qrcode

Noël d´Anjou Confebaskekin bildu da Euskadiko enpresa erakundeek Euskadiko legealdi honetarako dituzten erronkak eta jardun-ildoak ezagutzeko

2024-09-06

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak lehen bilera egin du Confebaskekin, eta bilera horretan Euskal Enpresarien Konfederakuntzak datozen lau urteetarako aurreikusten dituen erronkak eta jardun-ildoak ezagutu ahal izan ditu, Tamara Yagüe erakundeko presidentearen eta Asís Canales presidenteordearen eta batzorde fiskaleko presidentearen eskutik.

D'Anjou sailburuak Euskadiko industria-ehunaren etorkizuneko agertokiak entzuteko eta aztertzeko aukera izan du, egungo adierazle ekonomikoetan oinarrituta. Horrez gain, erakunde horrek aurreikusten dituen jardun-ildoak ere ezagutu ahal izan ditu.

Bileran parte hartu dute, halaber, Confebasken aldetik, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak eta Pablo Martín azterketa ekonomikoen zuzendariak, eta Ogasun eta Finantza Sailaren aldetik, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak eta Jose Corchón Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak.

Eusko Jaurlaritzako arduradunekin jorratutako gaien artean fiskalitatea egon da. Bi aldeak bat datoz, Batzar Nagusiek onartu ondoren, hartuko diren neurriek lagundu beharko dutela Euskadiren lehiakortasuna indartzen eta hazkunde ekonomikoa sendotzen. Sailburuak adierazi du, gainera, neurri fiskalek euskal erakundeen politika publikoak garatzeko behar besteko finantzaketa bermatu beharko dutela.

Aipatutako beste puntu bat izan da euskal enpresen errotzea bermatuko duen eta inbertsio berriak erakarriko dituen finantza- eta inbertsio-ekosistema bat izatearen garrantzia. CONFEBASKek nabarmendu du BasqueFIK Euskadiko finantza- eta inbertsio-klusterrari emandako laguntza irmoa. Kluster hori joan den otsailean jarri zen abian, Euskadiko ekonomiaren finantza- eta inbertsio-ekosistema eraldatzeko helburuarekin, betiere enpresa- eta industria-sarearen lehiakortasun jasangarriari laguntze aldera eta ongizatea eta lurralde-garapena areagotuko dituen ekonomia sozialagoa eta jasangarriagoa sortze aldera. Finantza-kluster horri 100 erakunde baino gehiago atxiki zaizkio jada.

Bileran, Euskadiko gizarte-aurreikuspen osagarriaren egoera eta datozen urteetan izango diren beharrak ere aztertu dira. Eusko Jaurlaritza jakitun da behar-beharrezkoa dela enpresen eta langileen borondatezko gizarte-aurreikuspenaren arloko ahaleginak bidera ditzaketen enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen gisako tresnak sustatzea.

Noël D 'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak, lankidetza publiko-pribatuan uste osoa duen aldetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskaini dio CONFEBASKi, enpresa-kultura susta dadin. Ildo horretan, enpresek eta enpresaburuek euskal gizarte osoaren ongizateari eta aurrerapen kolektiboari egiten dioten ekarpenaren balioa nabarmendu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan