Berriak Lehendakaritza
qrcode

Elankidetzak kolonbiako gatazka humanizatzeko ekimen bat babestuko du (Gobernu Bilera 2024-08-29)

2024-08-29

Gobernu Kontseiluak 50.000 euroko dirulaguntza onartu du Vivamos Humanos Korporazio kolonbiarrentzat. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak Kolonbiako gatazka humanizatzeko eta lurraldeetan bakea eraikitzeko ekimen bat babestuko du, gizarte zibilaren protagonismoarekin. 

Bake Akordioa sinatu arren, Kolonbiako hainbat lurraldeetan indarkeria eta egoera humanitarioak kezka handia izaten jarraitzen du. Guzti horrek eragin handia du biztanleria zibilean eta, bereziki, komunitate indigenetan, afrokolonbiarretan, nekazarietan, giza eskubideen defendatzaileetan, adingabeetan, emakumeetan, Bake Akordioaren sinatzaileetan eta migratzaileetan.

Duela urte batzuetatik hona, herrialdeak arlo humanitarioan bizi duen egoera kritikoaren aurrean, Vivamos Humanos Korporazioak “Mahai humanitarioak eta bakea eraikitzeko mahaiak” ekimena ezarri du eLankidetzaren laguntzarekin. Helburua da Kolonbiako gatazka humanizatzea eta gizarte zibilaren protagonismoarekin lurraldeetan bakea eraikiko duten baliabideak jartzea.

Dirulaguntzarekin, eLankidetzak Koordinakunde Humanitarioa osatzen duten 15 tokiko erakundeak indartu eta elkarlana sustatuko duen estrategia bultzatuko du. Gauzak horrela, eta giza eskubideen errespetuan urratsak emateko, koordinakunde horrek Kolonbiako Agenda Humanitario Nazionalaren proposamen aurkeztuko du tokiko, eskualdeko eta nazio mailako espazioetan.

Kolonbiako Bakearen eta Indarkeria Ezaren Hiri Agenda

Joan den uztailaren 9an, Bogotan, Bakearen eta Indarkeria Ezaren Hiri Agenda aurkeztu zen nazioarteko mintegi batean. Bertan, parte hartu zuten hainbat hautetsik eta Kolonbiako eta nazioarteko bakearen eta lankidetzaren arloko eragilek; tartean Euskadikoak. 

PHARE-Territorios Globales elkarteak eta Kolonbiako Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Presidentzialaren proiektu bat da, eLankidetzaren babesarekin. Helburua da hirietan ematen diren askotariko indarkeriak modu integralean heltzea. Era berean, ekimenaren xedea da gizarteratze ekonomikoa, bizikidetza baketsua eta herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea, indarkeriaren egiturazko oinarriei aurre egiteko eta Kolonbiako Erabateko Bake Prozesuari laguntzeko.

Hiru faseen bidez, proiektuak proposatzen du Bakerako eta Indarkeria Ezaren Hiri Agendaren eredu bat sortzea Buenaventuran, tokiko eragileekin artikulatuta dagoen lurralde zehatz batean kokatzea eta beste hiri batzuetan kopiatzeko gida bat egitea.

Lankidetza horren isla da aurtengo maiatzean Bilbon antolatu zen lantegia, Euskadiko esperientziatik Hiri Agendari ekarpenak egiteko. Gune horretan bakean eta giza eskubideetan adituak, euskal erakundeak eta GGKEek parte hartu zuten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko