Elkarlan Sariak
qrcode

Amaia Barredo: “Garrantzitsua da enpresa gazteetatik sortutako ekimen pribatua izatea lehen sektorean jarduera ekonomikoak sustatzen dituena”

2024-08-23
  • Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua Arabako Errioxako Esférica Jaialdian
  • Musika, gastronomia, kultura eta artea izango dira asteburu honetan Guardian, Samaniegon eta Bastidan
  • Karteletan Coque Malla, Ángel Stanich, Feet, Galerna eta María Jaume izango dira
  • Dastaketa “itsuak”, “akustikoak”, “lurraldeetakoak”, “basque wine dastaketak” eta gastronomia- eta arte-espazioak esperientzia moduan https://esfericariojaalavesa.com

Samaniego, Araba, 2024 08 23

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, beharrezkoa da “enpresa gazteetatik sortutako ekimen pribatuak lehen sektorean jarduera ekonomiko berriak sustatzea. Beti izango dute erakundeen laguntza”. Barredo Arabako Errioxako Esférica Jaialdiari hasiera emateko ekitaldian izan da, eta bertan, igandera bitartean, musika-, gastronomia-, kultura- eta arte-emanaldiak izango dira Guardiako, Samaniegoko eta Bastidako upategietan.

Amaia Barredorekin batera izan dira jaialdiari hasiera emateko ekitaldian Álvaro Azcárate eta Carlos Montilla, Arabako Errioxako Esférica Jaialdiaren zuzendarikideak; Cristina González eta Saray Zárate, Arabako Turismoko eta Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko foru-diputatuak; eta José María Elvira, Arabako Errioxako Kuadrillako presidentea.

“Arabako Errioxako Esférica bezalako ekimenek erakusten dute hau bezalako kuadrilla edo eskualde batek zer-nolako aukerak dituen bere burua sustatzeko eta gainezka dauden hiri-agendak baino gutxiago ez den bizimodu atsegin eta jasangarria garatzeko. Egia esan behar bada, Arabako Errioxak –eta, horrekin batera, Araba eta Euskadi osoak– bilakaera- eta garapen-une itxaropentsuak bizi ditu, nekazaritzaren munduan duen erreferentzia positiboarekin”, adierazi du Amaia Barredok.  

Barredok aipatu ditu “ardoaren merkatuen egungo gorabeherak”, izan ere, “ia jatorri-deitura guztietan lehia gora egiten ari da, prezioek gorabeherak dituzte eta merkataritza-lana zailagoa da. Zorionez, hemen, Arabako Errioxan, asko laguntzen dute gauzak ongi egiteak, gure jendearen prestakuntza bikainak eta Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik ematen den laguntza instituzional irmoak, eta, noski, baita gure produktuen kalitate bikainak ere”.

Garapena

Landa-garapenaz ari garenean, gure sektorerako baldintza berri eta hobeen beharraz ari gara, bai eta –hemen edo gure beste edozein kuadrilla edo eskualdetan– landako bizitza benetan erakargarri egingo duten elementuak izateko helburuaz ere”, azpimarratu du Barredok.

Euskadiko lehen sektorearen arduradun nagusiaren ustez, “landa-sustapenaren ideia hori ilusioz betetako etorkizun handiko ekintza baino ez da. Batez ere landa-lanean eta landako zerbitzu eta industrietan, arrazoizkoa den moduan gurea baino prestakuntza aurreratuagoarekin, gure lekua hartuko duten gazteentzat. Gazte horiek lan erakargarriak badituzte, aisialdi eguneratua eta kultura bizia badituzte, asistentzia- eta gizarte-zerbitzu guztiak badituzte, belaunaldien arteko txanda, neurri handi batean, bermatuta egongo da”.

“Eszenatokiak –Baigorriko upeltegi hau, esate baterako–, kartelak –Coque Malla, Angel Stanich, Feet, Galerna, María Jaume eta beste batzuk protagonista dituztenak– edo esperientzia originalak –«dastaketa itsua», «dastaketa akustikoa», «lurraldeetako dastaketa», «basque wine dastaketa» eta «gastronomia eta arte espazioak»– luxu erakargarriak dira Arabako Errioxako agertoki honetarako”, erantsi du Barredok.

Sailburuak zoriondu egin ditu “Arabako Errioxa eta Euskadiko lehen sektorea eta haren bizi-eskaintza aurreratu eta jasangarria, Europa garatuenaren helburuekin bat datorrena, zabaltzen eta sustatzen duten era honetako ekimenak egunez egun asmatzen eta bultzatzen dituztenak”.

Barredok “egun hauetaz gozatzera” animatu ditu Arabako Errioxako gazteak, “bai eta ingurune honetan jarduera eta ekimen ekonomiko jasangarriak sortzen jarraitzera ere, Arabako Errioxan egindako ardo bikainaz haratago”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • José María Elvira, Cristina González, Saray Zarate, Álvaro de Azcárate, Carlos Montilla