Elkarlan Sariak
qrcode

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gazteen garraio publikoaren erabilera babesteko akordioak defendatu ditu

2024-09-03
  • Susana García Chuecak azaldu du Eusko Jaurlaritza "bere esku dagoen guztia" egiten ari dela "Euskadin abiadura handiko trenaren eraikuntza bizkortzeko"


Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak astearte honetan Cadena Ser irrati kateko La Ventada Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Espainiako Gobernuak garraio publikorako hobariei buruzko indarreko araudia mantentzen badu, % 50eko deskontua mantenduko da (Espainiako Gobernuak finantzatutako % 30, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako % 10 eta tokiko operadoreek finantzatutako gainerako % 10a) eta Eusko Jaurlaritzak, datorren urteari begira, bidaien prezioa erdira jaisteko laguntzei eutsiko die. Administrazio zentralaren luzapena gauzatzen ez bada "alternatibak aztertuko ditugu eta Euskadin tarifak integratzeko bidean aurrera egingo dugu, azken hau erronka zaila da eta bide luzeagoa du, baina akordio bat bultzatu nahi dugu adingabeengan eta beste kolektiboetan pentsatuz, hori izango da gure lehentasuna Gobernu gisa".


Garraioetako arduradunak gogorarazi du garraio publikorako hobariak herritarrak arintzeko neurrien sortaren parte direla, testuinguru "geoestrategiko zailean, klase ertainari eta familiei laguntzeko unean uneko neurriak baitira". "Gure eredua Mugi txartelak jarraitzen duena da, garraio publikoaren erabilera saritzea eta gehien behar duenari eta gazteei laguntza gehiago ematea", azaldu du.


Abiadura handiko trena
Azpiegituren arloan, Garcia Chuecak defendatu du Eusko Jaurlaritzak "gure esku dagoen guztia" egiten ari dela "Euskadin abiadura handiaren eraikuntza bizkortzeko, oso serio hartzen ari gara obrak", eta adibide gisa jarri du Euskal Trenbide Sareak (ETS) dagoeneko esleitu duela Bilbora sartzeko eraikuntza-proiektua. Obra hau 6 kilometroko tunel bat da eta 3,3 milioi euroren truke esleitu da, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin. Halaber, Arkauteko korapiloa (Gasteiz) bultzatzeko Espainiako Gobernuak egindako gomendioa "epe laburrean" itxita egongo dela adierazi du.


Euskal Y-a Nafarroarekin lotzeari dagokionez, sailburuak gogorarazi du erabakia ez dela oraindik hartu eta beharrezkoa dela Garraio Ministerioa egiten ari den irizpide anitzeko azterketari itxarotea, "gure komunikazioen garapenari eta mugikortasunari eragiten dion erabakia hartzeko". Ildo horretan, nabarmendu du, , horri buruz mintzatu diren erakunde guztiek puntu komun bat dutela erabakia hartzeko: "denok ados gaude azterketa gehiago egin behar direla erabakia hartu baino lehen".


Aldiriko trenak
Garcia Chuecak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza Renferekin ari da lanean martxoan sinatutako aldiriko trenaren transferentzia gauzatzeko. "Renferekiko harremana oso ondo doa", adierazi du, eta "Karrantza eta Aranguren inguruetan eta Arabako Lautadan hobekuntzak proposatzeko lanean ari gara", gaineratu du. Sailburuak "aldiri hobeak" defendatu ditu, Jaurlaritzak orain arte Gobernu zentralak Renferen bidez kudeatzen zituen aldiriko zerbitzuak bere gain hartu ostean.


Iraultza Gipuzkoan
Gipuzkoan, Euskadiko garraioaren arduradun nagusiak adierazi du "iraultza oso bat" gertatzen ari dela, eta horren adibide da Donostialdean topoaren lurpeko pasabidea, hiru geltoki berri eraikitzen ari baitira. Azkenean, Kontxakoan, hilabete honetan amaituko da indusketa, eta aurreikuspenen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoa amaituta egongo da. "Obra honek lurraldeko gainerako lekuetara gehiago hurbilduko gaitu", azpimarratu du eta hiriko trafikoa aterako duela defendatu du.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-09-05

    Ezin da izan garraio publikoko ibilgailuak une batzuetan erdi hutsik ikustea horrek dakarren gastuarekin, eskaria antolatzea ibilgailu pribatuaren erabilera ahal den neurrian zigortuz, inpaktu handiagoa dakarrelako, eta une oro prebentzio- eta segurtasun-neurriak bermatzen dituelako.

  • Argazkia Xaver
    2024-09-05

    No puede ser que haya vehículos de transporte público se vean por momentos medio vacíos con el gasto que eso supone, organizar la demanda penalizando el uso vehículo privado en lo posible ya que supone un mayor impacto, garantizando en todo momento la preventiva y seguridad.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak