Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

AZTIko analisi sentsorialeko adituek baieztatu dute EAEko sagardo ziurtatuek ezaugarri desberdinak dituztela

2012.eko martxoak 09

AZTI-Tecnaliako Elikagaiak Ikertzeko Unitateak Eusko Label etiketa duen EAEko sagardoa aztertu du, EAEn ekoizten diren sagardoen ezaugarri sentsorialak zein diren jakiteko lanen barruan.

Azterlan horiek egiteko, analisi sentsorialen laborategi berritzaile bat du zentro teknologikoak. Eusko Label etiketa duten eta bereizgarri hori ez duten sagardoak alderatzeko dastatzeek erakutsi dute sagardo ziurtatuak aparra egiteko joera gehiago, bizitasun aromatiko handiagoa, eta usaimen ñabarduna sorta zabalagoa izatea duela ezaugarri.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin lankidetzan jardun dute AZTI-Tecnaliako ikertzaileek, sagardo naturalaren kalitate-adierazleak ikuspegi sentsorialetik nahiz fisiko eta kimikotik identifikatzeko. Espezialistek metodologia espezifiko bat garatu dute EAEko sagardo naturala dastatzeko. Metodologia horri esker, modu objektiboan aztertu eta konpara daitezke sagardoak, 17 ikuste-, dastamen- eta soinu-parametroren arabera. Dastatze-prozesuan sartzen dira sagardoa hausten denetik ahoko azken zaporerainoko ezaugarriak.

Metodologia honekin eta sagardoan adituak diren dastatzaileen panel bat sortuz, AZTI-Tecnaliak ekoizleen eskuetan jartzen du sagardo naturalaren kalitatearen hobekuntzan jarraitzeko beharrezkoa den erreminta bat. Sagardoaren hobekuntza eta bereizketan lanen artean, 2011tik merkaturatzen da Eusko Labeldun sagardoa, eta Hazi Fundazioak kontrolatzen du haren ekoizpena eta merkaturatzea. Urte horretan bertan, AZTI-Tecnaliak Eusko Label etiketadun sagardoen ezaugarri bereziak identifikatzeko proiektu bati ekin zion, kontsumitzaileari iristen zaion sagardoa kalitate onenekoa dela ziurtatzeko.

Dastatzaileek —dastatzen adituak diren AZTI-Tecnaliako kide trebatuak— Eusko Label etiketa duten EAEko sagardoak konparatu zituzten EAEn egiten den eta bereizgarri hori ez duten beste sagardo batzuekin. Azken horiek beste toki batzuetako sagarrekin egindako muztioa izan lezakete. Dastatzean parte hartu zutenek ikusi zuten Eusko Labela duten sagardoek gaitasun handiagoa dutela edalontzian haustean aparra eragiteko eta bizitasun aromatiko handiagoa nabarmentzen zaie, usaimen-ñabardura handiagoa baitute.

Analisian, soinua ere hartu zen kontuan. Hala, egiaztatu zen Eusko Labeldun sagardoetan txinpartak soinu handiagoa ateratzen duela eta luzeagoa ematen duela desegiten.

Azterketa horrek erakusten duenez, Hazi Fundazioak ziurtatutako sagardoek, EAEko sagardo naturalaren katalogoko aukera zabalagoa eskaini ez ezik, ezaugarri bereziak eta desberdinak dituzte. Halaber, etiketa lagungarria da kontsumitzaileak edari hori kalitate hobeko produktu gisa identifikatzeko.

Analisi sentsorialerako laborategia
Analisi sentsoriala oinarrizko tresna da elikagai-produktuen kalitatea kontrolatzeko eta elikagai berriak garatzeko, aukera ematen baitu zentzumenen bidez neurtzen diren sentsazioak objektibo bihurtzeko. AZTI-Tecnaliak analisi sentsorialerako laborategi osatu bat du, 2009tik, Elikagaiak Ikertzeko Unitatearen egoitzan (Derio, Bizkaia).

Analisi-mota horren bidez, askotariko azterketak ebazteko informazio erabilgarria eskuratzen da; besteak beste, funtzio hauetarako egiten dira halako azterketak: jakiteko kontsumitzaileak gai ote diren produktu bat gauzatzean osagai batzuen ordez beste batzuk erabili direla bereizteko; onargarritasun sentsorialaren eta zaletasunaren berri izatea; ohiz kanpoko zaporeak eta usainak ikertzea; eta antzeko produktu lehiakideen arteko konparazioa egitea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)