Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Gaur argitaratu da Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua

2012.eko martxoak 09

Gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua. Zortzi titulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu.

I. tituluan, xedapen orokorrak jaso ditugu, besteak beste, dekretuaren xedea, aplikazio-eremua, printzipio orokorrak, hizkuntzen erabilera eta daturik eta agiririk ez emateko eskubidea.

II. tituluan, bi gauza sortu ditugu: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoa eta Iragarki Ohol Elektronikoa. Egoitza eremu elektroniko bat da, eta zerbitzu elektronikoen berri emateko eta segurtasun, kalitate eta erantzukizun aldetik berme bereziak behar dituen informazioaren berri emateko erabiliko da. Iragarki Ohol Elektronikoa iragarki-ohol fisikoa osatzeko edo, beharrezkoa baldin bada, ordezkatzeko erabiliko dugu; noiz, ordea? Legez edo erregelamenduz hala xedaturik dagoela-eta, iragarki-oholean edo ediktu-oholean argitaratu beharrekoak diren egintzak eta komunikazioak argitaratu behar direnean.

III. tituluan, herritarrak eta administrazioa nola identifikatu eta haien jarduna nola autentifikatu zehaztu dugu. Hor utzi dugu adierazita sinadura elektronikoko zein sistema erabiliko diren administrazio-harremanetan. Laburbilduz: herritarrek, beren buruak identifikatzeko eta administrazio-izapideak sinatzeko, erabil ditzakete nortasun-agiri nazional elektronikoa, ziurtagiri elektroniko aitortuak eta sinadura elektroniko aurreratua. Baina, dena delako izapideak ez baldin badu segurtasun handirik eskatzen, hitzarturiko gakoak edo aurretiaz ezagutzen den beste informazioren bat ere erabil daiteke.

Ordezkarien Erregistro Elektronikoa ere III. tituluan dago arauturik. Interesdunek, batzuetan, beste pertsona batzuk ordezkari modura jarriko dituzte, beren izenean administrazioan zer edo zer elektronikoki egiteko. Ordezkaritza horien berri jasoko da erregistro honetan.

Administrazioak, berriz, bi gauza egingo ditu: bere langileei ziurtagiri elektroniko aitortuak emango dizkie, lanerako; eta, berak, bere aldetik, administrazio-jardun automatizatuetan, hau da, pertsonarik behar ez denetan, zigilu elektronikoak eta egiaztapen-kode seguruak erabiliko ditu.

IV. tituluan, Erregistro Elektronikoa dago azalduta. Zer-nolako agiriak onartuko dira bertan? Agiri elektroniko normalizatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioko organoetara zuzenduta datorren beste edozein agiri elektroniko.

V. tituluan, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak arautu ditugu. Herritarrek berek aukeratuko dute nola jaso nahi dituzten komunikazioak eta jakinarazpenak: bitarteko elektronikoak edo fisikoak erabilita. Baina, gerta daiteke lege edo erregelamendu batek herritarra kanal elektronikoa erabiltzera behartzea; eta gerta daiteke lege batek aukera bakarra uztea eta administrazioarekiko harremanetan bitarteko arruntak soilik -elektronikorik ez- erabiltzera behartzea.

Arrazoi tekniko funtsdunak direla-eta ezinezkoa ez bada, administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu, beti, bai bere organoen arteko komunikazioetan eta baita beste herri-administrazio batzuekiko komunikazioetan ere.

Agiri elektronikoak eta agiri elektronikoen kopiak VI. tituluan arautu ditugu, xehe-xehe. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak, dekretu honen bidez, Artxibo Elektronikoa sortu du, eta agiri elektronikoak kudeatzeko bere politika ere onartuko du. Artxibo horrek kudeatuko du agirien bizi-ziklo osoa, sortzen direnetik ezabatzen diren arte, edo, hala egin behar denetan, artxibo horretan gordeko dira behin betiko.

Benetako kopia elektronikoak ezin ditu edonork egin: horretarako eskumena daukan administrazio-organo batek edo erakunde publiko batek egin beharko ditu, jatorrizkoen edo benetako kopien kalitatea duten agirietatik abiaturik. Benetako kopia elektronikoak egiteko erabili ondoren, paperean edo beste edozein euskarritan dauden jatorrizko agiriak edo benetako kopiak ezin dira edonola suntsitu: Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak izango du -aipatu dugunez- agiri elektronikoak kudeatzeko politika bat, eta han jartzen duen bezala egin beharko da.

VII. tituluan, bi gauza arautu ditugu: eredu elektronikoak, eta izapideak elektronikoki egiteko jarraibideak.

VIII. tituluan, administrazio elektronikoko zerbitzu erkideak landu ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztirako konponbide informatikoak dira, eta zerbitzu elektroniko bateko prozeduraren zati batzuk edo prozedura osoa estandarizatzeko balio dute. Administrazioen arteko elkarreragingarritasuna lortzeko zutarrietako bat dira, baliabideak arrazoiz erabiltzeko bidea ematen digute, eta bermatuko dute dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan jasota datozen baldintzak eta eskakizunak betetzen direla.

Lehen xedapen gehigarria prozedura bereziei buruzkoa da. Bigarren xedapen gehigarrian, berriz, prozedurak eta zerbitzuak dekretu honetako betebeharretara egokitu beharra landu dugu. Xedapen indargabetzaile bakarraren bidez, bi arau oso-osorik indargabetu ditugu, eta beste baten zati bat: osorik, abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak administrazio-prozeduretan nola erabili; eta gobernuko presidenteordearen 2009ko urtarrilaren 15eko Agindua, zeinaren bidez arautzen baita ziurtagiri elektronikoak onartzeko araubidea; eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren zati bat.

Eta, amaitzeko, azken xedapenak. Bi gai hauek landu ditugu azken xedapenetan: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua nola aldatu (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistroen sorrerari, antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzkoa da); eta dekretu hau noiz sartuko den indarrean.

Ea lortzen dugun gure administrazioa eraginkorra izatea, eskaintzen dituen zerbitzuak kalitatekoak eta hainbat kanaletatik eskuratzeko modukoak izatea. Administrazio irekia, gardentasun zalea, parte hartu zalea eta lankidetza zalea nahi dugu, baliabideak zuzen eta neurriz erabiliko dituena, kudeaketa hobetu, antolakuntza egokitu, prozedurak soildu eta teknologia eguneratuko dituena. Bada, dekretu honek horretan lagundu nahi du. Baina helburu horiek erdiesteko modu bakarra dago: oreka egokia lortzea, bitarteko elektronikoen erabileraren eta datu pertsonalak babesteko beharrezko eskubidearen artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan