Imanol Pradalesek eta Maria Chivitek Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko Lankidetza-Protokoloa berritzea erabaki dute
- "Protokolo honen helburua da gure arteko loturak are gehiago estutzea eta erritmo berria ezartzea funtsezko gaiei, hala nola oparotasun eta eraldaketa industrialari, osasunari, etorkizuneko garapenerako azpiegitura estrategikoei, kulturari eta euskarari", zehaztu du Imanol Pradalesek, eta gaineratu du Euskadiren eta Nafarroaren konpromisoa dela hori "eguneratzea eta berritzea"
Bileran, bi agintariek adostu dute bi Gobernuen arteko Lankidetza-Protokoloa berritzeko prozesuari ekitea, datozen hilabeteetan lankidetza-loturak sendotzeko eta zabaltzeko.
Bertan, gainera, Pradales Lehendakariak eta Chivite Presidenteak harremanak indartzearen garrantzia azpimarratu dute, amankomunean dituzten intereseko gaietan elkarrekin lan egitearen beharra azpimarratuz. Hala, landutako gaien artean, osasuna, azpiegiturak, kultura eta euskara bezalako arloetako lankidetza nabarmendu dute, baita industria-lehiakortasuna eta Europar Batasunaren esparruan duen proiekzioa ere.
Ildo horretan, agerraldian, Lehendakariak azpimarratu du bi Gobernuen arteko lankidetza ez dela aukera bat, "behar historikoa" baizik. Lankidetza hori, baieztatu duenez, bi gobernuek partekatzen duten hizkuntzan, kulturan eta autogobernu-bokazioan oinarritzen da.
Eta, elkarlan horren erakusgarri, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak 2021ean sinatutako Lankidetza-Protokoloa izan du hizpide.
"Protokolo honen helburua da gure arteko loturak are gehiago estutzea eta erritmo berri bat ezartzea funtsezko gaiei, hala nola oparotasun eta eraldaketa industrialari, osasunari, etorkizuneko garapenerako azpiegitura estrategikoei, kulturari eta euskarari", zehaztu du Imanol Pradalesek, eta gaineratu du Euskadiren eta Nafarroaren konpromisoa dela hori "eguneratzea eta berritzea".
Estatuko eta munduko gaurkotasuna izan da bi agintarien arteko bileran aztertutako beste gaietako bat, eta, zehazki, Europan eta Estatuan zabaltzen ari diren olatu antidemokratikoak eta populismoa. Lehendakariaren hitzetan, horien aurrean "gure kezka sakona agertu dugu".
Ildo horretan, Imanol Pradalesek minutu batzuk eskaini dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko Kontzertuari eta Hitzarmen Ekonomikoari, "jasaten dituen eraso interesatu, bidegabe eta funtsik gabeak" salatzeko. Lehendakariak gogorarazi duenez, antolatzeko modu hau "Europar Batasunak berak blindatu eta balioetsi du, eta Estatuarekin eta gobernuekin hitzartu du".
"Gaur, beste behin ere, eta beharrezkoak diren aldi guztietan, Kontzertua eta Hitzarmen Ekonomikoa defendatuko ditugu, baita horren berezitasuna eta gure Gobernuek historikoki egin duten kudeaketa zorrotza ere", azpimarratu du Pradalesek.
Eraso horiek ordezkari publikoek ere jasaten dituzte pertsonalki, eta Lehendakariak bere hitzaldiaren azken minutuetan aipatu nahi izan ditu, "onartezinak eta demokraziaren aurkakoak" direla baieztatuz. Hori dela eta, duela gutxi aurkeztu duen jarduera politikoan gizalegez aritzeko dekalogoaren balioa nabarmendu du.
"Elkarrizketaren kultura egunero elikatu behar da. Ekintza bakoitzean. Eredugarriak izan gaitezen ", amaitu du Imanol Pradalesek.
Lehen hartu-eman honekin, Pradales Lehendakariak eta Chivite Presidenteak amankomunean dituzten intereseko gaietan loturak areagotzeko eta etorkizuneko erronkei ikuspegi partekatu batekin aurre egiteko oinarriak ezarri dituzte.
Bisita Nafarroako Parlamentura
Agerraldiaren ondoren, Lehendakaria Nafarroako Parlamentura joan da, Unai Hualde Presidentearekin bildu eta Parlamentura bisita egiteko.