Elkarlan Sariak
qrcode

Nerea Melgosak Zaporeak elkartearen aitorpena jaso du proiektu solidarioaren aldeko Koxk! jaiaren zazpigarren edizioan

2024-09-13

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak Zaporeak proiektuaren aitorpena jaso du gaur Donostian, proiektuaren alde egiteagatik. Europatik iristen diren pertsonei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko Zaporeak elkarteak Eusko Jaurlaritzaren eta Nerea Melgosaren beraren inplikazioa eskertu nahi izan ditu modu horretan. Zaporeak elkarteak sailburuari ez ezik beste pertsona eta enpresa batzuei ere helarazi die esker ona, besteak beste Martín Berasateguiri eta Gallina Blancari. Ekitaldi xume bat izan da, eta goiz osoan zehar Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan Zaporeak proiektuaren alde egin den “Koxk! Egin koxk elkartasunari” jaiaren zazpigarren edizioaren esparruan egin da.

Koxk! izeneko jai gastronomiko eta solidarioak Zaporeak proiektuaren alde dirua biltzeko balio izan du, bai eta erakundeak gaur egun Lesbosen egiten duen lana erakusteko ere, argazki-bilduma bat jarri baita ikusgai. Orain dela urtebete eskas, sailburuak berak, Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak lagunduta, hiru egunez bisitatu zituen euskal erakundeak Grezian dituen sukaldeak.

Jai-giroan, eta musika-saioez lagunduta, 50 postuk baino gehiagok apaindu dute gaur Bernart Etxepare plaza, tabernek, jatetxeek eta elikagai-enpresek dohainik emandako pintxoak eta produktuak dastatzeko, jai giroan dirua biltzeko egin festaren barruan. Milaka pintxo egon dira salgai jendearen gozamenerako.  

Pintxo-dastaketaz gain, Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia ere jokatu da, Idiazabal Gazta JDrekin batera antolatuta.  

Koxk! jaiaren helburu nagusia funtsak biltzea da Zaporeak proiektuak errefuxiatuei laguntzen jarraitu ahal izan dezan. Zaporeak proiektuak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta egunero 3.000 errazio inguru prestatzen ditu janari duina eta elikagarria eskaintzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak