Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
qrcode

Maria Ubarretxenak: “urtea amaitu baino lehen itsasertzaren kudeaketarako eskumena eskualdatuta egotea espero dugu”

2024-09-09
  • Sailburuak azaldu du, hilabete honetan talde teknikoak batzartuko direla proposamenak lantzeko eta adosteko eta urrian egingo dela lehen aldiz Bitariko Batzordea transferentzien gaiei erritmoa emateko
  • Hasi berri den legealdiaren harira, Ubarretxenak esan du Itunen Legealdia izango dela eta jarrera eraikitzailetik lortuko direla Euskadik behar dituenak itunak

Maria Ubarretxena bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute ETB1eko denboraldiko lehen "Egun on Euskadi" saioan.

Lehenik eta behin eskualdatzeke dauden eskumenak izan ditu hizpide Ubarretxenak. Sailburuak berretsi du akordio eta konpromiso bat dagoela eta konpromiso hori bete dadin lanean ari direla. Zentzu horretan, esan du, hilabete honetan talde teknikoak batzartuko direla proposamenak orraztu eta adostasunak lortze aldera. Ondoren, urrian, Bitariko Batzordea egingo da lehen aldiz, eta batzar honek, Ubarretxenaren hitzetan emango dio “akordioari eta elkarrizketari abiadura berri bat”.

Eskualdatzen lehena, itsasertzaren antolamendu eta kudeaketaren eskumena izan liteke, eta sailburuak espero du urtea amaitu aurretik eskumen hori Euskadin izatea. “Guretzako itsasertzaren kudeaketa, zeresan handiko eskumena da, Euskadik kostalde garrantzitsua du, ekonomikoki ere garrantzia duena, eta baimen asko eskatu behar izaten ditugu, esaterako, hondartzatan tabernak jartzeko; gai txiki horietatik harago, herri proiektu garrantzitsuak ditugu naturarekin eta haren babes eta zaintzarekin edota arrantzarekin lotura dutenak”,

Kataluniak izango lukeen finantzaketa sistemaz eta kontzertu ekonomikoaz galdetuta, Ubarretxenak gure ereduaren defentsa egin du, eta begi onez ikusi du Kataluniak eredu propioa izatea, “ez genuke nahi gure kontzertu ekonomikoa zalantzan jartzea, gure finantzaketa sistema egonkortuta eta babestuta baitago” azpimarratu du.

Euskadik behar dituen itunak, jarrera eraikitzailetik

Legealdi berriaren harira, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du herri honek itun zabalak behar dituela eta esan du jarrera eraikitzailetik lortuko direla Euskadik behar dituen itunak, Euskadiren eta interes orokorraren alde indarrak batuz eta azpimarratu du ikuspuntu horretatik ari direla lanean, besteak beste, etorkizuneko osasun sistema eraikitzeko.  

Amaitzeko, aktualitateko gaiez ere hitz egin du bozeramaileak, tartean Abiadura Handiko Trenaz eta Hondarribiko alardeaz. Beste behin, Ubarretxenak esan du ulergarriak direla Ahaldun nagusien iritziak, lurralde ikuspegitik; “Gobernu gisa, informazio osoa izan nahi dugu erabakian asmatzeko, azpiegitura oso garrantzitsua baita, Euskadiri mesede handia egingo diona” adierazi du.

Azkenik, atzoko Hondarribiko Alardearen inguruan pozik eta baikor azaldu da Jaurlaritzako bozeramailea, “pauso bat gehiago eman da, azken hogei urteetan egindako lan eta urratsei jarraiki, hori da bidea elkarbizitzarako”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak