Berriak Lehendakaritza
Eu

Herritarren %72 ados dago indarkeriari uko egiten diotenen presoei bergizarteratzearekin

2012.eko martxoak 09

TESTUINGURU POLITIKO-EKONOMIKOA

•    Egoera politikoaren pertzepzioak 2006tik izan duen baloraziorik onena jaso du. Egun horretatik lehenengoz, iritzi positiboek (%48) 6 puntutan gainditzen dituzte iritzi negatiboak (%42).

•    Inkestatutako lau pertsonatik hiruk uste dute Euskadiko egoera ekonomikoa Espainiakoa baino hobea dela.

TERRORISMOAREN AMAIERA

•    Gehiengoak uste du ETAk betiko uko egin diola indarkeriari, baina oraindik bada kontuan hartzeko eszeptikoen portzentaje bat.

•    Gehiengoak uste du ETAko presoek egindako kaltea onartu beharko luketela, eta ados agertu da gobernuak indarkeriari uko egiten diotenen bergizarteratzea erraztearekin eta presoak euskal espetxeetara gerturatzearekin.

•    ETAk denbora beharko du desagertzeko eta ondorio txarrak utziko ditu harreman sozialetan

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

•    Azaroko neurketarekiko, apur bat handitu da politikarekiko interesa.
•    Herritarren interes handieneko gai politikoen artean daude langabeziaren aurkako borroka (%75), iruzur fiskala (%39), iruzurra gizarte laguntzetan (%26) eta aurrekontuen 
murrizketak (%21).

EMAITZAK

1. TESTUINGURU POLITIKO-EKONOMIKOAREN PERTZEPZIOA

Egoera politikoaren pertzepzioa 2006tik izan den onena da. Inkestatuen %48k (azaroan baino bost puntu gehiagok) diote Euskadiko egoera politikoa ona edo oso ona dela eta %42k, aldiz, (azaroan baino 8 puntu gutxiagok) txarra edo oso txarra dela.

SOZIOMETRO honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsultatu daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.254 lagunek osatua da, eta informazioa etxean egindako banakako elkarrizketen bidez jaso da. Lagin errorearen estimazioa ±%2,11 da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2012ko otsailaren 6a eta 11 bitartean egin zen.

Gauzak gaur egun nola dihoazkien galdetuta, herritarren balorazio pertsonala 6,1 puntukoa da 10en gainean. Balorazio hori 6ra jaisten da datorren urtera begira gauza bera galdetuta. Joera antzerakoa da kolektiboki, Euskadiri buruzko galdera egindakoan: gaur egungo balorazioa 5,3koa da eta datorren urtean gauzak nola joango diren galdetuta 5,2koa. Espainiako gainerako lekuei buruz balorazioak negatiboak dira: 3,7 gaur egun eta 3,6 hemendik urtebetera. Balorazioak altuagoak dira 18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean; gaur egun gauzak nola dihoazkien galdetuta 6,4 puntu ematen dituzte eta hemendik urtebetera nola joango zaizkien baloratzean 6,6.
Krisi ekonomikoari dagokionean, inkestatutako lau pertsonatik hiruk uste dute EAEko egoera Espainiako baino hobea dela eta %2k okerragoa dela. %21en ustez EAEko egoera Espainiakoa bezalakoa da.
Aurreko neurketetan bezala, arazo garrantzitsuenak lan merkatuari lotutakoak dira (%84k aipatu dituzte bi arazo nagusien artean), azarotik hona 8 puntu gora egin dutelarik. Arazo ekonomikoak (%34) dira bigarren, nahiz eta azarotik 7 puntu jaitsi diren. Atzetik datoz politikarekin lotutako arazoak (%19), 5 puntu jaitsita. Etxebizitza, laugarren aipatu da eta 3 puntuko igoera izan du (%16) eta indarkeria/terrorismoa bosgarren, bi puntuko igoerarekin (%8).

2. TERRORISMOAREN AMAIERA

Deskonfiantza eta zauri sozialak

Bere jarduera terroristaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik pasatako denboraren ondoren, inkestatuen %52k uste dute ETAk behin betiko uko egin diola bere jarduera armatuari. %36k kontrakoa uste dute eta %12k ez dute iritzirik eman. Iragarpen horrekiko mesfidatiago azaldu dira 65 urte edo gehiagokoak (%44) eta PPren hautesleak (%58). Konfiantza handiena dutenak hautesle abertzaleak dira, Amaiurren boto-emaileak (%82) eta EAJrenak (%65).

Biztanleriaren erdiak (%50) itxaropena dauka ETA hurrengo urteetan desagertuko dela (%27k urtebete edo bi urtetan eta %23k bost urte baino gutxiagotan), eta beste %19k uste dute desagertuko dela, baina ez bost urte baino lehen. %20k diote ETA ez dela inoiz desagertuko eta %10ek ez dute iritzirik eman. Dena dela, ETAren amaiera hurbil egon daitekeela suposatuz, %42k uste dute terrorismoak herritarren artean utzitako errezelo politikoak eta zauri sozialak, urte askotan desagertuko direla. %34k uste dute errezelo horiek ez direla desagertuko. %15ek uste dute urte gutxitan desagertuko direla eta %10ek ez daki edo ez du erantzun.

Normaltasun politikorako bidean

ETAren amaierarekiko egungo momentuari buruzko sentsazio zabalduenak optimismoa (%57k aipatu dute bi sentsazio nagusien artean) eta ilusioa (%49) dira. Neurri txikiagoan atzetik datoz nahasmena (%20), kezka (%18) eta denbora galdu izanaren sentsazioa (%11). Optimismoaren eskala PPren hautesleen %40tik Amaiurkoen %73ra bitartean dago.
Esanguratsuak dira, ñabardurekin, herritarren elkarbizitzaren markoa osatzen duten jarrera eta jarduerek, ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik, izan duten hobekuntzari buruzko iritziak. Gutxi gorabehera herritarren laurden bat eta heren baten artean daude uste dutenak pixka bat hobetu direla politikaz hitz egiteko askatasuna, alderdi politikoen arteko harremanak, ETAren atentatuetako biktimen errekonozimendua, ideologia politiko desberdinen arteko elkarbizitza eta edozein ideia politiko defendatzeko aukerak. %3 eta %7 arteko gutxiengo batek uste du horiek guztiak asko hobetu direla eta %52 eta %59 artean daude berdin daudela uste dutenak.
1998a alde batera utzita (ETAren su-etena), serieko punturik altuenera iritsi dira jende guztiarekin politikaz hitz egiteko libre sentitzen direnak. Horrela diote inkestatuen %43k (2010ean baino puntu bat gehiagok eta 2008an baino 17 puntu gehiagok). Askatasun mailarik altuena Amaiurren hautesleen artean ematen da (%58 libre sentitzen dira jende guztiarekin politikaz hitz egiteko) eta baxuena PPren boto-emaileen artean (%28).
0 (normaltasun txikiena) eta 10 (normaltasun handiena) artean, euskal gizarteari zein Espainiakoari 5,3ko balorazioa eman diete inkestatuek.

ETAko presoek zer egin beharko luketen

Sei proposameneko sorta batetik, lehentasuna biri emateko eskatuta, inkestatutako herritarrek ondoko hurrenkeran erantzun dute: egindako kaltea onartu (%50), beren erakundea, ETA, deuseztea eskatu jende aurrean (%34), jende aurrean terrorismoari uko egin edo haren kontra azaldu (%32), sistema demokratikoa onartu (%26), bergizarteratzearen bideari ekin (%22), beste erantzun batzuk (%5). %8k ez dio galdera horri erantzun.

Gobernuak ETAko presoekiko zein neurri hartu beharko lituzkeen

Inkestatuen %72 oso edo nahikoa ados daude indarkeriari uko egiten diotenen bergizarteratzea erraztu egin beharko litzatekeela esatean; aldiz, %19 ez daude oso ados edo ez daude batere ados. %69 oso edo nahikoa ados daude ETAko presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbildu beharko liratekeela esatean; %23, aldiz, ez daude oso ados edo ez daude batere ados. %54 ez daude oso ados edo ez daude batere ados esatean ez dela ezer ez egin behar ETA desagertu arte; %37, aldiz, oso edo nahikoa ados daude. ETAko presoen aministiaren alde (oso edo nahikoa ados) daude bost inkestatutik bat eta haren kontra (ez oso ados edo ez batere ados) %66. %13k ez dio galdera horri erantzun.
Aurreko neurriekiko adostasuna edo adostasunik eza alde batera utzita, inkestatuen %58k uste dute jarduera terrorista salatu eta horri uko egitea derrigorrezko baldintzak direla espetxe-onurak eskuratu ahal izateko; bostetik batek (%20) kontrakoa uste du. %11k dio“ETAko presoek ez dutela espetxe- onurarik izan behar.
Biktimak
Terrorearen biktimekiko euskal gizarteak eduki duen jarrerari dagokionean, inkestatuen %39k uste dute gizarteak terrorismoaren biktimen alde zerbait egin duela, baina ez nahikoa, %28k uste dute egin behar zena egin duela, %18k diote oso gutxi egin duela beraien alde eta %15ek ez diote galdera horri erantzun. Biktimen jarrerari dagokionez, gehiengoak (%40) uste du biktimek beren eskubideak zilegitasunez defendatu dituztela, %26k ez dagokien paper politikoa eduki nahi izan dutela, %18k jarrera eredugarria eduki dutela, ez dutelako gorrotoa bultzatu eta %16k ez dio galderari erantzun.

3. JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Politikarekiko interesa

Politikarekiko interesa apur bat igo da 2011tik; %72k interes gutxi du edo batere interesik ez du eta %28k interes handia edo nahikoa.
Alderdi politiko gehienen balorazioa igo egin da. EAJk 4,4 puntu lortu ditu 0tik 10erako eskalan, Bilduk 3,7, PSE-EEk 3,5, Aralarrek 3,3, IU-Ezker Anitzak 3,1, PPk 2,1 eta UPDk 2,0.

Definizio ideologikoa

Aurreko neurketetan bezala, inkestatuen definizio ideologikoak kokapen sorta zabala azaltzen du: %26k ikusten dute beren burua, lehenengo edo bigarren lekuan, euskal nazionalista edo abertzale, %17k liberal, %14k apolitiko, beste %14k ekologista, %13k sozialista, %10ek progresista edo

aurrerakoi, %9k demokrata kristau, beste %9k kontserbadore, %8k sozialdemokrata, %5ek feminista, %3k komunista eta %1ek beste erantzun batzuk eman dituzte.
Abertzaletasun eta ezker/eskuin eskaletan, inkestatuen erantzunek ez dute ia gorabeherarik izan aurreko neurketekiko. 0tik 10erako eskala horietan, abertzaletasunarekiko kokapena 5,1ekoa da eta ezker/eskuin kokapena 4,3koa.

Interes handieneko arazo politikoak

Gaurkotasuneko zenbait gai politiko planteatuta, herritarrek interes argia azaldu dute langabeziaren aurkako borrokarekiko (%75ek aipatu dute interes handieneko bi gaien artean). Interes gutxiago azaldu dute iruzur fiskalari buruz (%39), gizarte laguntzen iruzurrari buruz (%26), aurrekontuen murrizketei buruz (%21), zergen banaketa justuari buruz (%16), ETAko presoen bergizarteratzeari buruz (%7) eta euskal administrazioen bikoizketari buruz (%4).

ERAKUNDEEN BALORAZIOA

Euskal herritarrei konfiantza handiena eragiten dieten erakunde politikoak udalak dira (5,7 0tik 10erako eskalan). Atzetik datoz diputazioak (5,2), Eusko Jaurlaritza (5,0), Batzar Nagusiak (5,0), Eusko Legebiltzarra (4,9), Gobernu Zentrala (3,6), Diputatuen Kongresua (3,4) eta azkenik, alderdi politikoak (2,9).

Gizarte erakundeei dagokienean, herritarrek GKE edo ONGei bakarrik ematen diete gainditua (5,0). Atzetik datoz hedabideak (4,1), Europar Batasuna (4,0), sindikatuak (3,6), epaileak (3,6), enpresarien elkarteak (3,1) eta, azkenik, Eliza (3,0).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)