Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek elkarrekin finantzatuko dute Euskadiko suteak itzaltzeko helikoptero bat

2024-08-30
  • Klima-aldaketak gero eta eragin handiagoa du, eta muturreko fenomeno meteorologikoek gora egin dute, hala nola tenperatura oso handiek eta iraunkorrek; horrek nabarmen areagotu du baso-suteak izateko arriskua 
  • Hitzarmen honek suteak itzaltzeko lanak erraztuko ditu eta erantzun-ahalmena handituko du, lurretik hain irisgarriak ez diren lekuetara iristea eta erantzuteko denbora murriztea ahalbidetuko baitu

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek gaur sinatu dute suteak itzaltzeko helikoptero bat elkarrekin finantzatzeko hitzarmena. Erakunde arteko akordio horrek klima-aldaketak Euskadin duen eragin gero eta handiagoari erantzuten dio. Izatez, klima-aldaketaren isla dira muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna handitu izana, eta fenomeno horietako batzuek, hala nola tenperatura altuek eta iraunkorrek, baso-suteak izateko arriskua areagotzen dute. Ekitaldian parte hartu dute Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Jone Berriozabal Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatuak, Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatuak eta Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko foru-diputatuak.  

Gaur sinatutako hitzarmenari esker, irailaren 1etik aurrera Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek helikoptero bat izango dute suteak itzaltzeko. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, akordioa “lau erakundeek egindako analisi sakon baten emaitza da. Suteak itzaltzeko lehendik dauden ekipoak xede horretarako berariaz diseinatutako aireko baliabideekin osatzeko komenigarritasunari erantzuten dio”.

Gobernu Kontseiluak 1,2 milioi euroko aurrekontu-partida onartu zuen aurtengo otsailean zerbitzu hori errentamendu-erregimenean kontrata zedin (891.000 € errentamendurako eta 330.000 €-ko zenbatekoa gehienez 240 orduko hegaldirako). Gastu hori erakunde guztiek finantzatuko dute, ehuneko honen arabera:

  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila: % 17,50
  • Arabako Foru Aldundia: % 22,32
  • Bizkaiko Foru Aldundia: % 32,66
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: % 27,52 

Hitzarmenaren arabera, helikopteroa alokatzearen kostuaz gain, erakunde bakoitzak finantzatuko ditu helikopteroa haien lurraldean erabiltzen den ordu bakoitzeko kostuak.

Gaur sinatutako akordioak bi urteko indarraldia izango du, eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango da. Hitzarmena egikaritzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatze aldera, eta jarduera horiek gainbegiratze, jarraitze eta kontrolatze aldera, batzorde bat sortuko da —lau erakunde horietako bakoitzak bi kide izendatuko ditu batzorde horretarako—. 

Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, hitzarmen horri esker “suteei erantzuteko ahalmen handia izango dugu. Azkarrago jardun ahal izango dugu, eta lurrez iristeko zaila den lekuetara iritsi ahal izango gara”.

Arabako Foru Aldunditik Jone Berriozabalek azpimarratu duenez “beste urrats bat eman dugu Arabako geografian suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ematen ari garen kalitatezko zerbitzua hobetzeko, gure 6 parkeen bidez eta gure giza taldeen lanari esker. Hemendik aurrera, aire-bitarteko bat izango dugu eskura, eta, gainera, Araban baso-suteak izateko arrisku handiena dagoen garaian, Arabako lurraldean izango du oinarria”.

Bestalde, Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatuak adierazi duenez, helikopteroak Bizkaiko baso-suteetarako larrialdi-planean (INFOBI) barne hartzen diren beste neurri batzuk osatuko ditu, hain zuzen ”baso-suteei aurre egiteko ahalmena areagotzen duten neurriak, eta, helikoptero hori abian jartzearekin batera, larrialdi horiek gure lurraldeetan izan ditzaketen ondorioak murrizten lagunduko digutenak”. “Nolanahi ere, suteak itzaltzeko helikoptero bat eduki ahal izatea urrats kualitatibo handia izango bada ere, espero dugu inoiz erabili behar ez izatea, edo ez, behintzat, baso-sute handi batean. Horretarako, prebentzioan lan egiten jarraituko dugu, Bizkaiko Foru Aldundiak garatzen duen baso-politikaren ardatza den heinean. Baso-kudeaketa jasangarrian oinarritutako prebentzioa izango da, basoen kontserbazioa eta produkzioa bateragarri egingo dituen kudeaketan, mosaiko moduko landaketak eta etenak dituen kudeaketan oinarritutakoa... Ondo kudeatutako basoak, zainduak eta suarekiko erresilientzia handiagoa dutenak”.

"Gipuzkoako lurraldearen ezaugarri bereizgarri bat baso-masa da, eta, beraz, horrelako itzaltze-gailuak izateak garrantzia hartzen du, larrialdi mota horien aurrean azkar eta eraginkortasunez jarduteko", adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak. Arrutik positibotzat jo du helikopteroa, "Gipuzkoako Foru Aldundiak egun dituen prebentzio-neurriak eta sua itzaltzeko bitartekoak osatzeko". Ildo horretan, Gipuzkoako suhiltzaileen eta basozainen lana nabarmendu du, baita lurraldean banatuta dauden eta baso-suteak itzaltzen laguntzen duten 68 boluntario baino gehiagoren lana ere. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak pistak mantentzeko eta basoak, mendiak eta baso-eremuak garbitzeko egiten dituen lanak nabarmendu ditu "horrelako egoerak prebenitzeko eta minimizatzeko eta, horrela, gure ingurune naturala zaintzeko". 

Helikopteroaren ezaugarriak eta operazio-baseak 

Helikopteroa turbina bakarreko modelokoa izango da eta 900 litro ur garraiatzeko eta orduko 200 kilometrora baino gehiagora hegan egiteko gaitasuna izango du. Foru-aldundien koordinazio-zentroek eskatuko diote Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari (SOS-Deiak) helikopteroa mobilizatzea.

Pilotuaz gain, aireontziak larrialdi-operazioan parte hartzen duten bost pertsona eraman ahal izango ditu, egoki iritziz gero. 

Aireontziak suteak itzaltzeko zerbitzuari laguntzeko misioak beteko ditu. Horren barruan sartuko dira, inguruabar zehatzen arabera, brigadak sute-guneetara eramatea, ura isurtzea (aparduna izan edo ez), eta zaintza, jarraipen eta koordinazioko hegaldiak egitea.

Aireontziak SOS Euskadi-112 Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez soilik mobilizatuko dira. Aireontziaren ibilbidearen jarraipena aipatutako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak eta eraginpean dauden foru-aldundietako koordinazio-zentroek egingo dute, denbora errealeko jarraipen-plataforma baten bidez.

Helikopteroak bideo-irudiak denbora errealean hartu, grabatu eta transmititzeko eta irudi horiek foru-aldundietako koordinazio-zentroetara eta SOS Euskadi 112 Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora GPRS kamera bidez bidaltzeko sistemak ditu.

Helikopteroaren operazio-baseak zehaztean kontuan hartu dira Euskadik sute-arriskurako dituen ezaugarriak. Udan, arrisku hori handiagoa da barnealdean, eta, hartara, urteko sasoi horretan helikopteroaren basea Langraiz Okako Suhiltzaileen Parke Zentralean egongo da. Udazkenaren eta neguaren etorrerarekin, ordea, arriskua Bizkaira eta Gipuzkoara lekualdatzen da, udan metatu diren baso-azalerak geldialdi begetatiboan sartu eta balizko su baten aurrean erregai gisa jarduten baitute. Izatez, joan den urtean gure lurraldean bost hektareatik gora hartu zituzten hiru suteak martxoan gertatu ziren. Erakundeak lanean ari dira udazkenean eta neguan helikopteroaren base operatiboa geografikoki estrategikoa den leku batean egon dadin, bertatik ahalik eta modurik eraginkorrenean lan egin ahal izan dezan.  

Baso-suteen aurkako borroka

Erregistratutako suteen kopuruari dagokionez, Euskadi beste autonomia-erkidego batzuetatik urrun dagoen arren, baso-suteak itzaltzeko helikopteroaz zuzkitzeko erabakia duela bi urte izandako suteen ondorioz hartu zen, bereziki Balmasedan izandako sutearen ondorioz. Erabakiak, beraz, horrelako egoerei aurrea hartzeko erakundeen nahiari erantzuten dio, batik bat klima-aldaketaren ondorioek arriskuak areago ditzaketela kontuan izanik. 

Euskadik orain arte ez zuen baso-suteen aurka borrokatzeko aireko baliabide espezifikorik, ez propiorik, ez alokaturik. Orain arte, suteak itzaltzeko baliabide propioak (Eusko Jaurlaritzarenak, foru-aldundienak eta udalenak) soilik lurrekoak izan dira. Aireko baliabidea edukitzeak baso-suteei erantzuteko denborak murrizten lagunduko du, eta, hala, erretako hektarea kopurua txikiagoa izango da eta oinez iristeko zailak diren zenbait eremutara iristeko arriskua ere txikiagoa izango da. 

Suteak itzaltzeko helikopteroak, lurreko baliabideekin batera erabiliko denak, eraginkorrago eta integralago bihurtuko du baso-suteen aurka borrokatzeko sistema.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Baskegur
    2024-08-30

    Comentario de X:
    La gestión forestal sostenible es la mejor garantía para prevenir incendios, pero cuando estos se producen es vital contar con medios de extinción adecuados para reducir sus consecuencias. Zorionak a @Gob_eus y diputaciones por esta iniciativa.
    https://t.co/0S0sCYpPBd https://t.co/KNsThvu7bZ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak