Maria Ubarretxenak: "Itsasertzaren eskumena Euskadin balego, Loiolako kuartelen inguruko aferari konponbidea azkarrago eman ahal izango genioke"
- Sailburuak transferentzien eskualdaketari abiadura emateko Bitariko Batzordea martxan jartzeko lortutako adostasuna nabarmendu du ministroarekin egindako bileraren harira
- Halaber, lehen hilabete honetan osasunaren arloan adostasunaren eta elkarrizketaren bidetik lortutako akordioak nabarmendu ditu
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenari elkarrizketa egin diote Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Besteak beste, Torres ministroarekin izandako bileraz, eskualdatzeke dauden eskumenez eta Osasunaren aldeko Itunaz hitz egin du sailburuak.
Duela astebete batzartu zen sailburua Angel Víctor Torres Lurralde Politikako ministroarekin eta bilera horretan Bitariko Batzordea azaroa baino lehen martxan jartzea adostu zuten, “foro honek aukera emango digu maiztasun gehiagorekin biltzeko, transferentzien eskualdaketari abiadura emateko eta Euskadiko agendako gaietan aurrera egiteko" esan du. Transferitzeke dauden eskumenei dagokienez, sailburuak esan du akordio bat dagoela mahai gainean, “konpromiso bat eta konpromiso hori bete dadin lan egingo dugu; une honetan sei transferentzia aurreratuago daude, eta horien artean itsasertzaren kudeaketa dago, urtea amaitu baino lehen eskualdatuta egotea espero duguna".
Itsasertzaren kudeaketari dagokionez, sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela eskumen hori Euskadin egotea, eta adibide gisa jarri du Donostiako Loiolako kuartelen afera; "egun Kostaldeko Lurralde Zerbitzuarekin dago oztoporik handiena, mugatze lerroa 20 edo 100 metrotan ezartzean, eta guk uste dugu itsasertzaren eskumena Euskadin balego, modu azkarragoan eman ahal izango geniokeela irtenbidea gaiari, are eta gehiago kontuan hartuta Euskadin eta Donostian etxebizitzaren arloan dugun erronka ; 1.500 etxebizitza eraiki nahi baitira eremu horretan eta horietatik % 40 izango dira publikoak; horregatik, oso garrantzitsua da eskumenak izatea, erabakiak Euskadin hartu ahal izateko".
Osasun alorrean lortutako akordioei eta uda ostean lantzeari ekingo zaion Osasunaren aldeko Itunari dagokienez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du lehen mailako arretako plantilla indartu egin dela, aldez aurretik osasun-langileekin adostuta, uda garaiko beharrei erantzuteko, "osasun-langileen lana azpimarratu eta balioan jarri nahi dut, baita izan duten prestasuna ere; lehen hilabete honetan lortutako bigarren akordioa da, adostasunaren eta elkarrizketaren bidetik eta profesionalen eskutik, Osakidetza hobetzeko helburuarekin” azpimarratu du Ubarretxenak. Bozeramailea baikor agertu da itunari dagokionez: "espero dut guztiek parte hartzea, herri mailako ituna delako; guztion laguntza beharrezkoa izango da; uste dut itun zabala lortuko dela osasun sistema hobetzeko helburuaren baitan, egungo sistema oso ona baita, baina badugu zer hobetua ere".
Azkenik, Solaria proiektuari buruz galdetuta, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ulertzen dituela herritarren kezka eta ezinegona, baina halaber, Euskadik energia berriztagarriak behar dituela, "energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa eta garrantzitsua egin behar dugu; hori esanda, oso zorrotzak izango gara ingurumen-gai eta lege-baldintza guztiekin".
-
2024-08-07
Comentario de X:
R E S U M E N 👇👉 Pedro Sánchez acaba con la reserva mundial de vaselina
El PNV está presionando a Pedro Sánchez para asumir las competencias del litoral y costas y así "agilizar" el tema de su pelotazo inmobiliario.