Torres lehendakariordeak inauguratu du Santutxuko Lanbideren bulego berria, Hobetzen eredua jarraituz hasieratik diseinatutako lehena
- Enplegu Zerbitzu Publikoaren konpromiso sendoa nabarmendu du Mikel Torresek, “zerbitzuen hobekuntza etengabea izateko eta zerbitzatzen ditugun herritarrekiko arreta emateko”
Mikel Torresek ( lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua) Lanbideren bulego berria inauguratu du gaur Santutxun (Bilbo). Berarekin batera izan dira bai Alfonso Gurpegui (Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea), bai Francisco Pedraza (Lanbideko zuzendari nagusia). Torresek inaugurazio ekitaldian azpimarratu duenez, eraberritze integral honek ez du soilik ekarriko eguneroko lanerako espazio berritua; baizik eta, horretaz gain, Enplegu Zerbitzu Publikoak “zerbitzuen hobekuntza etengabearekin eta zerbitzatzen dugun herritarrekin” duen konpromiso sendoa ere islatzen du.
Enplegu bulegoaren berritze lanek 892.000 euroko inbertsioa eta bederatzi hilabeteko eraldaketa prozesua behar izan dituzte. Berrikuntza horren helburu nagusia lan-ingurune eraginkorragoa eta egokiagoa sortzea izan da, bai Lanbide eta SEPEko langileentzat, bai eta bulego horretara lan, lan-orientazio, prestakuntza, ekintzailetzarako aholkularitza edo prestazio bila etortzen diren erabiltzaileentzat ere.
Gainera, Santutxuko bulego hau Lanbideren sarean erabat eraberrituta dagoen lehenengoa da, hasierako diseinutik Lanbideren gaur egungo arreta eta esku-hartze eredura egokitzeko pentsatua izan dena. Lanbide Hobetzen izena duen eredu honek ikuspegi berria dakar Enplegu Zerbitzu Publikora, zerbitzu arinago, pertsonalizatuago eta eraginkorragoa eskaintzeko helburu duena, eta gizartearen beharrizan zein itxaropenekin bat datorrena. Berritze prozesu hau beste bulego batzuetara zabalduko da datozen urteetan, Lanbideren 42 enplegu bulego eta hiru lurralde zentroen eraberritze osoa osatu arte.
Hobetzen eredua ezartzeari dagokionez, 2023aren amaieran hasi zen, 6 bulego pilotu egokituz. Ondoren, 2024ko lehen seihilekoan, beste 12 bulego gehitu ziren arreta-eredu berriari. Eta urte honetako irailaren zehar, gainontzeko 24 bulego integratuko dira. Esku-hartze eredu honek bat egiten du Enplegu Lege berriaren helburuekin eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin, helburua baita kalitatezko enplegu iraunkorra sustatzea, euskal gizarte osoari balioa ekartzeko.
Zerbitzuaren datuak:
- Bulego honetan 32 lanposturako aurreikuspena egin dute: horietatik 20 Lanbideri dagozkio eta 10 SEPEri. Gainera, 2 lanpostu izango dira segurtasun eta garbiketa langileentzat.
- Nobedade gisa, informazio orokorreko puntu bat sortu da, eta bertara zuzenean jo dezakete erabiltzaileek Lanbideri buruzko informazioa jasotzeko eta eskaintzen dituen zerbitzuei buruz galdetzeko. Era berean, aurretiko hitzordua eskatuta, izapide eta kontsulta pertsonalizatuetan arreta jaso ahal izango dute. (5 lanpostu)
- Lan-orientazioko lanpostu espezifikoak ere badaude, intimitate handiagoa eskaintzen duten espazioetan kokatuta, arreta pertsonalizatuagoa emateko. Horrela, helburu bikoitza lortzen da: alde batetik, pertsona bakoitzaren behar zehatzei erantzutea; eta, bestetik, Enpleguaren Euskal Lege berrian jasotako eskubideak betetzea. (5 lanpostu)
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eskaerak kudeatzeko 8 lanpostu erreserbatzen dira. Zerbitzu honek oinarrizko baliabideak bermatzen dizkie bizitza duina behar duten pertsonei.
- Gainera, enpresentzako ere arreta-espazio bat sortu da, Lanbideren zerbitzuen katalogoa ezagutarazteko eta aholkularitza emateko. Era berean, kasu delikatu eta konplexuak jorratzeko ere erabil dezakete gune hori (esate baterako, hantze bertan emango da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta, haien pribatutasuna eta segurtasuna bermatuta).
-
2024-09-06
Comentario de X:
Torres lehendakariordeak inauguratu du Santutxuko Lanbideren bulego berria, Hobetzen eredua jarraituz hasieratik diseinatutako lehena.🗣 Enplegu Zerbitzu Publikoak “zerbitzuen hobekuntza etengabearekin” duen konpromiso sendoa islatzen du.
-
2024-09-06
Comentario de X:
El Vicelehendakari Mikel Torres inaugura la oficina de @lanbideejgv en Santutxu, la primera diseñada en origen según el modelo Hobetzen.🗣 Refleja el compromiso firme del Servicio Público Vasco de Empleo "con la mejora continua de sus servicios".