Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak: "Elkarrekin lan egin behar dugu sistema eraldatzeko eta lehen mailako osasun-laguntza bermatzeko" 

2024-09-05
  • Imanol Pradales Lehendakaria, Osasuneko sailburu Alberto Martinezekin batera, gaur goizean Bilbon egin den Euskadiko Osasun Itunaren lehen bileraren buru izan da, Ituna 2025eko martxoan erabat erabilgarri egoteko helburuarekin

Imanol Pradales Lehendakaria, Osasuneko sailburu Alberto Martínezekin batera, gaur goizean Bilbon egin den Euskadiko Osasun Itunaren lehen bileraren buru izan da. Bertan, Euskadiko eragile sozial, politiko eta sanitario nagusiek parte hartu dute, osasun-sistemaren, haren orainaren eta etorkizunaren ikuspegi integral baten inguruan dauden politikak eta programak antolatzeko.

Lehen lan-mahai hori Bizkaia Aretoan egin da, eta bertan honako hauek hartu dute parte: Medikuen, Erizainen, Farmazialarien, Psikologoen, Odontologoen, Gizarte Langileen, Fisioterapeuten, Biologoen eta Albaitarien elkargo ofizialetako ordezkariek; EAJ-PNV, EH Bildu, PP eta Sumar alderdi politikoek; Osakidetzako Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuen —LAB, CCOO, UGT, Medikuen Sindikatua eta SATSE (ELAk bileran parte hartzeari uko egin dio)— ordezkariek; UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak; Confebaskek eta pazienteen elkarteek.  Javier Meana Medikuntzan doktoreak eta UPV/EHUko Farmakologian katedradunak idazkaritza teknikoa zuzentzen du eta lantalde zabal hori koordinatzeaz arduratzen da. Lehendakariak haren konpromisoa eskertu du, eta sektorean duen ibilbide luzea eta haren inguruko ezagutza zabala aitortu ditu.

Lehendakariak azaldu duenez, mahai honen helburua galdera bati erantzutea izango da: Nola eralda dezakegu gure osasun-sistema, datozen hamarkadetan ere erantzuten jarrai dezan? "Hau itxaron-zerrendak murriztetik haratago doa... Gure sistema eraldatuko du osasunean hezteko, osasuna sustatzeko, prebentzioa lantzeko eta, jakina, behar izanez gero gure sistemak erantzuteko beharrezko tresnak eskainiko dituela bermatzeko. Egoerak hala eskatzen duenean lehen mailako osasun-arreta bermatzeko ", azpimarratu du. Horretarako, foro honetan elkarrekin lan egitearen alde agertu da, euskal osasun-sistema publikoa hobetzeko. "Profesionalak inplikatu behar ditugu, haiek baitira errealitatea hobekien ezagutzen dutenak, eta, batez ere, entzun egin behar diegu", adierazi du, eta bertaratutako osasuneko profesionalen kolektiboen parte-hartzea baloratu du, baita pazienteen elkarteetako ordezkariena eta politika-, unibertsitate-, ekonomia- eta sindikatu-mundukoena ere. 

Halaber, Lehendakariak egunero erabakiak hartzen jarraitzeko konpromisoa agertu du, Euskal Osasun Sistema Europako erreferentzia bihurtzeko. "Plantilla sendotzen, baliabideak eta hauen efizientzia hobetzen eta beharrezko inbertsioak egiten jarraituko dugu", adierazi du.

OSASUN-SISTEMAREN DIAGNOSTIKOA

Bestalde, lehen bilera honetan, Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Euskal Osasun Zerbitzuaren diagnostiko bat aurkeztu die parte hartu duten gainerako eragileei, herri-mailako akordio hau lortzeko bidean aurrera egiteko lan-zirriborro gisa. Dokumentu hori eztabaidatu egingo da, urriaren hasieran prest edukitzeko asmoz.

Osasun-sistemaren egungo egoerari buruzko datuetan oinarritzen da diagnostikoa, baita azken urteetan izandako aldaketa demografiko, epidemiologiko eta teknologikoen ondorioz aurre egin beharreko erronka nagusien azterketan ere.  

Lehen txosten horrek jasotzen duenez, osasun-sistemak eta zainketa soziosanitarioen sistemak erronka esanguratsuei egin behar die aurre, aldaketa demografikoak, gaixotasun kronikoen gorakada, gaixotasun berrien agerpena eta gizartearen eskaera gero eta handiagoa direla eta. Gainera, globalizazioak eta teknologia berriek dakartzaten erronka eta aukera berrietan jartzen du arreta.

Azterketa horren arabera, osasun-zerbitzuak emateko modua eraldatzeko beharra aipatu du, haren jasangarritasuna eta epe luzerako beharretara egokitzeko gaitasuna bermatzeko. Paradigma-aldaketa bat proposatzen da, gaixotasun episodikoetarako arreta akutuaren eskariari erantzuteko nagusiki erreaktiboa den sistema batetik, eredu proaktiboago, prebentiboago, integratuago eta komunitarioago batera igarotzea dakarrenera.

Behin Euskal Osasun Zerbitzuari buruzko diagnostiko partekatu bat landu eta adosten denean, hurrengo urratsa Osakidetza gidatu behar duten printzipioak zehaztea izango da, inplikatutako eragileek aberastuko eta hobetuko duten proposamen batekin. Horrekin guztiarekin, etorkizuneko ildo estrategiko nagusiak eta egikaritu beharreko ekintzak ezarriko dira. Aurreikuspenen arabera, 2025eko martxoan erabat erabilgarri egongo da Euskadiko Osasun Ituna. Gaurko bileran, lortutako akordioen jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat ezartzea ere erabaki da.

EUSKADIKO OSASUN ITUNAREN HELBURUAK

Osasuna pertsona guztiei bermatu behar zaien oinarrizko eskubidea da, eta osasun-sistemak gizarteak herritarren ongizatearekin duen konpromisoaren isla izan behar du. Euskadin, osasun-arreta unibertsaltasunaren, ekitatearen, kalitatearen eta efizientziaren printzipioetan oinarritzen da, betiere osasun-arreta eta gizarte-ongizatea etengabe hobetzea bilatuz.

Hain zuzen ere, Euskadiko Osasun Itunak honako hau bermatzea bilatzen du:

-Herritar guztien eskuragarritasun unibertsala, haien egoera sozioekonomikoa edo bizilekua edozein dela ere.

-Asistentzia-kalitatea etengabe hobetzea, osasun-arretan bikaintasuna sustatuz.

-Sistemaren jasangarritasuna, etorkizunari begira haren bideragarritasuna bermatuko duten neurrien bidez.

-Herritarren parte-hartzea, herritarren ahotsa barne hartuta osasun-politikei buruzko erabakiak hartzerakoan, gardentasunetik eta administrazioaren eta herritarren arteko elkarrizketatik abiatuta.

-Osasunaren prebentzioa eta sustapena, ohitura osasungarriak sustatzen dituzten eta osasunaren baldintzatzaile sozialetan eragiten duten politikak bultzatuz.  

-Profesional sanitario nahikoak, konprometituak eta lan- eta gizarte-arloan aitortuak izateko beharra.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @colvetbizkaia
    2024-09-05

    Comentario de X:
    Lehendakari: "Debemos trabajar juntos para transformar el sistema y garantizar una asistencia sanitaria de primera" https://t.co/aBQ5a83hsw

  • Argazkia SN Robot
    @COFPV
    2024-09-05

    Comentario de X:
    Bileretako partaide gisa, Fisioterapiatik “Euskadiko Osasun hitzarmen” berriaren alde lan egingo dugu
    —————————
    Como participantes de las reuniones, trabajaremos desde la Fisioterapia por el nuevo “Pacto de Salud en Euskadi”

    https://t.co/51fpNG1Npk

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak