Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
qrcode

Miguel de los Toyosek: "Etxebizitza ondasun sozial gisa eta ez ondare-ondasun moduan ulertzeko kultura-aldaketa landu behar da"

2024-08-21
  • Etxebizitza sailburuordeak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, lankidetza publiko-pribatuaren eta kogobernantzaren garrantzia azpimarratu du, herritarrek etxebizitzaren arloan dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko bide gisa
  • De los Toyosek Jaurlaritzak abian jarritako neurriak ere aipatu ditu, hala nola Emantzipa eta Gaztelagun programak, eta baita Etxebizitzaren aldeko 2022-2036 Itun Soziala ere, "merkatu librea mobilizatzeko oso tresna garrantzitsua"

"Etxebizitza ondasun sozial gisa eta ez ondare-ondasun moduan ulertzeko kultura-aldaketa landu behar da, espekulazioa ekar baitezake; oso sustraietan dago, eta pedagogia egin liteke". Hala ziurtatu du Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordeak gaur goizean Radio Euskadiko Boulevardeko mikrofonoetan eskainitako elkarrizketan. Bertan, ordezkatzen duen eremuaren errealitatea eta aurre egin beharreko erronkak aztertu ditu.

Horrela, gaur egun gazteek emantzipatzeko dituzten arazoez galdetuta, De los Toyosek baieztatu duenez "Jaurlaritzak egin duen ariketa onena etxebizitza eskuratzeko arazo sozial bat dugula onartzea da" eta, aldi berean, onartu du gazteak direla "baldintza zailenak dituen belaunaldi-eremua". Horretarako, "arazoa konponduko ez duten arren, arazoa arintzeko eta konponbiderako bidea markatzeko" formulak bilatzearen garrantzia azpimarratu du.

Ildo horretan, Etxebizitza sailburuordeak Emantzipa eta Gaztelagun programen onurak azpimarratu nahi izan ditu, "ezinbestekotzat" jo baititu, nahiz eta "arazoari egiturazko irtenbiderik ematen ez" diotela onartu duen. Programa horiek osagarriak direla zehaztu du, eta Miguel de los Toyosek datu batzuk aipatu ditu: "aurtengo otsailetik, Emantziparen laguntza eskatu duten gazteen % 70ek alokatzeko eskatu dute, eta gainerako % 30ek erosteko". Gaztelagun programari dagokionez, "eskabideen kopurua 7.500etik gorakoa da".

Gainera, 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren garrantzia azpimarratu du, "oso tresna garrantzitsua baita merkatu librea mobilizatzeko, non etxebizitzari buruz zeresana duten guztiak biltzen diren". Hala, De los Toyosek adierazi duenez, "Jaurlaritzatik haien proposamenak entzun behar ditugu eta etxebizitza bilatzen ari denari lagundu behar diogu", eta baieztatu duenez, "Euskadi da etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta duen autonomia erkidego bakarra, eta, horri esker, merkatu librean sartzeko baliabideak eskaintzen dizkiegu herritarrei".

Udalekin lankidetzan aritzeko bideak

Elkarrizketan, De los Toyosek kogobernantza eta udalekin lankidetzan aritzeko bideak ezartzearen garrantzia azpimarratu du, etxebizitza eskuratzea erraztuko duten konponbideak bilatzeko bide gisa.

Horren erakusgarri, Azpeitiko Esklaboen komentuan gazteentzako alokairu-erregimeneko 48 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko egindako birgaitze-lanak aipatu ditu; lan horren bidez, sailburuordeak adierazi du "helburu bikoitza lortzen dela: udalerrian etxebizitza-eskaintza handitzea eta eraikinak eta espazioak berreskuratzea", eta lan hori "ez dela isolatua", gaineratu du, "Euskadik dituen 900 zuzkidura-alojamendu ingururen parkearen parte baita". "Udalei beste lankidetza-ildo bat izateko deia ere bada hau", adierazi du.

Helburu horretan, Miguel de los Toyosek EUDELek "politiketan ekimen komunak bilatzeko" duen garrantzia azpimarratu du, baita eremu horri eragiten dioten beste alderdi batzuetan ere, hala nola erabilera turistikoko etxebizitzetan, Etxebizitza sailburuaren hitzetan, "udalek arazo gisa barneratu behar baitute".

De los Toyosen ustez, udalen inplikazio hori funtsezkoa da tentsio handiko eremuak izendatzeko ere, eta, besteak beste, "aztertzen ari gara ea horrek etxebizitza turistikoak gaitzeko baimenak bertan behera uzteko aukera emango lukeen".

Azkenik, udalek behin eremu tentsionatu izendatuta ekintza-planak gauzatzeko duten hiru urteko epeari dagokionez, sailburuordeak adierazi du "urria dela, baina bide bat markatzeko aukera ematen dutela".

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-08-24

    Espekulazioak etxebizitzaren prezioa garestitzen du arrazoizko balioaren gainetik, hainbat modalitatetako alokairu irregularrekin batera. Etorkizuneko egoera kaltegarrietara eramaten du, baldin eta Estatuek ezin badute zorpetu hazkundea finantzatzeko, ongizateari eusten badio eta askotariko burbuilekin egindako materialen krisiek desberdintasunak areagotuko dituzte.

  • Argazkia Xaver
    2024-08-24

    La especulación encarece el precio de la vivienda por encima de su valor razonable junto a alquileres irregulares distintas modalidades, lleva a escenarios futuros adversos cuando los Estados no se puedan seguir endeudando para financiar el crecimiento sostenga el bienestar y venga crisis de materiales incluido con burbujas diversas aumentarán las desigualdades.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak