Elkarlan Sariak
qrcode

D 'Anjouk ekonomia eta gizarte garapena sustatzeko Euskadiko Ekonomia Itunak eskaintzen dituen gaitasunak erabiltzearen aldeko apustua egin du

2024-09-17

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak XIII. legealdirako jarduketa-arloen eta konpromisoen berri eman du gaur Eusko Legebiltzarrean. Sailaren hiru ekintza-ardatzak zehaztu ditu: autogobernu ekonomikoa defendatu eta indartzea, Jaurlaritzaren konpromiso politikoen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, eta finantza-politika garapen ekonomikorako eta errotzeko tresna gisa erabiltzea. Horrela, Sailburuak azpimarratu du Euskadiko Ekonomia Itunak eskaintzen dituen gaitasunak erabiliko dituela Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko.

Lehen ardatzari dagokionez, d’Anjouk aditzera eman du oso garrantzi handikoak izango direla foru-aldundiekin, udalekin, Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta, aldi berean, Europako erakundeekin izan beharreko harremanak. “Erabaki ekonomiko-finantzarioak hartzen diren nazioarteko erakundeetan gure presentzia lortu eta areagotzeko lan egingo dugu”, aurreratu du.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren barruko ikuspegitik, Sailak zeharkako izaera duenez gero, gainerako sektoreetako politika publikoetan eragingo du. Adierazi duenez, “horregatik da gure Saila, nolabait, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoen bideragarritasun ekonomikoaren bermatzaile, bideragarritasun politikoa bideragarritasun ekonomikoaren eskutik baitoa”.

Hirugarren arloa, aldiz, Sailak, finantza-politikatik, Gobernu Programan jasotako Hazkunde eta Ongizate Eredua ardatzaren garapenean izango duen eraginaren isla da. “Hitz ematen dut ahalegin guztiak egingo ditugula gainerako sailek garapen ekonomikoaren eta ongizatearen esparruan ezartzen dituzten ekintza-ildoak arrakastatsuak izan daitezen”, aditzera eman du sailburuak.

Sailaren egituran bi sailburuordetza izango dira —Ogasuna, eta Finantza Politika eta Aurrekontuak—, Kontrol Ekonomikoko Bulegoarekin batera. Berritasun gisa, Gai Ekonomikoetarako Batzordea sortuko da, eta d’Anjou sailburua bera izango da Batzordearen buru.

Autogobernu-eredua

Ogasun eta Finantza Saila ahaleginduko da autogobernu ekonomikoa eta finantzarioa indartzen eta garatzen Europar Batasunaren esparruan. Era berean, Ogasun Sailburuordetzak alde biko lana egingo du Estatuarekin, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren barruan, eta Euskadira transferitzeke dauden eskumenen balorazio ekonomikoa egingo du. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek zerga guztiak arautzeko duten ahalmena handitzen jarraituko da, eta, horrela, erakundeek eskura izango dituzte gure ekonomiaren ezaugarrietara eta gure gizartearen premietara egokituko den zerga-politika propioa garatzeko beharrezkoak diren tresna guztiak. Hori dela eta, Euskal Ekonomia Ituna eguneratu beharko da, eta, 2026an, kupoa zehazteko metodologiari buruzko bosturteko lege berria onartzeko beharrezkoak diren akordioak sustatu beharko dira. Euskal erakundeen arteko arloari dagokionez, legealdi honetan, 2026an edo 2027an, Ekarpenen Lege berria onartu beharko da.

Konpromiso politikoen bideragarritasun ekonomikoa

Finantza Politika eta Aurrekontuetako Sailburuordetza arduratuko da Euskadiko aurrekontuak egiteaz. Aurrekontuak gainerako sailekin kontrastatzen ari dira, lege-proiektua urriaren 29ko Gobernu Kontseiluan onar dadin. Une honetan, Estatuko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean ari gara Euskadirako defizitaren bidea prestatzen, aurrekontu-proiektuak finkatu beharko dituen marjinak finkatuta izan ditzagun.

Era berean, Europan sortzen diren deribatu ekonomiko-finantzarioek Euskadirentzat izan dezaketen interesa nabarmendu du sailburuak, bereziki Europar Batasunak ezarritako hiru trantsizioei aurre egin dakien eta Ameriketako Estatu Batuekin eta Txinarekin pisu handiagoa gal ez dadin.

Hazkunde ekonomikoa eta errotzea

D’Anjouk aditzera eman du arreta berezia eskainiko diola euskal enpresen hazkunde ekonomikoa eta errotzea indartuko duten tresnak garatzeari, batik bat Finantzen Euskal Institutuaren bidez eta beste sail sektorial batzuekin elkarlanean.

Gainera, FINKATUZ errotze-funtsaren erabilera bultzatu eta optimizatuko da, eta Finantzen Euskal Institutuak finantzaketa-tresnak garatuko ditu zenbait arlotan, hala nola etxebizitzan, lehen sektorean, prestakuntzan, kulturan eta ekintzailetzan.

Finantzen Euskal Institutuak BasqueFIK klusterrari ere lagunduko dio, haren Zuzendaritza Batzordeko kide den aldetik. Izan ere, BasqueFIK klusterra Euskadiko finantza eta inbertsio klusterra da, eta estrategia eta helburuak partekatzen ditu harekin. “Uneak finantza-tresna berriak aktibatzea eskatzen du: eskura dauden baliabideen zati bat industria-proiektu berrien sorrerara bideratzea, etorkizuneko enpresa-ekimenen hazkundea babestea eta Euskadin liderrak diren enpresak errotzea”, adierazi du. Horretarako, baliabide publikoak ekimen pribatuarekin eta finantza- eta inbertsio-ahalmena erakusten duten eragileekin uztartzen asmatu behar da, hala nola banku-fundazioekin, family offices-ekin, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeekin edo Euskadiko banku-sektorearekin. Hartara, behar adina muskulu izango dugu eta euskal funts subirano baten moduko finantza-estrategia artikulatu ahal izango dugu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak