Torres Lehendakariordea CONFEBASK eta KONFEKOOPen arteko akordioaren sinaketan buru izan da, euskal kooperatibismoa Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartu ahal izateko
Mikel Torres Lehendakariordea Confebask eta Konfekoopen arteko akordioaren sinaduran buru izan da. Enpleguaren Euskal Legeari esker gauzatu da akordio hau, eta kooperatiba-mugimenduaren hamarkadetako aldarrikapenen ondoren iritsi da.
Gaur, akordio historikoa sinatu dute Confebaskek (Euskadiko enpresa-erakunderik adierazgarriena) eta Konfekoopek (euskal kooperatibismoa biltzen duen entitatea), eta horri esker, Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartzeko aukera izango du kooperatibismoak.
Kooperatiba-mugimenduak hamarkadetan aldarrikatutako lorpena da; izan ere, Lanbidek bultzatutako enplegu-politika aktiboetan eragina izatea du helburu nagusietako bat Konfekoopek. Aurrerantzean, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko administrazio-kontseiluan egongo denez, kooperatiba-erakundeak parte hartu ahal izango du lanarekin, enplegurako prestakuntzarekin eta laneratzearekin lotutako politikak sortu eta onartzean, eta, horrela, ikuspegi inklusiboago eta anitzagoa eskainiko da erabakiak hartzeko orduan.
Aurrerapen hau egungo Enpleguaren Euskal Legea onartu ondoren bultzatu da. Lege horren 94. artikuluak dio Lanbideko administrazio-kontseiluak “Euskadiko sektore arteko erakunde sindikal eta enpresarialen hiruko parte-hartze paritarioa bermatuko duela”. Eta jarraitzen du esanez “erakunde sindikalen, Euskadin ordezkaritza handiena duten sektore arteko enpresa-erakundeen eta euskal kooperatibismo osoaren ordezkaritza bere gain hartzen duen erakundearen artean lankidetza-akordioak egitea sustatuko da, administrazio-kontseiluan parte har dezaten”. Beraz, legeria honek irtenbide juridiko bat ahalbidetzen du organo horretan kooperatiba-mugimenduari lekua egiteko, indarrean dagoen araudia errespetatuz eta inplikatutako aldeen arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatuz.
Nabarmen handiko erabakia da Lanbideko Administrazio Kontseiluko Confebaskek duen ordezkaritzan Konfekoop sartzea. Izan ere, enpresa mota desberdinak integratzeak zabaldu eta aniztu egiten ditu ikuspuntuak.
Hala, aurrerapauso honek aitortu egiten du ekonomia sozialaren garrantzia Euskadin (euskal BPGren %10 sortzen du) eta, era berean, azpimarratzen du kooperatiba-mugimenduaren zeregina giltzarria dela erkidegoan kalitatezko enplegua sortzeko.