Azaroak 25 kanpaina
qrcode

Eider Rodriguez Martinek bere fikziozko lehen eleberria idatziko du Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak Euskarazko Literatura Sorkuntzarako ematen duten Xabier Lete bekari esker

2024-09-13

Eider Rodriguez Martin idazlea hautatu du Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekako adituen batzordeak, Istripu baten kronologia izenburuko proiektuagatik. Adierazitako beka Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak ematen dute, eta lehen edizioa du aurtengoa. Bekaren helburua da euskarazko literatura-proiektu bat sortzeko urtebeteko erabateko dedikazioa erraztea, 70.000 euroko laguntza ekonomikoaren bidez.

Adituen batzordearen aktak azpimarratzen duenez, “istripu baten testu kronologikoak unibertsitateko irakasle bat du protagonista. Tramak gertakari pertsonalak eta kolektiboak, gatazka pertsonalak eta sozialak uztartzen ditu. Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identitatea direla. Gure gizartean urratuta eta konpondu gabe geratu diren eta arrakalak utzi dituzten gaiak agertzen dira. Narratiba errealista baten bitartez, erakutsi egiten da kontatu ordez. Kontakizunaren indar iradokitzailea nabarmena da, eta, horregatik, deskribapenek balio metaforiko handia hartzen dute eta elkarrizketek pertsonaien izaera islatzen dute. Pertsonaia nagusiaz gain agertzen diren pertsonaien multzoa konplexua da, eta idazleak pertsonaien psikologian sakonduko duela suma daiteke. Azkenik, estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurbiltzen dena".

Rodriguez Martinek bere fikziozko lehen eleberriari ekiteko erabili nahi du Xabier Lete Beka. “Agian hori da proiektuaren gauzarik berriena niretzat, orain arte ipuinak idatzi izan baititut beti, eta fikziozkoa ez den eleberri bat. Bestela, aurreko lanen antzekoa izango da eta hizkuntza laua erabiliko dut”. Dena dela, gaineratu du sinbolo batzuk erabiltzeko ideiak erakartzen duela, "hala nola glaziar baten figura, elementu estatikoa, isila, baina urtzen denean burrunba eragiten duena; eta zu ezin zara urrundu, ezin diozu utzi nola erortzen den begiratzeari". Irudi horrek unibertsitateko emakume irakasle baten istorioa kontatzen lagunduko dio. Irakasleak bizitza egonkorra du itxuraz, baina uko egin die bere ametsei, lasaitasun ekonomikoaren truke. Trafiko-istripu batek bizitza hondatuko dio. 

Eta hori guztia ETAren amaieraren ondorengo Euskadiko testuinguruan: “egia interesatzen zait gai nagusi gisa, baina baita trauma, indarkeria, mina, leialtasuna eta leinua (euskal identitatearen zentzuan) ere. Izan ere, egoera aldatu egin da, baina alderdi ugariri buruz hitz egin beharra dago oraindik.

Egilea

Eider Rodriguez Martinek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) publizitate- eta zinema-ikasketak egin zituen, eta kazetaritzaren eta literaturaren esparruan garatu du bere jarduera. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea da.

  1. urtean, Euskadi Literatura Saria jaso zuen euskarazko literaturaren sailean, Bihotz handiegia obragatik. Kazetari gisa, hainbat hedabidetan kolaboratu du, eta edizio- eta gidoi-lanak ere egin ditu.

Hainbat genero landu ditu bere literatura-obran: nagusiki ipuina (Eta handik gutxira gaur; Haragia; Katu jendea; Bihotz handiegia), baina baita saiakera, genero epistolarra, haur-literatura eta komikia ere. Haren obra gaztelaniara, italierara, alemanera, nederlanderara eta frantsesera itzuli da.

Adituen txostena Koro Navarro Etxeberria itzultzaileak zuzendu du, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasle Alex Gurrutxaga Muxika aritu da idazkari-lanetan. Batzordekideak honako hauek izan dira:  Lourdes Otaegi Imaz, Euskal Filologiako doktorea eta Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikasketetako irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean; Jon Kortazar Uriarte, Euskal Filologiako doktorea eta Euskal Literaturako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean, idazlea eta literatura-kritikaria; eta Aritz Galarraga Lopetegi, Literaturako doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) eta Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatean (UPPA), editorea, idazlea eta literatura-kritikaria.

Xabier Lete Beka bi erakundeek sormen-talentua babesteko hartu duten konpromisoarekin lotuta dago. Halaber, Euskadirekiko eta bertako hizkuntzarekiko konpromisoaren isla da. Globalizazioa gora egiten ari den testuinguruan eremu urriko hizkuntza bateko kultura-sorkuntzak eta kultura-produkzioak dituzten zailtasunak ezagututa, Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak euskarazko literatura-sorkuntzara baino bideratuta ez dagoen beka hori abiarazi dute, euskal literaturak bizi duen gero eta aniztasun eta kalitate handiagoaren dinamikari beste ekarpen bat egiteko.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @crocotros
    2024-09-13

    Comentario de X:
    SETENTA MIL EUROS (70.000 €) durante 1 año para una señora porque quiere escribir una novela. Así claro que líderes en "gasto social".

    https://t.co/GUDJ0934ne

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan