Susana García Chuecak garraio publiko integratu, unibertsal eta eskuragarriaren aldeko apustua egin du, “gure herrialdearen egituratze ekonomiko eta sozialaren funtsezko tresna gisa”
- Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak legegintzaldiko ardatz estrategikoak aurkeztu ditu, eta horien artean nabarmendu du garraio publikoaren etorkizuneko tarifa-sistema bateratu bat sustatzea eta, helburu hori lortzeko bidean, Euskadi osoan 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna proposatzea 2025erako
- Topoa metropoli-trenbide bihurtzeko eta maiztasunak murrizteko funtsezko obrak amaituko ditu Gipuzkoak
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Metroaren 5. linea egikaritzen ari da dagoeneko, eta Hegoaldeko Tren Saihesbidearen obrak hasiko ditu; azpiegitura horrek Bilboko eta Ezkerraldeko udalerrietako salgaiak aterako ditu
- Renferen aldirien transferentziari esker, Eusko Jaurlaritzak Arabako herrien arteko lotura indartuko du, zerbitzu berriak ezarrita eta Altsasu eta Miranda Ebroren arteko egungoak luzatuta
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak agerraldia egin du astelehen honetan, Eusko Legebiltzarrean garraioarekin lotutako gaiak jorratuko dituen batzordean. Eusko Legebiltzarrean egin duen lehen hitzaldian, sailburuak XIII. legegintzaldian bere sailak landuko dituen ardatz estrategikoak azaldu ditu. Ardatz horiek oinarri dute klima-aldaketaren aurkako borrokari ekitea, garraio publikoa gehiago erabiliz, bi lan-ildo hauen bidez: batetik, Autonomia Erkidego osoan tarifa-eredu bateratu bat sortzea, progresibitatearen eta justizia sozialaren ildotik, eta, bestetik, trenbide- eta tranbia-garraioko azpiegiturak hobetzea eta zabaltzea, autoak eta kamioiak errepideetatik ateratzeko.
García Chuecak adierazi duenez, “errepideko garraioa arazo bat da klima-aldaketaren aurkako borrokan”, berotegi efektuko gasen % 36ren eragilea delako, eta honako hau nabarmendu du: “garraio publiko integratu, unibertsal, eskuragarri eta eraginkor baten alde egiten dut, herritarren artean aukera-berdintasuna sortzen duelako, parekatu egiten gaituelako”. “Gure herrialdearen egituratze ekonomiko eta sozialean funtsezko tresna izan dadin nahi dugu”, esan du.
Hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzaren helburua da, sailburuak azpimarratu duenez, tarifen eta deskontuen eredu bateratu bat “behin betiko sustatzea”, betiere probintzien arteko berezitasunerako lekua utzita, baina garraio publikoa erabiltzearen ondoriozko deskontuetan oinarrituta eta pertsonen maila sozioekonomikoen arabera, arreta berezia jarriz kolektibo jakin batzuetan, hala nola 26 urtetik beherako gazteetan, familia ugarietan, desgaitasuna duten pertsonetan edo langabeetan. Erabileraren bidez, garraioaren doakotasunera ere iristea planteatzen du ereduak. “Prozesu konplexu, luze eta garestia da, estrategikoki eta teknikoki”, bai garraio-operadoreen aniztasunagatik, bai ereduari buruzko akordioa lortu ondoren beharko dituen garapen teknologikoengatik. Une honetan Eusko Jaurlaritzak prozesu horren oinarriak ezarrita ditu, eta orain toki- eta foru-administrazioen esku dago, eredua bere gain hartzeko edo hobekuntzak proposatzeko.
Era berean, García Chuecak azaldu du eredu horretara iristeko urratsak egiten jarraituko dela, bi ekintzaren bidez. Alde batetik, garraio-txartelen bateragarritasuna dago: “Bat, Barik eta Mugi guztiz elkarreragingarriak izango dira datorren urtean zehar”. Bestalde, sailburuak iragarri du Euskadiko Garraio Agintaritzaren hurrengo osoko bilkuran 12 urtetik beherako pertsonen bidaiak doakoak izatea proposatuko diela Autonomia Erkidegoko garraio publikoko operadore guztiei.
Sailburuak azaldu duenez, Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorial berri bat prestatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan azpiegitura horiek antolatzeko. Plan berriak ehun bat ekintza jasotzen ditu, “azpiegitura berri bakoitza lurraldearen antolamendurako politika global baten barruan kokatzeko”.
Gauzatzen ari diren obrei dagokienez, sailburuak abiadura handiko trenaren eraikuntzan egindako aurrerapenak goraipatu ditu —Eusko Jaurlaritzari agindutako Gipuzkoako adarreko plataformaren obrak amaituta daude, Atotxako geltokia eta Astigarragako etorkizuneko aldiriko geltokiarekiko lotunea izan ezik—, eta adierazi du apustua dela “obretan urratsak zuzenean egiten jarraitzea, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta”. Horrela, Abandoko geltokira sartzeko 6 kilometroko tunela eraikitzeko proiektua idazten ari dira dagoeneko, eta laster sinatuko dute kudeaketa-mandatua Espainiako Gobernuarekin, Arkautiko lotunean, Araban, gauza bera egiteko.
Araba
Sailburuak azaldu duenez, Renfek operatzen dituen aldirien transferentziak zerbitzu gehigarriak sortzeko aukera ematen du. Zerbitzu horiek tren-operadorearekin eta alboko autonomia-erkidegoekin (Nafarroarekin eta Gaztela eta Leónekin) adostu dira, Altsasu eta Miranda Ebro udalerri mugakideetan amai daitezen. Goizeko lehen orduko, eguerdiko eta arratsaldeko azken orduko ordu-tarteak indartu egingo dira zerbitzu berriekin edo dagoeneko aktibo dauden baina Gasteizen amaitzen diren beste batzuen luzapenarekin, trenbidea igarotzen den Arabako herriak hobeto lotzea helburu hartuta. Bi zerbitzu gehituko dira Miranda Ebrotik Altsasura, eta bat kontrako noranzkoan, astelehenetik igandera; gainera, lau zerbitzu luzatuko dira noranzko bakoitzean. Halaber, igandeetan hiru zerbitzu gehituko dira. Horrek guztiak urteko lau milioi euroko inbertsioa ekarriko du, eta 2025eko lehen hilabeteetan aktibatuko da.
García Chuecak nabarmendu du Vitoria-Gasteizen informazio-azterketa amaitu dela eta eraikuntza-proiektua idatzi dela. Ondoren, tranbiatik Zabalganarako sei kilometroko luzapenaren obrak hasi dira, baita Betoñuko kotxetegi berriak eta ingurune horretako garapen berrien analisia ere.
Bizkaia
Sailburuak adierazi du Bilboko Metroaren 5. linearen obrak, Etxebarriren eta Usansolo Ospitalearen arteko 6,3 kilometroko trazadurarekin, lau faseetatik hirutan aurrera doazela, eta aurreratu du Loiu aireporturako trenbide-lotura aztertuko dela. Era berean, bultzatu egingo du Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiarekin Bilboko Metroaren 4. linearen inguruan adostuko den proiektua.
Bizkaiko aldiriei dagokienez, sailburuak adierazi du ADIFek linearen elektrifikazio-lanak amaitu bezain laster, 2025ean, anezka bat ezarriko dela Karrantza Harana eta Aranguren artean. Anezka hori joaneko bost trenen eta itzuliko bosten bidez indartuko da egunero, eta horiek gaur egun zirkulatzen ari diren distantzia ertaineko trenei gehituko zaizkie. Jaiegunetan ere beste bi gehituko dira. Indartzeko neurriek 1,7 milioi euroko kostua izango dute urtean.
Era berean, Legebiltzarrean aurreratu du aste honetan bertan esleituko dela tranbia Bilbotik Zorrotzaurrera luzatzeko eraikuntza-proiektua, eta azaldu du geltoki berri bat eta hiri-igogailu bat eraikiko direla Atxuri eta Bolueta artean, Larreagaburu inguruari zerbitzua emateko.
Nabarmendu du amaituko direla Bizkaian Hegoaldeko Tren Saihesbidearen Olabeagarainoko lehen faseko eraikuntza-proiektuak, eta obrei hasiera emango zaiela, eta Euskal Trenbide Sareak Arrigorriagarainoko bigarren faseko eraikuntza-proiektua idatziko duela. Horri esker, Miranda-Arrigorriaga lineatik salgaien trenak kendu ahal izango dira, eta horrek aldiriko zerbitzuak hobetzeko lekua utziko du.
Gipuzkoa
Garraioen arduradunak txalotu egin du datozen lau urteetan Gipuzkoako trenbideari emango zaion “behin betiko bultzada”. Donostialdeko lurpeko pasabideak 4,2 kilometroko trazadura berria du, eta “azken txanpari ekingo dio, ia amaituta dauden bi geltokirekin, eta hirugarrena iragazgaiztearen eta hormigoiztatzearen faltan”. Altza-Galtzaraborda tartea aurrerantz doa —Altzan zokogunea kentzen du eta, gainera, Antxo zatitzen duen zubibidea eraisteko aukera ematen du—, eta Loiolako Erriberako aldageltokia eraikiko da: Gipuzkoa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen Renferen aldiriko sarearen eta ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen Euskotrenen sarearen arteko lotunea.
Sailburuak zehaztu duenez: “Proiektu horiek, beste jarduketa batzuekin batera, Topoa Zumaia-Irun eta Tolosa-Donostia ardatzetako metropoli-trenbide bihurtzeko aukera emango digute, eta maiztasuna 15 minutura murriztuko dute Zumaia eta Donostia artean, eta 7,5era Lugaritz eta Errenteria artean”; “metropoli-trenbidea alternatiba publiko eta eraginkorra izango da hain jasangarriak ez diren beste garraiobide batzuen aldean”.
Era berean, nabarmendu du Pasaiako portuan zabalera metrikoa sartuko dela. Hain zuzen, Portuko Agintaritzarekin hitzarmena sinatuko da obrak lizitatzeko.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko araudia
Garraio publikoaren erabilera eta haren azpiegiturak bultzatzeko, sailburuak arlo arauemailean urrats berriak egingo direla iragarri du. García Chuecak azaldu duenez, aurreratuta dago duela urtebete inguru Legebiltzarrak onartutako Mugikortasun Jasangarriaren Legeak garatzen duen hurrengo hamarkadarako Mugikortasun Jasangarriaren Plana, eta Legebiltzarrera bidaliko da eztabaidatu eta udazkenean herritarrentzat jendaurrean jartzeko. Planak 100 ekintza-proposamen baino gehiago ditu, errepideko garraiorako ez ezik, trenbiderako, mugikortasun aktiborako, logistikarako eta salgaietarako ere.
Legegintzaldi honetan, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Trenbide Sektorearen Legearen aurreproiektua idatziko du, Euskadin trenbide-azpiegiturak eta arlo horretako segurtasuna erregulatzeko. Arau horretan, Trenbide Segurtasuneko Euskal Agentzia sortzea sartuko da, jarraibideak eta gomendio arauemaileak emateko eta horiek betetzen direla ikuskatzeko. Legegintzaldi honetan, gainera, trenbide-seinaleen eta -segurtasunaren ERTMS (European Rail Traffic Rail Management System) sistema ezartzeko sakontzen jarraituko da. Sistema hori Europan estandarizatuta dago eta seinaleztapenerako eta komunikaziorako teknologia digitala dauka, hainbat herrialdetan zehar etenik gabe zirkulatu ahal izateko.
-
2024-09-23
Comentario de X:
El departamento de Movilidad Sostenible ha presentado hoy los ejes estratégicos de la legislatura, entre los que ha destacado para Álava la mejora de frecuencias en el corredor Alsasua-Vitoria-Miranda a partir de los primeros meses de 2025:
https://t.co/2nW3uUnOV5