Elkarlan Sariak
qrcode

Gogorak Ramón Torres Donosoren gorpuzkia identifikatu du, Urduñako espetxe frankistako biktima, 2022an herriko hilerrian desobiratua

2024-09-06

• Familiak gorpuzkiak jaso eta Urduñako Kolunbarioan ehortziko ditu, izaera pribatuko ekitaldi batean
• Ramón Torres Donoso (Santa Amalia, Badajoz) 1941eko martxoaren 15ean hil zen Urduñako Espetxe Zentralean
• Datozen hilabeteetan indusketa lan berriak egingo dira hilerrian, gorpuzkiak berreskuratzen jarraitzeko

Gasteiz, 2024/09/06

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak genetikoki identifikatu ditu Ramón Torres Donosoren gorpuzkiak, eta datozen asteetan
emango dizkio familiari. Urduñako hilerritik berreskuratu ziren haren gorpuzkiak, 2022ko abenduan egindako indusketa-kanpainan, eta DNA laginak hartu eta familiak emandakoekin erkatu ondoren, azkenean, haren nortasuna zehaztu ahal izan da.

Torres familiak gorpuzkiak jaso eta Urduñako Kolunbarioan ehortziko ditu izaera pribatuko ekitaldi batean, familiak hala eskatuta.

Ramón Torres Donoso da Urduñako hilerrian 2014an eta 2022an egindako indusketetan berreskuratutako 71 biktimetatik identifikatutako hamaikagarrena.
Gainerako 60ak identifikatu ahal izateko, Gogora Institutuak harremanetan jarraitzen du konzentrazio esparruko eta presondegiko biktimen familiekin.
Urduñako presondegia, aurrez, 1936tik 1939ra, kontzentrazio esparrua izan zen.

Urduñako hilerriko hurrengo lanak

Urtea amaitu baino lehen, Gogora Institutuak eta Urduñako Udalak presoen lurperatzeen gainean eraiki eta jada erabiltzen ez diren nitxoak eraisteko lanak egingo dituzte. Horrela, lan horiek amaitutakoan, gainontzeko gorpuak lurpetik ateratzeko kanpaina berri bat programatuko da.

Jarduera hori, Urduñako Udalarekin lankidetzan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Gerra Zibilean Desagertutako
Pertsonak Bilatzeko Programaren baitan kokatua dago. Programa hau aurrera eramateko, Aranzadi Zientzia Elkarteak desobiratze eta antropologia forentseko lanak egiten ditu eta EHUko Biomics laborategi genetikoak, DNA laginak erkatuz identifikazio genetikoa egiteaz arduratzen da.

Biografia

Ramon Torres Donoso Santa Amaliakoa zen (Badajoz) eta Urduñako espetxeko beste biktima asko bezala, Badajozeko Castuera kontzentrazio-esparrutik ekarri zuten. Dokumentazioaren arabera, kontzentrazio-esparruan eta Urduñako espetxean hildako 225 lagunetatik 102 Castuerako esparrutik eraman zituzten.

Ramon nekazaria zen, UGT sindikatuko afiliatua, ezkonduta zegoen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Gerra Kontseiluak epaitua, 16 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten matxinada delitua egotzita. 1939ko urrian Castueran zegoen preso eta hilabete geroago, Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten. 1941eko martxoaren 15ean hil zen, 38 urte zituela, espetxe-sistema frankistaren biktima.

Urduñan identifikatutakoak

• Fructuoso Llorens Tolosano, Fuente de Maestrekoa, Badajoz.
• Manuel eta Salvador Del Amo Jiménez, anaiak, Villagonzalokoak, Badajoz.
• Alejandro Gómez Hidalgo, Carpio de Tajokoa, Toledo.
• Alfonso Tena Prieto, Don Álvarokoa, Badajoz.
• Domingo Galindo González, La Morerakoa, Badajoz.
• Inocencio Gallardo Rebolledo, Magacelakoa, Badajoz.
• Bernardo Rodríguez Rincón, Campanariokoa, Badajoz.
• Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.
• José María Hidalgo Balsera, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.
• Ramón Torres Donoso, Santa Amaliakoa, Badajoz.

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-09-08

    Ondo dago iraganean gertatutakoa gogoraraztea, gizarteak ikas dezan egoera kaotikoetara ez itzultzen, astakeriak egiten baitira, eta pertsonak hiltzera iritsi arte, ez du zerikusirik garai bateko politikarekin, adibidez, pertsona gorria dela salatuz lapurreta egitearekin, adibidez, mafia mandamaseen aldeko aukeratzeko askatasuna murriztearekin.

  • Argazkia Xaver
    2024-09-08

    Está bien hacer recordar lo que pasó en el pasado aprenda la sociedad a no volver a situaciones caóticas, donde se cometen barbaridades, hasta llegar a asesinar a personas nada tiene que ver con la política de antaño con tal de robar acusando de persona roja por ejemplo, como que se merma la libertad de elección en favor de mafias mandamases.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan