Bermeo Urdaibaik bigarrenez jaso du jabetzan Caixa Bank Koroa
- Gaurko garaipenarekin Eusko Label Ligako banderen errekorra ere eskuratu dute bermeotarrek.
Portugalete, 15 09 2024 (ACT Info)
Bermeo Urdaibaik bigarrenez jasoko du jabetzan CaixaBank Koroa. Horretarako hiru aldiz jarraian edo bost aldiz alternoki irabazi behar da Eusko Label Liga, eta aurtengo denboraldian, bermeotarrek, bi baldintzak bete dituzte. Gaurko gariapenarekin gainera, Eusko Label Ligako banderen errekorra ere eskuratu dute, inork ez baititu orain arte 14 bandera erdietsi.
Portugaleteko lanak osatzeko 19:39,60ko denbora behar izan dute Gorka Aranberrik gidatutako mutilek eta lehen postuan amaitu dute. Oriori, bigarren sailkatuari 9 segundoko errenta atera diete garaileek, eta Hondarribiari eta Donostiarrari, hirugarren eta laugarren sailkatuei, 13 eta 15 segundoko aldea.
2024ko Eusko Label Liga 227 punturekin amaitu du Urdaibaik; Zierbena izan da bigarren 193rekin, Donostiarrak 188 eskuratu ditu, eta Oriok berriz, 175
San Juan eta Ares igo dira Eusko Label Ligara
Gaurko jardunaldian ere galiziarrak eta pasaitarrak izan dira azkarrenak eta 2025. urtean lehen mailan aritzeko txartela erdietsi dute.
San Juan eta Ares igo dira Eusko Label Ligara, gaur Portugaleten lehen bi postuetan amaitu ostean. San juan izan da traineru guztietan azkarrena, 19:41.42ko denboran gelditu dute kronoa eta Ares heldu da bigarren, 8 segunduko atzerapenarekin. Atzoko eta gaurko jardunaldiak kontuan izanda, bi traineru horiek 9 punturekin amaitu dute playoffa eta datorren urtean haiek arituko dira lehen mailan.
Portugaleteko uretan, Itsasoko Amak garaileek baino 17 segundo gehiago behar izan dituzte estropada amaitzeko; San Pedro 20 segundu geroago ailegatu da; eta Chapela, berriz, 37 segundoko atzerapenarekin. Gauzak hala, santurtziarrek 6 punturekin amaitu dute play offa; San Pedrok 4rekin; eta Chapelak, ordea, 2rekin.
Astillero eta Zumaia arituko dira Euskotren Ligan datorren denboraldian
Astillero eta Zumaia arituko dira Euskotren Ligan datorren denboraldian. Gaur jokatu da Portugaleten play offaren bigarren jardunaldia: Astillero izan da guztietan azkarrena eta Zumaiak lortu du bigarren postua. Kantabriarrek 10:42.60ko denboran amaitu dute estropada eta Zumaiak, berriz, bi segundu gehiago behar izan ditu. 8 puntu eta 6 eskuratu dituzte, hurrenez hurren, bi jardunaldiaetan, eta hala haiek arituko dira datorren urtean arrauneko gorengo mailan.
Hirugarren eta laugarren postuan Chapelak eta Cabok amaitu dute gaur. Traineru irabazleak baino 4 eta 20 segundo gehiago behar izan dituzte, eta 4 eta 2 punturekin amaitu dute playoffa.