Osasun Sailak eta Osakidetzak kalitatezko loaren eta atsedenaren garrantzia azpimarratzen dute osasunerako eta ongizaterako funtsezko alderdi gisa
AUTOZAINKETAREN MUNDU EGUNA – UZTAILAK 24
- Gure bizitzaren herena lotan pasatzen dugu eta horregatik da erabakigarria behar bezala lo egitea eta loa indarberritzailea izatea oreka fisikoa eta psikologikoa berrezartzeko
- Euskadiko biztanleen % 46 inguruk loaren nahasmenduren bat du. Emakumeen kasuan, ohikoena insomnioa da, eta gizonen kasuan, apnea
- Osakidetzak, herritarrei informazioa eta prestakuntza emateko Osasun Eskola atariaren bidez, loaren zaintzari eta atsedenari buruzko aholkuak eskaintzen ditu
Urtero uztailaren 24an ospatzen den Autozainketaren Mundu Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute atsedena eta kalitatezko loa oso garrantzitsuak direla osasunerako eta ongizaterako; izan ere, Euskadiko biztanleen % 46k loaren nahasmenduren bat du. Emakumeen kasuan, nahasmendu ohikoena insomnioa da, eta gizonen kasuan, loa oztopatzen duen apnea.
Gure bizitzaren herena, gutxi gorabehera, lotan ematen dugu. Hau da, 80 urte inguru bizi bagara, 27 urte lo egiten ematen ditugu. Horregatik, funtsezkoa da behar bezala lo egitea eta loa indarberritzailea izatea, oreka fisikoa eta psikologikoa berrezartzeko.
Loa eta atsedena zaintzea osasunerako
Osakidetzak, Osasun Eskola atariaren bidez, osasuna zaintzeari buruzko askotariko informazioa eta prestakuntza eskaintzen die herritarrei, eta, besteak beste, berriki gehitu diren loari eta atsedenari buruzko jarraibideak nabarmentzen ditu.
Andrea de Sayas Gallo erizainak, osasun mentalean adituak, gogorarazi du funtsezkoa dela gizarte osoa kontzientziatzea loa eta atsedena zaintzearen garrantziaz, osasun mentala, fisikoa eta emozionala indartzen eta lantzen laguntzen baitu, edozein gaixotasun edo ondoez mental edo fisikoaren prebentzioa sustatuz.
Izan ere, atsedenari dagokionez, ohitura osasungarriak izateak lagundu egiten du osasun-arazoak izateko arriskua murrizten, esaterako diabetesa eta bihotzeko gaixotasunak; estresa gutxitzen du eta aldartea hobetzen; argiago pentsatzen eta lanean hobeto aritzen laguntzen du, erabakiak hobeto hartzen laguntzen du; sexu-hormonak edo hazkuntza askatzen ditu, bereziki garrantzitsuak haurtzaroan eta nerabezaroan, eta pisu osasungarriari eusten laguntzen du.
Lo-arazoak
Hala ere, loaren nahasmendu desberdinak daude, eta batzuk arrisku-faktore garrantzitsuak dira gaixotasun fisikoak garatzeko, adibidez alterazio baskularrak, eta arazo psikologikoak, esaterako gogo-aldaketak eta antsietate-nahasmenduak.
Insomnioa da loaren nahasmendu ezagunena. Galera bat dakar loaren kalitatean edo kantitatean; gutxienez astean 3 aldiz gertatzen da eta beti dago lotuta egunean zehar izandako sintoma edo ondorio bati, logura, nekea, suminkortasuna, umore-aldaketak edo arreta-galera, besteak beste. Kalkuluen arabera, helduen % 10etik % 15era bitartean insomnio kronikoa dute (3 hilabete baino gehiago irauten du) eta % 25etik % 35era bitartean insomnio iragankorra edo noizbehinkakoa izan dute egoera estresagarriek eraginda. Gainera, gogoratu behar da loaren nahasmendu hori ohikoagoa dela emakumeen artean.
Loaren apnea buxatzailea, gizonen artean nahasmendu ohikoena, goiko arnasbidea loaldian ixten den gaixotasuna da, airea eztarritik igaro eta birikara iristea eragotziz. Pertsona horiek loaldian zurrungak, gutxienez hamar segundoko arnasketa-etenaldiak (apneak) eta esna daudela gehiegizko logura izaten dute. Nahasmendu hori izateko arriskua handitu egiten da adinarekin, eta 50 eta 70 urte bitartean iristen da baliorik handienera.
Nola hobetu atsedena?
Loaren higiene-neurriak hartzea atsedena hobetzeko lehen urratsa izan daiteke. Andrea de Sayas Gallok gure eguneroko errutinan sar ditzakegun neurri batzuk aipatzen ditu:
- Saiatu egunero ordu berean oheratzen eta jaikitzen
- Sortu loak hartzen lagunduko dizun giroa:
- Ezarri gauero errepikatuko duzun errutina bat
- Egin ariketa fisikoa erregulartasunez
- Saihestu tabakoa, alkohola eta/edo edari estimulatzaileak kontsumitzea, baita otordu oparoak eta likidoak ere, oheratu baino gutxienez 3 ordu lehenago
- Ez sartu ohean gosez edo egarriz
- Ez erabili gailu elektronikorik lo egin aurretik
- Egin erlaxazio-ariketak
-
2024-07-24
Comentario de X:
DÍA MUNDIAL DEL AUTOCUIDADO – 24 DE JULIO👉🏼El Departamento de Salud y Osakidetza inciden en la importancia del sueño de calidad y el descanso como aspectos esenciales para la salud y el bienestar
-
2024-07-24
Comentario de X:
AUTOZAINKETAREN MUNDU EGUNA – UZTAILAK 24👉🏼 Osasun Sailak eta Osakidetzak kalitatezko loaren eta atsedenaren garrantzia azpimarratzen dute osasunerako eta ongizaterako funtsezko alderdi gisa
-
2024-07-26
Oso garrantzitsua da atseden hartzea lanean amore emateko; gainera, asmakizun batzuk ez dira oso garestiak, zarata nabarmen murrizten baitute, argiaz gain kutsadura akustikoa dagoenean. Istripu asko atsedenik ezaren ondorio izan daitezke, lo patologikorik ez balego, zoritxarrez, gero eta handiagoa izango litzatekeelako.
-
2024-07-26
Muy importante descansar para rendir en el trabajo, además debe haber inventos no muy encarecidos reducen el ruido significativamente, cuando hubiera contaminación acústica además de la luminosa. Muchos accidentes pueden deberse a la falta de descanso, cuando no hubiera falta de sueño patológico desgraciadamente vaya en aumento.