Elkarlan Sariak
qrcode

Gobernu Kontseiluak Portuetako Udal Kontseiluak sortzeko dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2024-09-10)

2024-09-10
  • Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira 

Gobernu Kontseiluak Portuetako Udal Kontseiluak sortzeko dekretua onartu du. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabiltzen dituen eskumenen esparruan, eta portuetan eta itsasoko gaietan eskumena duen sailari, gaur egun Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, atxikita egongo dira.

Gernikako Estatutuak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela portuen arloan, betiere interes orokorreko gisa sailkatuta ez badaude. Eskumen horren arabera, portuen arloko ondasunak eta zerbitzuak Estatutik Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren 1982an.

Portuen arloko jarduketak nagusiki bideratzen dira portu-azpiegiturak planifikatzera eta garatzera, portu berriak eta portuko azpiegitura eta ekipamenduak eraikitzeko eta zabaltzeko proiektuak onartuz; portuko jabari publikoa kudeatzera eta ustiatzera, portuko espazioak eta erabilerak behar bezala mugatuta, horiek erabiltzeko behar diren titulu gaitzaileak emateko, aldatzeko eta iraungitzeko prozedurak ezarriz; eta portuko jabari publikoa kontserbatu, babestu eta defendatzera.

Hala ere, portu batek hartzen duen espazio fisiko hori kokatuta dagoen udalerriaren zati da, eta lotura estua du kokatuta dagoen kostaldeko herriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Ez da lurralde-zati isolatua; izan ere, portu-eremuan interes ugari elkartzen dira, eta beharrezkoa da, beraz, eragileek parte hartzea errazteko mekanismoak eta tresnak ezartzea, formula organikoak erabiliz.

Parte hartzeko printzipio hori betetzeko, 1991n Portuetako Aholku Kontseiluak sortu ziren, portuen arloko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organo izateko, eta, portuen dimentsionamenduaren, flotaren, harrapaketen eta sektorean zuen eraginaren arabera, lautan eratu ziren: Hondarribia, Getaria, Ondarroa eta Bermeo.

Eusko Legebiltzarrak 2018an onartu zuen Portuei eta Itsas Garraioari buruzko legeak berariaz indargabetzen zuen aipatutako Portuetako Aholku Kontseiluak sortzeko araua, baina erregelamendu bidezko garapenera jotzen zuen Portuetako Udal Kontseiluak sortzeko, portuen arloan erakundeek eta gizarteak parte hartzeko organo gisa. Eta hori da, hain zuzen ere, onartu den Erregelamenduaren helburuetako bat: 2/2018 Legea garatzea adierazitako kontseilu horiek sortzeari dagokionez.  

Portuetako Udal Kontseiluak portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabilitako eskumenen esparruan.  

Portuetako Udal Kontseiluak arautuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen aurreikuspenek, onartu den arauak, horien barruan, hala badagokio, onartuko diren funtzionamendu-erregelamenduak eta, aipatutako arauetan aurreikusita ez dagoenerako, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean xedatutakoak.

Eginkizunak

Amaia Barredo sailburuak honako hauek nabarmendu ditu portuetako udal-kontseiluen eginkizunen artean: a) Portu-eremu bakoitzeko premiak aztertzea eta portuko instalazioen eta azaleren erabilerak hobeto kudeatzea ekarriko duten jarduketak proposatzea: b) Portuetan eta itsas gaietan eskumena duen sailak idazten dituen jarraibide eta planei buruzko aholkua ematea; c) Autonomia Erkidegoko Administrazioak portuen arloan egiten dituen erregelamendu-xedapenen proiektuen berri ematea; d) Portuko ustiapena hobeto arrazionalizatzeko eta optimizatzeko neurri egokiak proposatzea; e) Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta portu-eremuan erantzukizuna duen toki-administrazioaren arteko koordinazioa sustatzea eta babestea; eta f) Portuko jabari publikoaren ezagutza, kontserbazioa eta babesa sustatzea.

Izendatutako zereginak betetzean, bereziki portuko instalazioen eta azaleren erabilerak hobeto kudeatzeko jarduketak proposatzeari dagokionez, bai eta espazioa antolatzeko eta planifikatzeko prozesuetan aholku emateari dagokionez ere, zeharkako alderdiak hartuko dira kontuan, hala nola, segurtasuna, mugikortasuna eta irisgarritasuna, orokorrean eta zerbitzu, ekipamendu eta espazio publikoetarako irisgarritasuna eta enplegurako eta ekonomiarako irisgarritasuna, bereziki genero-ikuspegitik.  

Portuetako Udal Kontseiluen akordioak

Portuetako Udal Kontseiluek hartzen dituzten erabakiak ez dira lotesleak izango.  Portuetako Udal Kontseiluen osaketa honako hau izango da: Kontseilu bakoitzak izango ditu lehendakaria izango den pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituen pertsona bat eta bokalak izango direnak; kontseilu horien osaketan emakumeen eta gizonen presentziak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legean xedatutakoa errespetatu beharko du; kontseiluetako kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da bi hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna izatea; kontseilukideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren jardueretan. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

Kontseiluko kide izateak ez du inolako ordainsaririk ekarriko, zerbitzuaren eta indarrean dagoen gainerako araudiaren ondorioz egokitu ahal zaizkion dieta eta kalte-ordainak alde batera utzita. Kontseilu bakoitzeko lehendakaria portuen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da, eta eginkizun hauek izango ditu: a) Kontseiluaren ordezkaria izatea; b) Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdia adostea eta gai-zerrenda finkatzea; c) Bileretako buru izatea eta bilerak amaitzea, eztabaidak moderatzea eta bertan behera uztea, justifikatutako arrazoiengatik; d) Aktei oniritzia ematea; eta e) Kontseiluak berak izendatzen dizkion gainerako eginkizun guztiak.

Kontseilu berriak

Hemendik aurrera sortuko dira Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, EA, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentziako portuetako udal-kontseiluak.

Portuen arloan eskumena duen saileko titular batek ezarriko ditu, agindu bidez, dekretu hau garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak, bai eta Portuetako Udal Kontseiluen osaketa aldatzeko ere, inguruabarrek hala egitea eskatzen dutenean.  Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

 

 

 

2 iruzkin
  •  erabiltzaile
  • Argazkia SN Robot
    @itsaslurra_eus
    2024-09-10

    Comentario de X:
    🚢 Gobierno Vasco aprueba la creación de los Consejos Municipales Portuarios.

    Se trata de órganos colegiados adscritos al departamento que dirige Amaia Barredo, para analizar las necesidades y ofrecer asesoramiento en el ámbito portuario de Euskadi.

    🔗 https://t.co/GbjbYQPmYh https://t.co/nvLFuKdPv7

  • Argazkia SN Robot
    @itsaslurra_eus
    2024-09-10

    Comentario de X:
    🚢 Eusko Jaurlaritzak Portuetako Udal Kontseiluak eratzea onartu du.

    Amaia Barredok zuzentzen duen sailari atxikitako kide anitzeko organoak izango dira, #Euskadi-ko portu-eremuetan dauden beharrak aztertzeko eta hobetzeko neurriak proposatzeko.

    🔗 https://t.co/ZbCugVtZRe https://t.co/u0b4JUtgsV

Komunikabideek behera kargatzeko