Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak nabarmendu duenez, "herrialde baten aurrerapena une historiko bakoitzean galdera zuzenak egiteko gaitasun kolektiboaren araberakoa da, eta uneak ongizatearen Euskadi berria eraikitzea eskatzen du"

2024-09-12
  • Imanol Pradalesek hasiera eman dio UPV/EHUren 2024-2025 ikasturteari, ezagutzak eta ikerketak gizartean aurrera egiteko duten garrantzian oinarritutako diskurtsoarekin
  • Era berean, ziurtatu duenez, "Europaren abangoardian egongo bagara, erabakitasunez heldu beharko diogu anbizio handiko politika zientifiko eta Unibertsitarioari"

Imanol Pradales Lehendakariak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérezekin batera, UPV/EHUren 2024-2025 ikasturteari hasiera eman dio gaur goizean Bizkaiko Campusean egin den ekitaldi batean.

Pradalesek azpimarratu du unibertsitate-sistemak ospea ematen diola herrialde bati, eta, horregatik, kritikoki baieztatu duenez, "Europaren abangoardian egongo bagara, erabakitasunez heldu beharko diogu anbizio handiko politika zientifiko eta Unibertsitarioari. Horretan ari gara".

"Euskadi, bere tamainan, munduko erreferenteen artean kokatu nahi dugu, baldintzarik onenak izan ditzakegun arloetan eta gure herrirako estrategikoak diren eremuetan. Horretarako aukerak eta baliabideak ditugu ", azpimarratu du Lehendakariak.

Ezagutza izan da Imanol Pradalesen hitzaldiaren ardatz nagusia. Pradalesek nabarmendu duenez, ezagutzak "tresnak ematen dizkigu objektiboagoak eta independenteagoak izateko", eta, azpimarratu duenez, irakasleek eta ikerketa-arloko eragileek funtsezko zeregina dute, "sortu eta transmititu egiten baitute, ezagutza eskuratu eta eskaintzen baitute".

Ezagutza, populismoei aurre egiteko tresna

Ildo horretan, gaineratu du eragile horiek "xumeak eta sendoak" direla, eta ezagutza hori lortzeko "etengabeko jakin-minak eta zalantzak" bultzatuta daudela.

Ziurtatu duenez, ezagutza hori egoera sozialera eraman daiteke, populismoei eta demagogiari aurre egiteko bide gisa. "Herrialde baten aurrerapena une historiko bakoitzean galdera zuzenak egiteko gaitasun kolektiboaren araberakoa da, eta momentuak ongizatearen Euskadi berria eraikitzea eskatzen du", adierazi du Pradalesek.

Helburu hori lortzeko, Lehendakariak balioan jarri du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailaren garrantzia, eta ospea eman nahi izan dio unibertsitateko irakasleek jokatzen duten paperari. Ekitaldian zeuden irakasleei zuzenduta adierazi dienez, "euskal gizarteak zuen beharra du ezagutza gure gizarteari helarazteko".

Eta ezagutza eskuratzeko prozesu hori "entseatzeko, saiatzeko eta huts egiteko askatasun osoz" egin behar dela nabarmendu du, aurrera egiteko eta bikaintasuna lortzeko modu gisa. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren babesa izan dezaketela ziurtatu du. "Autoexijentziarik, konbikziorik eta pasiorik handienarekin, gure betebeharra da zuen lanak fruiturik onenak eman ditzan beharrezkoak diren baldintzak sortzea", partekatu du Imanol Pradalesek.

Era berean, gaur egun ikerketan inbertitzea datozen belaunaldien oparotasunean inbertitzea dela baieztatu ostean, Lehendakariak ziurtatu du "egunero eraiki behar dugula gure unibertsitate-sistema", eta, horretarako, amaitu duenez, "beharrezkoa da irakasleak, ikertzaileak, langileak, ikasleak eta gizartea gure bidelagun izatea. Egin dezagun mundu guztia ezagutzaren partaide ".

2 iruzkin
  •  erabiltzaile
  • Argazkia Xaver
    2024-09-14

    Concienciando más participación ciudadana vida pública atendiendo obligaciones y colaboración en materia preventiva en lugar de reactiva para después lamentar.

  • Argazkia Xaver
    2024-09-14

    Herritarren parte-hartze handiagoa kontzientziatuz bizitza publikoan, prebentzioaren arloko betebeharrei eta lankidetzari erantzunez, erreaktiboa izan beharrean, ondoren deitoratu ahal izateko.

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak