Elkarlan Sariak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du

2024-09-13
  • Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendari Jagoba Álvarezek: “Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programak Espainian du pisurik handiena, aldearekin”

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Giza Eskubideen eta Biktimen Zuzendaritzaren bitartez, iragarri du Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programarako hautagaitzak aurkezteko epea irekiko duela. Datorren astelehenetik aurrera, irailaren 16tik urriaren 16ra, euskal erakunde, elkarte eta GKEek euren hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte.

Zehar-Errefuxiatuekin lankidetzan kudeatzen da programa, eta eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren laguntza du. Programaren helburua da Euskadin hiru pertsona hartzea sei hilabetez, giza eskubideen defentsan egiten duten lanagatik mehatxuak eta jazarpena edo beren bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa, baita haien familiena ere, arriskuan jartzen duten egoerak bizi dituztenak.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendari Jagoba Álvarezek programaren balioa nabarmendu du. Izan ere, 13 urteko jardunaren ondoren, “erreferente” gisa finkatu da, eta bere “berezitasunagatik” nabarmentzen da, eragile politiko eta sozialen gehiengoak babesten duelako, babes ekonomiko handia izateaz gain. Ezaugarri horiek direla eta, “giza eskubideen defendatzaileak babesteko euskal programak erreferentea da Espainian, aldearekin”.

“Programa honekin dugun konpromisoaren beste berezitasunetako bat da egonaldia amaitu ondoren, harrerako pertsonaren jatorrizko lekura egiten dugun bisita. Ekintza honek babes-aterki bat zabaldu nahi du, beren lan ausartarekin edozein herrialdetan demokrazia indartzeko funtsezko zutabe bihurtzen direnen inguruan”, azaldu du, ziurtatu ondoren giza eskubideen defendatzaileen lana “ezinbestekoa” dela oinarrizko eskubideak sustatzean, aurrera eramatean eta babestean, batez ere desberdintasunaren, diskriminazioaren, bazterkeriaren edo pobreziaren ondorioz kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen alde egiten dutenean. “Haien lana ezinbestekoa da, eta Eusko Jaurlaritzak tinko babestuko ditu giza eskubideen defentsaren alde bizia arriskatzen dutenak”.

Parte hartu nahi duten erakundeek webgunean eskuragarri dauden formularioen bidez bidali ahal izango dituzte hautagaitzak

Giza eskubideen defendatzaileak - Bakea eta Bizikidetza - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Bete ondoren, dokumentuak Zehar Errefuxiatuekin erakundera bidali beharko dira, helbide elektroniko honetara: programa.proteccion@zehar.eus.

Aurkezteko epea amaitu ondoren, Giza Eskubideen eta Biktimen Zuzendaritzak Aholku Batzordea deituko du, giza eskubideetan adituak diren erakunde eta entitateez osatua, hautagaitzak ebaluatzeko eta sei hilabetez Euskadin hartuko diren hiru pertsonak hautatzeko, arrisku- eta genero-irizpideak lehenetsita. Hautagaien artean, lehentasuna izango dute emakumeek, LGTBIQ+ pertsonek eta lurraren, lurraldearen eta ondasun komunen defentsan lan egiten dutenek, nekazariak, indigenak eta afrikar ondorengoak barne.

Aldi berean, harrera-sare bat ezarriko da, prozesua hautatutako pertsonen jatorrizko erakundeekin koordinatuko duena. Izan ere, programaren helburua ez da soilik aldi baterako harrera-prozesua egitea, laguntza psikosozial batekin. Horrez gain, agenda politiko bat antolatzen da instituzioen eta gizarte-erakundeen arteko harremanetarako, baita haien egoera salatzeko eta ikusarazteko ekitaldi publikoetarako ere.

Gainera, ondoren, Euskadik giza eskubideen defendatzaileak babesteko duen konpromisoaren erakusgarri, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek, Legebiltzarreko eta euskal gizarte zibileko ordezkariekin batera, bisita bat egingo du hartutako pertsonen jatorrizko lekuetara, Euskal Autonomia Erkidegoak haien lanari ematen dion babesa ikusarazteko eta indartzeko.

Programa hori 2011n jarri zen abian, eta funtsezko elkartasun-tresna izan da giza eskubideen defentsan beren jatorrizko herrialdeetan arrisku eta jazarpen larriei aurre egiten dieten pertsonak babesteko eta laguntzeko. Hamahiru urte hauetan 39 pertsona hartu dira, horietatik 25 emakumeak (22 heldu eta 3 adingabe) eta 14 gizonak (11 heldu eta 3 adingabe). Gehienak Hego Amerikakoak eta Erdialdeko Amerikakoak ziren: Kolonbiakoak, 24; Guatemalakoak, 5; Honduraskoak, 4; Salvadorrekoak, 3; Perukoa, 1; Nikaraguakoa, 1 eta Saharakoa 1.

 

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 13a

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Jagospierre
    2024-09-16

    Comentario de X:
    En colaboración con @zehar_e, el apoyo de @eLankidetza, se abre el plazo de candidaturas para el Programa Vasco de Protección para Defensoras y Defensores de DDHH. Hasta el 16 de octubre, organizaciones y asociaciones vascas, pueden presentar candidaturas.
    https://t.co/JBUtYbwtFO

  • Argazkia SN Robot
    @JustiziayDDHH
    2024-09-13

    Comentario de X:
    🎯 Programaren helburua sei hilabetez Euskadin hiru pertsona hartzea da, giza eskubideen defentsan egiten duten lana dela eta, mehatxuak, jazarpena edo arrisku egoerak jasaten dituztenak.

    🗞️ Albiste osoa hurrengo estekan: https://t.co/ZPw2hSFGvb

  • Argazkia SN Robot
    @JustiziayDDHH
    2024-09-13

    Comentario de X:
    🎯 El programa tiene como objetivo acoger durante seis meses, en Euskadi, a tres personas que, debido a su labor en defensa de los derechos humanos, sufren amenazas, persecución o situaciones de riesgo.

    🗞️ Noticia completa en el siguiente enlace: https://t.co/ArP5pTs9OS https://t.co/3Gezh2ob1s

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan