Nola zaindu diabetesa
Berriak Segurtasuna
qrcode

Segurtasun sailak 65 urtetik gorakoentzako Bide Segurtasunaren arloko sentsibilizazioaren aldeko apustua egin du

2024-09-12
  • Helburua harrapatzeak eta kolektibo zaurgarri horretan ohikoak diren beste istripu batzuk saihestea da
  • 2023an eta 2022an Euskadin ibilgailu batek harrapatuta hil ziren pertsonen erdiek 65 urte baino gehiago zituzten

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak Bide Segurtasunaren esparruko “El riesgo está donde menos te lo esperas. Anda con cien ojos / Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu” sentsibilizazio-programan parte hartu dute gaur goizean. 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen ibiltari honen helburua euren burua babesteko eta trafiko-istripuak prebenitzeko tresnak ematea da.    

Zupiriak adierazi duenez: “Adinean aurrera egin ahala gaitasunak galtzen joaten gara, eta horrek eragina izan dezake mugikortasunean. Hori dela eta, 65 urtetik gorako pertsonak Eusko Jaurlaritzak bereziki babesten dituen bide-segurtasunaren esparruko kolektibo kalteberetako bat dira. Euskadin adin horretatik gorako 516.000 pertsona daude, herritarren % 23,5. Horiei zuzenduta dago, harrapatzeak eta beste era bateko istripuak prebenitzeko, haien autonomia sustatzearen aldeko apustua egiten duen programa hau”.

2024an, urtea hasi zenetik, Euskadin trafiko-istripuan hil diren 28 pertsonetatik 5 adin horretatik gorakoak ziren: % 18. 2023 osoan, zifra hori % 20ra iritsi zen.

Era berean, berez zaurgarria den oinezkoen kolektiboaren barruan, adineko pertsonak dira ibilgailu batek harrapatzeko arrisku handiena dutenak.  Horrela, azken urteetan (2023 eta 2022), harrapatzeen ondorioz hildako pertsonen % 50ek 65 urte baino gehiago zituzten; 2019an, pandemia aurrekoa izateagatik azken urte homologagarria izanik, ehuneko hori % 61ekoa izan zen, eta 2018an hildako guztien % 71 izan ziren.  

Segurtasuneko sailburuaren esanetan: “Eusko Jaurlaritzak aktiboki lan egiten du zifra horiek jaisteko, sentsibilizazioaren aldeko apustua eginez, Zero Biktima izateko helburuarekin, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoan eta Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean hartutako konpromisoari erantzunez”.

“Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu”

Gaur Santurtzira iritsi den sentsibilizazio-kanpaina jolas-programa hezitzailea da, eta iaztik Euskadiko 15 herritara iritsi da. Udalerri bakoitzean egiten dira egun osoan zehar gauzatzen den kaleko ekintza bat eta arratsaldeko saio gehigarri bat, adinekoentzako udal-zentro batean egiten dena. Gaurko kasuan, kaleko ekintza Santurtziko parkean egiten ari dira, eta, arratsaldean, programarekin Casa Torre Jauregian jarraituko da 16:30etik 19:30era.  

Kalean kokatutako coffe truck batean, parte-hartzaileek bide-segurtasunaren inguruko jokoak egin ahal izango dituzte. Arriskuak identifikatzen eta prebentzioa indartzeko premiaz jabetzen lagunduko dieten jokoak izango dira: autotestak tabletatan, multimedia-jarduerak pantaila interaktiboetan, bide-segurtasunaren gaira egokitutako herri-jolasak, denbora-pasak, eta abar.

Arratsaldeko saioetan adinekoen mugikortasun segururako jardunbide egokien dekalogo bat landuko duten taldeak osatzen dira. Agiri hori, herri bakoitzean ezberdina izango dena, zentroan ikusgai jarriko da, hartutako konpromisoa gogoan izateko eta jardunbide horiek eguneroko bizitzan jarraitzeko. Saio bakoitzari Sergio Arrospide umoristaren monologoak emango dio amaiera, eta honek bide-segurtasunari buruzko mezuak umorez sartuko ditu monologoan, trafiko-istripuei aurrea hartzearen garrantzia nabarmentzeko.

Datozen saioak

Santurtzitik igaro ondoren, “Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu” programak honako herri eta hiri hauek bisitatuko ditu:

  • Balmaseda (irailaren 18an)
  • Donostia (irailaren 20an)
  • Getxo (irailaren 23an)
  • Beasain (irailaren 25ean)
  • Kanpezu (irailaren 30ean).
  • Durango (urriaren 3an).

Iaz abian jarri zenetik, 3.200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekimen honetan.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak