa Bilboko Erruki Etxearen eginkizun “oso garrantzitsua” azpimarratu du zentroaren 250 urteurrena dela eta

2024-09-18
  • Nerea Melgosa sailburuak ospakizunean parte hartu du erakundeen beste ordezkari batzuekin batera

Bilbo, 2024/09/18

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak gaur adierazi duenez, “Erruki Etxeak eginkizun oso garrantzitsua bete du eta betetzen du gizartean, proiektu asistentzial batekin, garai eta une bakoitzeko behar sozialetara egokituz. Eta beti konpromiso eta ardura profesional eta pertsonaletik”. Horixe azpimarratu du Bilboko Erruki Etxe Santuaren 250. urteurrena ospatzeko gaur egin den ekitaldian.

1774an sortu zen Erruki Etxea hiriaren ikur bat da, bai bere kokapenagatik, Sabino Arana etorbidearen hasieran, bai 16.600 metro karratu baino gehiagoko lorategiengatik, eta, batez ere, bi mende eta erdi hauetan zaurgarritasun-arriskuan dauden pertsonei arreta emanez egin duen ekarpenagatik. Hasieran haurrak eta adinekoak artatu zituen, eta 1989. urteaz geroztik San Vicente Paulen Karitateko Ahizpek artatzen duten adinekoen egoitza bakarrik da (1880. urteaz geroztik betetzen dute eginkizun hori).

Hain zuzen ere, adinekoen arretari buruz mintzatu da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren titularra: “adinekoen eskubideen babesa oinarrizko gaietako bat da kolektibo heterogeneo horren bizi-kalitatea hobetzera bideratutako planifikazioari ekiten zaionean”.

“Pertsonen premia eta asmo desberdinak eta askotarikoak kontuan hartzen dituzten zeharkako estrategia, ekintza, programa eta arreta-zerbitzuetan ari gara lanean. Beti helburutzat hartuta pertsona guztiei aurrera egiteko eta bakoitzak nahi dituen bizi-helburuak lortu ahal izateko aukera emango dien euskal gizarte bat sortzea”, azaldu du. “Eta adinekoekin eta adinekoentzat egiten ari gara, eragile aktibo gisa. Axola zaizkizuen eta erakunde gisa eta pertsona gisa axola zaizkigun gaiak jorratuz: zaintzak, nahi ez den bakardadea, egoitza-eredu egokia edo edadismoa, adibide batzuk aipatzearren”.

Nerea Melgosa sailburuak urteurrena aprobetxatu nahi izan du Euskadiko hirugarren sektore sozialak gizarteari egiten dion ekarpenaren garrantzia aitortzeko ere. “Hirugarren sektorearen sustapena babesten dugu, eta harekin lankidetzan dihardugu eta jardungo dugu beti; izan ere, interes orokorra duten eta zerbitzu publikoa ematen duten balio handiko ekintzak eskaintzen ditu”, erantsi du.

Ekitaldian, sailburuak azpimarratu du lanean jarraitu behar dela, “guztiok batera, gure gizarte honek barneratu dezan herri batek aurrera egitea bertako herritar guztien gaitasunak sustatzeko eta probetxatzeko gai izatea ere badela, hautatzen duten bizitza duina garatzeko aukera emanez”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak