Elkarlan Sariak
qrcode

Javier Hurtado sailburua sindikatuekin bildu da Euskadiko enplegu osoaren % 25 hartzen duten turismoaren eta merkataritzaren sektoreetako lana koordinatzeko

2024-07-19

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Saileko taldeak bilerak egiten jarraitzen dute erakundeekin eta turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreetako ordezkariekin XIII. legealdiaren hasieran. Atzo itxi zituzten bilerak erakundeekin, hiru aldundiekin, EUDELekin eta hiru hiriburuetako udalekin elkarraldiak izan ondoren, eta gaur hasi dira sektorearekin bilerak egiten, zehazki, UGT eta CC.OO sindikatuetako sektoreko ordezkariekin.

Sailaren izenean, Jakes Aguirrezabal Turismo eta Merkataritza sailburuorde berria egon da. Sailburuak sindikatuetako ordezkariei azaldu die lankidetzan jarraitzeko prest dagoela; izan ere, “kalitatezko zerbitzu bat nahi badugu, kalitatezko enplegu batekin bakarrik da posible, eta negoziazio kolektiboa behar da horretarako”.

Sailburuak gogorarazi duenez, Euskadiko turismoaren eta merkataritzaren sektoreko enplegua Euskadiko enplegu osoaren % 25 da, 240.000 familia baino gehiago, eta BPGaren % 18 inguru. “Merkataritza Euskadiko 3 jarduera ekonomiko garrantzitsuenetako bat da, industriarekin eta osasungintzarekin batera, eta turismoa goraldian den industria da, beste sektore batzuetan funtsezko garrantzia duena, garraioan, ostalaritzan eta kulturan besteak beste”.

Era berean, sailburuak azaldu du Sailak etengabe aztertzen duela sektore horietako enpleguaren bilakaera, Turismo eta Merkataritza Behatokien eta aurkeztutako “Enpleguaren diagnostikoa merkataritzaren sektorean” edo “Euskadiko turismo-industriaren diagnosia” azterlanen bidez, “funtsezkoa baita datu enpirikoetan oinarritutako erabaki estrategikoak hartzea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak