Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Eraikuntzaren arloko Euskadiko lehen konferentzia

2012.eko martxoak 12

 Arriolak birgaitze eta hiri-berrikuntza iraunkorrak hazteko eta enplegua sortzeko duen potentzial handia azpimarratu du

Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak Eraikune-Eraikuntzako Klusterraren Batzarraren barruan urtero egitekoa den Eraikuntzaren arloko lehen Konferentzia ireki du.

 Arriolak bere hitzaldian azaldu duenez, etxebizitza-politiketan lan egiten duten eragileek beren estrategiak berbideratu beharrean gertatu dira, eta batez ere, iraunkortasun irizpideetan oinarritutako eraikinen birgaitzearen eta hiri-berrikuntzaren alde egin dute. Hainbat dira norabide aldaketa hori bultzatu duten faktoreak: eraikin-parkea gero eta zaharragoa da (ia % 75 1980 baino lehenagokoak dira); energiaren aldetik oso eskasak dira; biztanleria zahartzen ari denez, etxez etxeko asistentzia-zerbitzuen beharrei erantzuteak laster karga sozialak handiak izango dira; eraikin berriak egiteko lurzoru gutxi dago erabilgarri; eta eraikingintzako jarduera ikaragarri jaitsi da (EAEn 1.000 biztanle eta urteko eraikingintzaren batez bestekoa 4,2 etxebizitzakoa da, eta Europan 7,7koa).

 Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta Innobasquekin elkar hartuta, eraikingintza iraunkorrerako berrikuntza-dinamika bat jarri du martxan.

 Lan-dinamika horren xedea da herritarren ongizatea eta ingurugiroa hobetzea, eta aldi berean, enplegua sortzea eta industria-lehikortasunerako beste merkatu-zoko bat garatzea.

 Dinamika horren barruan orain arte egindako lanen artean honakook azpimarratu ditu Arriolak: 

  • EAEko eraikin-parkea berritzeko beharren diagnostikoa; diagnostiko horrek etorkizunean eraikinen baldintzengatik, hiri-inguruagatik, jarduera ekonomikoagatik eta biztanleriaren baldintzengatik benetan arazoak izateko benetako arriskua duten lekuak identifikatzeko balio du.

 

  • Ibilbide-orria, prozesuan esku hartzen duten eragile bakoitzak sektorearen trantsizioa ahalbidetzeko, lortu behar diren tarteko mugarriak eta ekintzak zehaztuko dituena. Prozesu hau Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin elkarlanean ari gara garatzen, eta hainbat sozietate publiko (VISESA, EEE eta IHOBE) eta klusterren (tartean, ERAIKUNE, GAIA, ACLIMA eta ENERGIAkoaren) partehartzearekin, klusterren arteko lankidetza izango duen lehen esperientzia izango delarik. Jaurlaritzaren helburua da dokumentu hau apirilean zehar aurkeztea.

 

  • Birgaitzeetarako laguntzen aginduan eranskin bat sartu da, eraikinak energiaren aldetik birgaitzeko laguntzak nabarmen igotzen dituena, eraikineko 45.000 eurora arte; gaur egun, berriz, 2.000 eta 3.000 € artekoak dira. Formula berriak obra handiagoak egitera bultzatzen ditu partikularrak, eta beren eraikina energiaren aldetik eraginkorragoa izan dadin esku hartzeko aukera ematen die.

 

  • Revive laguntzen agindua, 9,3 milioi euroz hornitua, eraikinen birgaitze integrala sustatzeko, eraikin osoa, etxe-multzoa edo auzoa osoa hartuta, etxebizitza bakoitzeko 15.000 euro arteko laguntzarekin.

 

  • Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin lankidetzan dihardugu, 7 milioi euro arteko laguntzen agindua prestatzen, langabetuak prestatzeko eta kontratazioa bultzatzeko, eta udal mailan birgaitze-aholkulari teknikoaren figura sortzeko.

 

  • Gainera, Europako Inbertsioen Bankuari eskaera bat egiteko gestioak egiten ari gara, politika hori guztia martxan jartzeko Laguntza Tekniko bat gara dezan eta horretarako finantzaketa-linea berezi bat jartzeko aukera azter dezan.

 

  • Eta ekimen publiko eta pribatuen arteko lankidetza-ekimenak burutzeko esperientzia pilotuak ere abiarazi dira, horrelako prozesuek, batez ere finantzen eta partikularrekiko kudeaketaren aldetik izan ohi dituzten oztopo handiak gainditu ahal izateko. 

"Baina ekintza horiek guztiak martxan jartzeko,-guztiak osotasunean hartuta herri-proiektu garrantzitsu bat osatzen baitute-, eragile guztien erantzukizuna eta parte-hartzea behar dugu, eta jakina, baita eraikingintzaren sektorearen balio-katea osatzen duten eta ERAIKUNE klusterraren oinarri sozial diren enpresena ere" esan du sailburuak.

 Sailburuaren iritziz "aukera paregabea da azken urteotan atzera egin duen jarduera ekonomikoa suspertzeko, baina baita sektore lehiakorrago baterantz egiteko, bai tokian bertan, bai eragin-eremu hurbilekoenari begira".

 Arriolaren esanetan, krisi-egoera honetatik indartuta eta balioa sortzeko gaitasun handiagoarekin irteteko, ezinbestekoa da lankidetzan jardutea, eta arreta pertsonengan eta iraunkortasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoan jartzea, eta horretarako berrikuntza eta merkatu berriak bilatzea.

 Horrela bada, birgaitzeari beste buelta bat emanda, eraikuntzaren sektorea eraldatzen lagunduko dugu, erreforma sakon baten beharrean baitago. Iraunkortasun-irizpideei jarraituz egindako eraikingintzak merkatu-potentzialtasun handia du, eta hazkunde ekonomikoa % 3 eta 5 ingurukoa izatea aurreikusten da Europan, batez ere energiaren aldetik oso eragingarriak izango diren birgaitzeen bidez. Europan 2050 urtean arlo horretan bilioi bat euro inguru inbertituko direla kalkulatzen da. Neurri honekin gas kutsatzaile gutxiago isurtzea lortu nahi da, eta 2050rako jarrita dauden mugak bete; horrek esan gura du Europako eraikin-parke ia osoa berritzea, urtean batez beste % 2,9 eraikin berrituz, eta ez orain arte bezala, % 1,2". Azken finean eraginkorrak izatea lortzen badugu, gure enpresak benetan erreferente bihurtzeko aukerak ematen dituen merkatu baten aurrean gaude.

 Etxebizitza sailburuarentzat, eraikigintza iraunkorra, ekonomia garatzeko aukera gisa, enplegua sortzeko merkatu-zokorik garrantzitsuenetakoa da, inbertitzen den milioi euroko 8 enplegu zuzen sortzen baititu, batez beste. Horregatik, Eusko Jaurlaritza buru-belarri ari da lanean arlo honetan.

 Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzen eraginari buruzko azterlan baten arabera, inbertitutako milioi euroko, 23 enplegu sortzen dira, enplegu zuzen, zeharkako eta induzituak, denak hartuta.  Eraikingintzak eraikuntzaren sektoreko beste arlo batzuk (azpiegiturak edo obra zibilak) baino bost aldiz enplegu gehiago sortzeko gaitasuna dauka. Eta gainera, tokiko enplegua sortzen du, era homogeneoagoan banatuta eta enpresa txiki, gremio eta profesionalek garatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)