Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Software librea Espainiako etxeen %84ra iritsi da jada

2012.eko martxoak 08

CENATICek Espainiako Etxeetan Software Libreak duen Presentziari buruz egin duen 2011ko inkestaren emaitzak aurkeztu dira.

Software librea da etxean IKTak erabiltzen dituzten pertsonentzako doako eta legezko aukerarik onena, baita autonomoentzat eta mikroETEentzat ere.

Internet erabiltzen duten espainiarren %84k erabiltzen du jada software librea, %80ko gogobetetasun-mailarekin. Horiek dira, besteak beste CENATICen (Iturri Irekietan Oinarritutako IKTen Aplikazioaren Erreferentziazko Zentro Nazionala) Softwarea Librearen Behatoki Nazionalak gaur plazaratu dituen datuak, Espainiako Etxeetan Software Libreak duen Presentziari buruzko 2011 Inkestaren araberakoak. Inkestaren emaitzen arabera, espainiarren IKTen kontsumo-ohituren arteko bat da software librearen erabilpena. Erabiltzaile horien %68k Interneten bidez izan dute teknologia horien berri, eta, bertan, aplikazio libre horiek dohainik eta legalki deskarga ditzakete.

Espainiako Software Librearen Adierazleen Panelak gaur aurkeztu duen inkesta CENATICen Behatokiaren proiektu bat da. Datuak estandar europarren arabera jaso dira, eta software librearen ekosistema ekonomikoarekiko lehenengo hurbilketa estatistikoa da. Azterketa Estatistika Institutu Nazionalarekin (INE) eta Komunikazioaren Teknologien Institutu Nazionalarekin (INTECO) lankidetzan egin da. Are gehiago, inkesta hau egiteko, INTECOren etxeen lagin panelizatu bat erabili da, baita 15 urtetik gorako 3.050 internautaren partaidetza izan duen online inkesta bat ere.

Espainiako Etxeetan Software Libreak duen Presentziari buruzko 2011ko inkestaren emaitzak nagusiak.

Espainiako Etxeetan Software Libreak duen Presentziari buruzko Inkestari esker, espainiar internautek teknologia libreen inguruan duten ezagutza maila, erabilpena eta balorazioa zein den ikusi ahal izan da, baita Estatu osoan duten irismena zehaztu ere. Emaitzarik garrantzitsuenen artean, aipatzekoa da espainiar internauta gehienek software librea erabiltzeko ohitura dutela (%84) eta beren gogobetetasun-maila %80 ingurukoa dela, baina %20k soilik erabiltzen du kontzienteki.

Erabiltzaile gehienak (%68) Interneten bidez sartzen dira aplikazio libreetara, eta nagusiki aukera pribatiboek baino prezio hobea dutelako eta programak doakoak direlako erabiltzen dituztela adierazten dute. Gainera, beren erabiltzaile-beharrei erantzuteko gai diren programa libre eta doako ugari daudela azpimarratzen dute. IKTen erabilpenean adituak ez diren pertsonentzat erabilerraztasuna, kalitatea, sinpletasuna eta funtzionalitatea ere aplikazio libreen ezaugarritzat jo dituzte, eta horren adibide dira Mozilla Firefox nabigatzailea, OpenOffice ofimatika aukera, Mozila Thunderbird posta elektronikorako aukera nahiz VLC Media Player erreproduzitzailea (guztiak dira gehien erabiltzen direnetakoak).

Inkestaren datuen arabera, internauten %16k software libreko programak desinstalatu egin dituzte hainbat arrazoiren ondorioz, adibidez, arazoak konpontzeko zailtasunengatik edo beste programa batzuekiko bateragarritasun faltagatik; horiek dira software libreak merkatu horretan dituen erronkak. Hala eta guztiz ere, software librea erabiltzeari uztea erabaki dutenek ere, 6,5eko nota eman diete.

Teknologia libreak etxeko erabilerarako oztopoak gainditzen ari dira.

"Software librea da etxean IKTak erabiltzen dituzten pertsonentzako doako eta legezko aukerarik onena, baita autonomoentzat eta mikroETEentzat ere", esan du CENATICen Komunikazio eta Erakunde Harremanen zuzendariak, David Sánchezek, eta Interneten bitartez erraz eskuratu, kopiatu eta banatu ahal direla azpimarratu du, baita hori guztia legea errespetatuz egin daitekeela ere.

Software librearen erabilera maila %84koa da, baina %20k soilik egiten du kontzienteki. Horri dagokionez esan du bi irakurketa egin daitezkeela. "Batetik, teknologia librea erabiltzen ari direla ez dakiten pertsonek ezin dituzte software librearen lizentziak eskaintzen dizkien abantaila guztiak kontzienteki erabili, adibidez, legezko kopiak egin ditzakete, mugarik gabe bana ditzakete, kodea hobetzeko eta beren beharretara egokitzeko aukera dute, etab.". Eta ikuspuntu positibotik, Sánchezen hitzetan, "zifra horrek islatzen duena da software librea aplikazioen merkatuan lehiatzen ari dela, eta ez soilik bere filosofiagatik eta bere izaera sozialagatik, baita bere kalitateagatik, segurtasunagatik eta azken erabiltzaileari eskaintzen dizkion prestazioengatik, eta ordenagailu askotan aukera pribatuak berez instalaturik izatearen inertziak gainditzen ari dira". David Sánchezen arabera, kasu batzuetan, "hardwarea hornitzen eta ekoizten duten konpainia handietako batzuek nahiago dituzte sistema libreak, eraginkortasun, fidagarritasun eta jarduera-aukera handiagoak eskaintzen dituztelako, mundu osoan sakabanatutako garapen-komunitateetan oinarrituta. Horren adibide dira tabletak eta smartphoneak, pantailak, ordenagailu arinak eta, jakina, software landatuaren sektorea".

Iturri irekiko softwarea bultzatzen

CENATIC da Espainiako Gobernuak gizartearen arlo guztietan iturri irekietako IKTak sustatzeko eta ezagutzera emateko martxan jarri duen proiektua. Apustu horren bidez, Espainia software librean oinarritutako teknologien arloko erreferentziazko herrialde bihurtu da.

Gaur egun, CENATICen Patronatuko kide dira, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaz gain, Extremadurako Gobernua, Andaluziako Batzarra, Asturiasko Printzerria, Aragoiko Gobernua, Kantabriako Gobernua, Kataluniako Generalitata, Balearretako Governa, Eusko Jaurlaritza eta Galiziako Xunta, baita Telefónica enpresa ere.

2 iruzkin
  • @parreitu
    2012.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    @irekia -n publikatu duten albisteari jarritako iruzkina http://t.co/h2iUYZiC

  • 2012.eko martxoak 09

    Albiste ona da. Bide honetan, Eusko Jaurlaritzak urrats haundi bat eman dezake, Hezkuntza osoan Microsoft Office erabili beharrean, LibreOffice erabiltzea erabakitzen badu.

    Aldiro dirutza (publiko) ikaragarriak uzten ditugu atzerriko enpresen eskuetan lizentzia guzti hauek ordainduta. Krisi egoera honetan, ez genuke ulertuko boletin ofizialean berriro ere horrelako albiste bat irakurriko bagenu.

    Nafarroan antzerako zerbait egin dute (http://www.eleconomista.es/tecnologia/noticias/3796842/03/12/el-gobierno-de-navarra-instala-software-libre-en-sus-ordenadores.html), guk zergaitik ez ?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)