Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio berrikuntzan nekazaritza dibertsifikatzeko laguntzen deialdiari, 900.000 euro guztira (Gobernu Bilera 2024-09-03)
- Dirulaguntzak mota honetako ustiategientzat: lupulua, okintzarako zerealak, fruitu lehorrak, esne-ahuntza, trufa, mahairako sagarra, olio-landareak gizakien edo animalien elikadurarako, olibadiak eta fruitu gorriak
Imanol Pradales lehendakaria buru izan duen Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredoren aginduari. Agindu horren bidez, nekazaritzako azpisektoreen dibertsifikaziorako laguntzen inguruko deialdia egin da 2024rako, kalitateari edo ekoizpen-eraldaketari lotutako berrikuntzaren esparruan, 900.000 euroko zenbatekoarekin.
2024ko ekitaldian emango diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 900.000 eurokoa izango da, eta honela banatuko da ustiategien artean: lupulu-ustiategiak: 90.000 €; okintzarako zerealen ustiategiak: 30.000 €; fruitu lehorren ustiategiak (intxaurrondoak eta hurritzak): 100.000 €; esne-ahuntz ustiategiak: 200.000 €; trufa-ustiategiak: 100.000 €; mahairako sagarren ustiategiak: 120.000 €; gizakien edo animalien elikadurarako olio-landareen ustiategiak: 100.000 €; olibadi-ustiategiak: 40.000 €; eta fruitu gorrien ustiategiak: 120.000 €.
Bi laguntza mota dira: ekoizpenak edo ustiategiaren zati batek ekoizpen-jarduera garatzen laguntzen duten inbertsioak egiten dituzten ustiategien titularrei zuzendutakoak, eta ustiategiaren zati batean edo osoan nekazaritza-jarduerak abian jartzeko ustiategien titularrei ematen zaizkien hasierako laguntzak
Onuradunen artean, honako baldintza orokor hauek betetzen dituzten ustiategien titular edo titularkide diren pertsona fisiko edo juridikoak egon daitezke: Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan dagoen ustiategi baten titularra edo titularkidea izatea, edo Gaztenek programaren barruan sektorean sartzeko prozesuan egotea (proiektua onartuta duela), NPBPEn gazteak sektorera sartzen laguntzeko xedatutakoaren arabera; ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea; animalien trazabilitatearen, ongizatearen, higienearen eta osasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea, eta deialdi honen aurreko azken hiru urteetan eremu horietan arau-hausteak egiteagatik zehapenik jaso ez izana.
Era berean, ustiategi osoa edo haren zati bat honako ekoizpen-azpisektore hauetakoren batean nekazaritza-produkziora bideratzea eskatzen da: lupulua, barietate jakin batzuetako okintzarako zerealak, fruitu lehorretarako zuhaitz-landaketak (intxaurrondoa eta hurritza), esne-ahuntza, trufa, gizakien edo animalien elikadurarako hotzean prentsatzeko olio-landareak, olibadia, mahairako sagarra eta fruitu gorriak; eta Europako Batzordearen Erregelamenduaren definizioaren arabera ETE bat eratzea; horren arabera, nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta barne-merkatuarekin bateragarriak diren landa-eremuetan laguntza-kategoria jakin batzuk deklaratzen dira.
Mugak
Ezin izango dira onuradun izan epai irmo bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuak izan diren pertsonak edo erakundeak, edo prebarikazio, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik zigortuak izan direnak; era berean, ezin izango dira onuradun izan konkurtsoan dauden eta edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo diren borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, salbu eta konkurtso horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende badaude edo desgaituak izan badira, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
Halaber, ezingo dute laguntzarik jaso —errudun deklaratuak izan direlako— Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin dutenek edo pertsona fisikoa, merkataritzako sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, hauek bateraezintasunen erregimeneko kasuren batean sartuta baldin badaude.
Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten pertsonek, edo erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean zerga-egoitza dutenek, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenek, ezin izango dituzte laguntza horiek eskatu.
Era berean, ezin izango dituzte laguntzak jaso lege honen edo beste batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin ebazpen irmo baten bidez zigortuak izan direnak; hondakinengatik eta kutsatutako lurzoruengatik arau-hauste larri edo oso larriagatik zigortuak izan direnak; eta desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez dutenak.
Baldintzak
Baldintza orokorrez gain, honako baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dira: lupulua lantzen duten ustiategien titular edo titularkideen kasuan: gutxienez 0,20 Ha lupulu landatzea 2024an. Ustiategia ekoizpen merkaturagarrian badago: Batzordearen 2006ko abenduaren 14ko 1850/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera, ekoizpena ziurtatuta egotea. Garagardoa ekoizteko, bertako ekoizpena Euskal Garagardo Elkarteko egileei saltzea. Beste ekoizpen batzuetarako, beren ekoizpena lehentasunez EAEko operadoreei eskaintzea.
Okintzarako zerealak landatzen dituzten ustiategien titular edo titularkideentzat: 2023an (2023-2024 kanpaina) gutxienez 20 Ha zereal erein izana, okintzarako honako espezie eta barietate hauetakoak: garia (Espelta, Soissons, Rebelde edo Filon barietateak) eta zekalea (okintzarako edozein barietate). Norberaren ekoizpena merkaturatzea Euskal Ogia egiteko edo ekoizpen ekologiko ziurtatuan.
Fruitu lehorren landaketak (intxaurrondoak eta hurritzak) dituzten ustiategien titularrentzat: 2024an intxaurrondoak eta/edo hurritzak landatzeko hektarea 1 gutxienez landatzea. Ekoizpen ekologikoaren ziurtagiriarekin edo 4.0 nekazaritzarekin lotutako aholkularitza egiaztatuaren bidez landatzea (fertiirrigazioa, ureztatzea, hala badagokio, tantaka edo mikroihinztatzea, lurzoruen analisia, ongarritze selektiboa, etab.). Ekoizpenean egonez gero, fruituak ustiategian ontziratzea edo enpresa eraldatzailearekin kontratua izatea.
Esne-ahuntz ustiategien titular edo titularkideentzat: ustiategia Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea. Ahuntz-ekoizleen elkarte batean behar bezala erregistratuta egotea. 2024an gutxienez 50 ahuntz-buru jezten izatea. Esnearen errendimendu- eta kalitate-kontrolak egitea, EAEn erregistratutako aholkularitza-zentro baten bidez, eta erreferentziazko laborategi baten ziurtagiria izatea. Ustiategian esnea artisau-gazta, gazta ekologikoa edo Label Gaztaberri markakoa ekoizteko eraldatzea, edo Label Gaztaberri gazta ekoizteko esne-ekoizle gisa erregistratuta egotea.
Trufa-hazkuntza duten ustiategien titular edo titularkideentzat: gutxienez 0,5 Ha berri landatzea ustiategian 2024an. La Trufa de Álava S. Coop. izeneko kooperatiba-sozietateko kide izatea edo produkzioa kooperatibaren bidez merkaturatzea. Trufa Tuber melanosporum Viit duen zurbeltz eta/edo haritz mikorrizatuaren bidez haztea.
Gizakien edo animalien elikadurarako olio-landareak landatzen dituzten ustiategien titular edo titularkideentzat: 2024an industria-erabilerarako izango ez den koltza, liho eta/edo ekilore hektarea berri bat landatzea gutxienez (hotzean prentsatzea, findu gabe). Findu gabeko bitarteko mekanikoen bidez ekoizpena eraldatzea eta ekoizpenaren % 50, gutxienez, animalien elikadurara eta % 30, gutxienez, giza kontsumora bideratzea.
Olibondoak dituzten ustiategien titular edo titularkideentzat: ustiategian gutxienez hektarea 1 landatzea Arabako Errioxako edo Arabako Mendialdeko eskualdeetan. APRORAren olio-errotan ehotzea. Eusko Labelean edo ekoizpen ekologiko ziurtatuan inskribatuta egotea, edo, hala badagokio, ekoizpenaren % 50 merkaturatzea.
Mahaiko sagarra landatzen duten ustiategien titular edo titularkideentzat: Topaz, Elstar, Mairac, Errezila, Crimson crips, Smeralda, Kanadako Reineta grisa edo Dalinco barietateetako mahairako sagarrondoa landatzeko 2.500 m2 gutxienez erabiltzea. Ureztapena ezarrita duen 4 x 1,25 m2-ko edo gutxiagoko landaketa-esparru bat erabiltzea. Bertako ekoizpena frutazainen baterako komertzializatzailearen bitartez merkaturatzea.
Fruitu gorriak (marrubiak, ahabiak, basaranak, mugurdiak eta masustak) landatzen dituzten ustiategien titular edo titularkideentzat: gutxienez 2.500 m2 landatzea aire zabaleko landaketetan, eta 1.000 m2 berotegiko landaketetan. Tantakako ureztaketapean landatzea eta, batez ere, maneiu agroekologikoan: maneiu agroekologikoa (ziurtagiririk gabe) ezarpenaren lehen 4 urteetan eta ekologikoa (trantsizioko erregistroa EKOLURRAn) ezarpenaren 4. urtetik aurrera.
Laguntza ematen den aldian izurri eta gaixotasunen maneiua eta ongarriztatzea zehaztuko dituen plangintza aurkeztu beharko da. Ekoizpena zirkuitu laburretan merkaturatu beharko da gehienbat, bertako produktu gisa.
Izapideak eta dokumentazioa
Eskatzaileek laguntza-eskabidearen eredu normalizatua bete beharko dute, eta, eskabidearekin batera, egin beharreko inbertsioaren memoria aurkeztu beharko dute, honako datu hauek jasota: ustiapenaren titularra den sustatzailearen identifikazioa; enpresa-egitura. Sozietate Zibilen eta Ondasun Erkidegoen kasuan, adierazi beharko dira bertako partaide guztiak eta hauen NAN zenbakiak; proiektuaren kokapena eta deskribapena (ekoizpen-prozesua, aurreikusitako inbertsioak, merkaturatzea). Ezarri beharreko berrikuntza teknologikoaren deskribapena. Eta Bideragarritasun Plana.
Eskatzaileek, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute. Bertan, aurkeztutako dokumentazioa egiazkoa dela eta eskatutako baldintzak betetzen direla adieraziko dute.
Aurkezpena
Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta egin beharko dituzte ondorengo izapideak. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos
Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa.