Javier Hurtado sailburuak turismoaren sektorearekin egindako bilera-sortari amaiera eman dio Turismoaren Lege berria garatzeko konpromisoarekin
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azkena eman dio turismoaren sektoreetako ordezkariekin egindako bilera-sortari, hiru aldundiekin, EUDELekin, hiru hiriburuetako udalekin eta sindikatuekin izandako elkarraldi instituzionalak amaituta. Bihartik aurrera merkataritzaren sektorearekin hasiko dira bilerak.
Bi egun hauetan, sailburua eta Saileko lantaldea Bizkaiko Ostalaritza, Gipuzkoako Ostalaritza eta SEA Arabako Enpresariak ostalaritza-elkarteekin, ADEGI, NEKATUR, Euskadiko Kanpin Elkartea, APARTURE ostatu-elkarteekin, ASOARTE, AEAVE, ATRAE, BIBAE eta BIDAIKIDE bidaia-agentzia eta hartzaileekin, eta turismo-enpresen beste elkarte batzuekin bildu dira, APITE (Turismo Gidarien Elkartea) eta AKTIBArekin (Turismo Aktiboko Enpresen Elkartea) besteak beste.
Bileren helburua izan da saileko talde berria, alegia Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabal eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas aurkeztea, baita XIII. legealdi honetarako helburu estrategikoak eta lan koordinatuak aztertzea ere, turismo jasangarriaren, lehiakorraren, Kode Etikoarekin konprometituaren, digitalizatuaren eta adimendunaren eredua bultzatzen jarraitzeko.
Sailburuak berretsi du sektorearekiko lankidetza eta laguntza izan dela aurreko legealdian lan egiteko modua, eta hala izango dela legealdi berri honetan ere “Euskadiko turismo-industriaren unerik onenean, funtsezko sektorea baita; EAEko enpleguaren % 11 hartzen du, 107.000 familia baino gehiagori ematen die zuzenean lana, eta eragin argia du beste sektore batzuetan ere, garraioan, ostalaritzan, merkataritzan edo kulturan besteak beste. Turismoaren sektorea babesten jarraitzeko lan egingo dugu, turismoaren kanpo-eragin positiboak sustatuz eta kanpo-eragin negatiboei aurre eginez, bisitatzen gaituztenen eta herritarren arteko bizikidetzan oreka lortzeko”.
Gainera, sailburuak urte hauetarako erregulazio-arloko helburuak helarazi dizkio sektoreari: Turismoaren Lege berri bat garatzea eta egonaldi turistikoei zerga bat ezartzea.