Euskadiko 160 autoeskolatan gidabaimena euskaraz atera daiteke
- Ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimena atera nahi duenak eskura ditu eskuliburuak eta online bidez ikasteko euskarriak
- Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak Eusko Jaurlaritzaren babesarekin materialak euskaraz prestatu ditu
Ikasturte berriaren atarian, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi nahi du ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimena euskaraz eskuratzeko aukera dagoela Euskadiko 160 autoeskolatan. Autoeskola horietan ikasleei euskarazko eskuliburuak eta online bidezko euskarriak (test-ak) emango zaizkie. Material horiek Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak prestatu zituen iaz Eusko Jaurlaritzaren babesarekin hizkuntza-eskubideak arlo honetan ere bermatzeko, hau da, nork bere hizkuntzan ikasi ahal izatea.
Lankidetza horrek 3 helburu zituen:
- Gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortzea, batik bat gazteen artean.
- Gazteak erakartzea eta gidabaimenak euskaraz lortzea prozesu entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea izatea.
- Materialaren kalitate bermea ziurtatzea, sortzerakoan eta aurrerantzean egingo diren eguneraketetan.
Nori zuzenduta daude?
- AM (ziklomotorra), A1-A2 gidabaimenak 15 urtetik gorako gazteentzat.
- B gidabaimena 18 urtetik gorako gazteentzat.
Ze material dago?
Sortu den materiala Euskal Herrian lokalizatuta dago (argazkiak, eredu diren seinaleak, irudiak…). Material guztia online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala.
- Guztira 4 eskuliburu prestatu dira, bai paperean eta baita online formatuan ere. Gai bakoitzaren hasieran ikasleak gai horretan ikasiko duenaren inguruko bideoa txertatu da (QR baten bidez). Eskuliburuak bere osotasunean deskargatzeko ezinbesteko baldintza da proiektuarekin bat egin duen autoeskolaren batean izena emanda egotea.
- Test-ak. Aplikazio berezi bat prestatu da ikasleek eus web atariaren bitartez egin ahal izateko.
Autoeskolak
160 autoeskolak bat egin dute proiektuarekin. Eskuliburuak bere osotasunean deskargatzeko edota test-ak egin ahal izateko ezinbesteko baldintza da proiektuarekin bat egin duen autoeskolaren batean izena emanda egotea. Ikusi hemen.
Etorkizuneko pausuak
Azterketa praktikorako ere irakasleentzako euskarazko terminologia lantzeko tresnak eskainiko dira eta laster autobus eta kamioietarako gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala prest egongo da.