Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Hondarribiak itun europar batekin bat egin du energia aurrezteko

2012.eko martxoak 16

Gipuzkoako herriak Alkateen Ituna sinatu du eta kontsumoa %20 murrizteko asmoa du

  • Energia-eraginkortasun eta aurrezpen maila handiak lortzeari begirako konpromisoa eskatzen die udalei Itunak.
  • Itunaren koordinatzailea da EEE, Euskadin garapen egokia bideratze aldera.

Hondarribia, 2012ko martxoaren 16a - Aitor Kerejeta Cid Hondarribiko alkateak eta Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordeak akordioa aurkeztu dute, eta, beraz, Europar Batzordearen ekimena den Alkateen Itunarekin bat egin du Hondarribiko Udalak, energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko konpromisoa hartuz. Hala, Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren energia agentziak, EEEk zuzentzen duen egitasmoaren helburuak betetzen saiatuko da, hau da, Europar Batasunak energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko ezarritako konpromisoa edo helburuetatik haratagoa joatea.

Alkateen Ituna Europako ekimenik garrantzitsuena da energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien erabilera areagotzeko; izan ere, Itunean toki eta eskualde mailan diharduten agintari ugarik parte hartzen dute eta borondatezko konpromiso handinahiak hartzen dituzte energiaren alorrean. Orotara, hamalau euskal udal eta Europa osoko 3.400 herri edo hiri baino gehiago ari dira lanean helburu horiek lortzeko.

Zehazki, Itunak bere ekintzen bitartez, klima aldaketari aurre egin nahi dio. Hori lortzeko, Itunarekin bat egiten duten eskualde eta udalei EBk ezarritako 20-20-20 delako ekimena edo helburua gainditzen laguntzen die. Era horretan, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.
 
Hondarribiko Udalak zenbait jarduera garatu ditu azken urte hauetan energia-eraginkortasuna hobetu nahian eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeari begira. Izan ere, kiroldegian 211 m2-ko azalera duen eguzki-instalazio termikoa du, eta kaleko argiteria publikoan hobekuntzak egin ditu, energiaren aurrezpen nabarmena ekarri diona.

Aurrekoaz gain, kiroldegi, museo eta udaletxeko energia kontsumoak monitorizatu egin ditu. Horren ondorioz, oso informazio interesgarria eta erabilgarria eskuratu du, neurri zuzentzaileak aplikatu ahal izateko, eraikin horietan kontsumoak murrizte aldera.


Alkateen Ituna

Alkateen Ituna Europar Batzordeak abiarazi zuen ekimena da. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren erakunde hori klima aldaketari aurre egiteko jardunaren liderra da mundu mailan eta harentzat lehentasunezko langintza da hori. Izan ere, asmo handiko helburuak ditu 2020. urteari begira, 20-20-20 zifrekin adierazita, EBn Ekintza Klimatikoaren eta Energia Berriztagarrien alorreko neurri eta helburuen barruan. Hala, EBko estatu kideek konpromisoa hartu dute euren CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko 2020 urterako.

Alkateen Ituna sinatzen duten udalek zenbait konpromiso hartzen dute alor batzuetan, eta 2020 urterako Europar Batasunak ezarritako helburuetatik haratago joan nahi dute. Hartara, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.

Azken batean, tokian tokiko udalerrien ezaugarrien eta premien arabera, Europar Batzordearen helburua den 20-20-20 delako ekimena aurrera eramateko jarduera multzo bat sustatzen lagundu nahi du Alkateen Itunak. Hala, Itunarekin bat egingo duten udalek egungo energia egoera aztertuko dute, eta azterketa horren emaitzen argitan, 2020 urtera begira, zenbait ekintza edo jarduera planifikatuko dituzte energia-eraginkortasunaren eta energia-iturri berriztagarrien ustiapenaren alorrean.

Alkateen Itunera atxiki berri den Hondarribiko Udalak, lehendik Itunarekin bat egindako udalekin batera, energia-kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen du hainbat ekintza aurrera eramateko. Horretarako, honako jarduera hauek garatuko ditu:

1. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
2. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
3. Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
4. Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
5. Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatziz.
6. "Energiaren Eguna" edo "Alkateen Itunaren Eguna" antolatzea, Europar Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.

Alkateen Itunari esker aurrerapauso nabarmena emango da Europar Batasunaren helburuak lortzeko bidean. Izan ere, borondatezko akordioaren bidez, konpromiso sendoa hartzen dute Europako herri eta hiriek helburu horiek bete eta gainditzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)