Cantoblancoko parke eolikoa bertan behera geratu da, eta Azazeta, Labraza eta Itsarazko parkeek aurrera jarraitzen dute ingurumen-baimenarekin Araban
- Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren ustez, azpiegitura berriztagarriak bizkortzea premiazkoa da etorkizun industriala bermatzeko
- Cantoblancoren kasuak erakusten du administrazioak modu bermatzailean jarduten duela ingurumenaren ikuspegitik
- Mikel Jauregi sailburuak eta Ramiro González diputatu nagusiak berriztagarriei buruzko eztabaida lasai eta arrazionala areagotzeko deia egiten dute
Arabako lurraldeko parke eolikoen proiektuen tramitazioa berritasun aipagarriekin ari da aurrera egiten, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak elkarrekin baloratu dituzte.
Eusko Jaurlaritzak baieztatu du laster argitaratuko dela Cantoblancoko parke eolikoari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpen negatiboa, proiektua bertan behera uztea eragin duena. Aldi berean, Azazeta, Labraza eta Itsarazko proiektuen tramitazioa erritmo onean doa. Labrazak eta Azazetak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena lortu dute, eta Itsarazek Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-txosten positiboak jaso ditu eta behin betiko ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren zain dago, Ministerioaren eskumenekoa baita.
Administrazioa kudeaketa zorrotza egiten ari da ingurumen-eskakizunak betetzeko, eta Cantoblancoko parkearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena negatiboa izango da, mendilerro horrek interes handia baitu faunarentzat, hegazti harraparien bikote askoren bizitzeko eta elikatzeko eremua baita.
Industriaren etorkizuna arriskuan, azkar jarduten ez bada
Testuinguru horretan, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Ramiro González diputatu nagusia bat datoz energia berdeko azpiegiturak bizkortzeko premian, Arabako industriaren etorkizuna lurraldeak energia berriztagarria sortzeko duen ahalmenaren baitan baitago. Hori dela eta, proiektu berriztagarrien kudeaketan eta tramitazioan koordinatuta aurrera egitea adostu dute, eta jarraipena modu ordenatuan egingo dute, ingurumen-berme guztiekin eta tokian tokiko eragileekin kontrastatuta.
Eztabaida lasai eta arrazionala erakundeekin eta tokiko eragileekin
2023an, Araban kontsumo elektrikoa 2.110 GWh-koa izan zen guztira, eta % 15,1 bakarrik izan zen lurraldean sortutako energia berriztagarria. Lurraldearen mendekotasun energetikoa eta industriaren etorkizuneko bideragarritasuna erakundeen, enpresen eta herritarren inplikazioarekin irauli beharreko errealitatea da.
Mikel Jauregik eta Ramiro Gonzálezek energia berriztagarrien proiektu berriak instalatzeari buruzko eztabaida lasai eta arrazionala areagotzeko deia egin dute. Aldi berean, kudeaketa administratibo zorrotza eta arduratsua, gardena eta lurraldearekiko gertukoa zaintzeko konpromisoa hartu dute.
-
2024-08-12
Itsaraz parkeko ingurumen-txostena onartu behar du Espainiako Gobernuak eta oraindik ez da jaso onartu denik. Eusko Jaurlaritzak ez du honetan konpetentziarik. Ze gezur dira hauek?
Mesedez zuzendu albistea eta medioei ere horren berri eman. Aramaioko herriak ezetz esan dio proiektu honi eta errespetua merezi du, gezurretan ibili gabe!