
Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euroko dirulaguntza eman dio EDA Drinks & Wine Campus fundazioari Guardiako eta Gasteizko egoitzetarako
- Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta EDAren arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez.
- Proiektuaren kostu osoa 18 milioi eurokoa izango da.
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, "EDA DRINKS & WINE CAMPUS" Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, EDA (Edariak eta Ardoak) ekimena garatzeko hamar milioi euroko (10.000.000,00 €) dirulaguntza bideratzeko.
Dirulaguntza baliagarria izango da Euskadiko Elikaduraren Balio Kateari eta, bereziki, Euskadiko ardoaren eta edarien sektoreari laguntzeko balio erantsi handiko zerbitzuak antolatzeko beharrezkoak diren enpresa-kudeaketako prozesuak garatzeko.
EDA Fundazioak -irabazteko asmorik gabe- honako hauek ditu oinarri: prestakuntza, eskaintza integratu zabalarekin (gradua, graduondokoak eta etengabeko prestakuntza); ikerketa, Estatuko eta nazioarteko lehen mailako ikerketa-erakunde eta -zentroekin eta enpresekin batera; berrikuntza, edarien eta ardoaren sektorean kalitatea, iraunkortasuna, sentsorialtasuna eta osasuna hobetzeko teknika, prozesu, material eta lehengai berriak bilatuz; ekintzailetza, ekintzaileen eta edarien eta ardoaren sektoreko enpresen, ikasleen eta, oro har, gizartearen topagune gisa, startupak garatzen lagunduz; eta nazioartean, ospe handiko erakunde akademikoak eta erreferentziazko zentro teknologikoak izanik, edari eta ardoaren esparru guztietan nazioarteko erakundeekin sareak, aliantzak eta akordioak sortuz.
Fundazioak EDA (Edariak eta Ardoak) ekimena sustatzen du, Euskadiko upategi eta edarien sektorean dagoen prestakuntza- eta berrikuntza-ekosistemako protagonistak trebatzeko, nazioarteko bokazioarekin talentu ekintzailea eta startup-ak erakartzeko, gaitzeko eta garatzeko, EDA izeneko programaren bidez. Programa horren kokapen fisikoa Araban izango da, baina haren sustapen- eta lan-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa izango da.
Klausulak
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak exekuzio, justifikazio eta ordainketen epeak aldatu ahal izango ditu, aurrez aurreikustekoak ez diren gorabeherak gertatzen direnean, eta Jarraipen Batzordeak egoera horiek onartu ondoren.
Dirulaguntza metagarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin eman ditzakeenekin, beti ere gain finantzaketarik gertatzen ez bada. Hala bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, diruz lagundutako programaren kostu osoari dagokion gehieneko zenbatekora iritsi arte.
Egiaztatzen bada onuradunak jasotako laguntza ez dela erabili eman zen helbururako, eta ez direla betetzen Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak emandako baldintzak edo betekizunak, laguntza hori itzultzeko prozedurari ekingo zaio, Legean ezarritakoaren arabera.
Aurrekontua, guztira
EDA ekimenaren inbertsioaren guztizko aurrekontua 18.000.000 €-koa da (zergak eta eragiketa-gastuak barne hartu gabe), eta honako banaketa hau aurreikusten da ekitaldien arabera: 2024: 409.100 €, 2025. urtea: 7.027.206 €, eta 2026. urtea: 10.563.694 €. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak konpromisoa hartzen du 2024., 2025. eta 2026. urteetarako EDA ekimenaren bi egoitzetako eraikuntza eta ekipamendua finantzatzeko, 10.000.000 €-ko zenbatekoarekin, honela banatuta: 2024ko ekitaldia: 409.100 €; 2025eko ekitaldia: 3.904.003 €; eta 2026ko ekitaldia: 5.686.897 €.