Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Irailak 8, Euskal Diasporaren Eguna: 50 urte geroago Oñatira bueltatu da

2024-09-06

Gipuzkoako Oñatiko herria aukeratu du Eusko Jaurlaritzak, irailaren 8an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunean, ekitaldi instituzionala egiteko. Horrela, Euskal Diasporaren 50. urteurrenean, 1974ko Boiseko Estatu Unibertsitateko (Idaho, AEB) ikasle eta irakasleen lehen egonaldi programa hari omenaldia egingo zaio, baita 1974ko egitasmo hori hartu zuen Oñati herriari ere.

Imanol Pradales lehendakaria datorren igandeko ekitaldi instituzionalaren buru izango da, eta, lehendakariarekin batera, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Ander Caballero Barturen Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria ere han izango dira. Aipatutakoez gain, jardunaldi honetara zenbait erakundetako goi-kargudunak, hainbat euskal kultura-eragile, diasporarekin nolabaiteko lotura duten pertsona batzuk eta interes berezia duten zenbait herritar ere bertaratuko dira.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Larraña auzoko Eltzia izeneko eraikinean, eta 1974ko ikasturteko iparramerikar horien ordezkari ugari hurbiltzea aurreikusi da —batzuk euskal jatorrikoak dira; beste batzuk, euskal kulturaren zaleak—. Beraz, 50 urte geroago Oñatira itzuliko dira, eta berriz ere elkartzea hunkigarria izango da.

Ekitaldi instituzionalaren ondoren, "Boise-Oñati 1974-2024" erakusketa inauguratuko da, Iñaki Galdosek komisariatua, "Abentura bat baino gehiago" liburuaren egilea, 90 laguneko unibertsitate-talde hau Oñatira iritsi zenaren gaineko istorioa kontatzen duena, euskal Diasporan inflexio-puntua izan zena.

 

Mundu Agenda

Irailaren 8ko ekitaldi ofizialarekin bat eginez, Euskal Diasporaren Eguna mundu osoan zehar ospatzeko, dagoeneko hainbat ekimen antolatuko dituztela baieztatu dute 15 herrialdetako euskal etxeek —Alemania, Argentina, Belgika, Brasil, Espainia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Frantzia, Kanada-Québec, Kuba, Kolonbia, Peru, Txile, Uruguai, Venezuela—, eta, orotara, irailaren 8an, ehun jarduera baino gehiago izango dira Munduko Agendan (ikusi honekin batera doan pdf-an, alboan goian PDF-n). Nolanahi ere, egun berezi honen harira, ekintza gehiago ere izango dira, izan ere, Diasporaren Egunaren ospakizunak irailaren 8aren hurrengo astera luzatzen dira Kanpoan den Euskal Komunitatean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak