Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak EAEko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu ditu

2012.eko martxoak 07

Eusko Jaurlaritzak EAEko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu ditu

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell-ek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendari Iván Igartuak egindako agerraldian V. Inkesta Soziolinguistikoaren EAEko emaitza nagusiak jakitera eman dituzte. Nafarroako eta Iparraldeko datuak oraindik osatzeko daude, eta hilabete gutxi barru haien berri ematea espero da.

Prentsaurrekoaren ondoren, Euskararen Aholku Batzordeak bilera egin du, eta inkesta horren emaitzak izan dute bertan hizpide nagusi. Horrez gain, batzordeak berak 2011an zehar egindako lanen balantzea egiteaz gain, aurrera begirako lanak ere finkatu dituzte.

V. Inkesta Soziolinguistiko honek hainbat datu esanguratsu utzi ditu. Lehenik eta behin, 
gero eta gizarte zaharragoa da eta etorkin-kopurua hazten  ari da azken urteotan. EAEn biztanleriaren %20k 65 urte baino gehiago ditu eta %14 baino ez 15 urtetik beherakoak.  Etorkinei dagokienez, berriz, EAEko biztanleen %6 dira gaur egun.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik aditzera eman duenez, “16 urte edo gehiagoko biztanleen %32 elebiduna da (2006an baino 2 puntu gehiago), %17,2 elebidun hartzailea eta %50,8 erdaldun elebakarra. EAEko elebidunak etengabe ari dira gora egiten. Gaur egun, portzentaje horien arabera, 16 urtetik gorako 600.050 elebidun daude EAEn, 1991n baino 181.000 gehiago”.

Elebidunen ehunekorik handiena gazteen artean dago: 16 eta 24 urteko gazteen %60 elebiduna da, hau da, 1991ko ehunekoaren bikoitza baino gehiago. Hala ere, gazteen pisua biztanleria osoarekiko txikia denez, elebidunen hazkundeak ez du horrenbesteko isla biztanleria osoko emaitzetan.

Hamar elebidunetik sei pasatxo euskaldun zaharrak edo jatorrizko euskaldunak dira, hau da, etxean jaso dute euskara. Adinak behera egin ahala, ordea, gero eta handiagoa da euskaldun berrien ehunekoa. Izan ere, 16 eta 34 urtekoen artean erdiak baino gehiagok etxetik kanpo ikasi du euskara, eskolan edo euskaltegian.

Lehen hizkuntzak lotura zuzena du hizkuntza batean lortzen den erraztasunarekin. Gaur egun, elebidunen ia herena hobeto moldatzen da euskaraz gaztelaniaz baino. Hala ere, ehuneko hori bostena baino ez da gazteen artean.

Gaur egun, ia guraso elebidun guztiek euskara transmititzen dute. “Guraso elebidun gehienek euskara soilik transmititzen dute, baina gero eta gehiagok erdara ere transmititzen dute euskararekin batera, batez ere euskaldun berriek. Horrela, 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoen transmisioa aztertu ondoren, azpimarratzekoa da, gurasoak elebidunak direnean, seme-alaben %97k euskara jasotzen dutela etxean, horietako gehienek (%86) euskara soilik. Bikote mistoetan, hamarretik zazpik baino gehiagok jasotzen dute euskara etxean, gehienek erdararekin batera”, nabarmendu su sailburuordeak.

EAEn gero eta pertsona gehiagok erabiltzen du euskara eta gero eta gutxiago dira erdara hutsean aritzen direnak. Biztanleen %20k euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du. Beste %8,9k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago.

Lurdes Auzmendik aipatu duenez, “euskararen erabilerak gora egin du apurka-apurka EAEko hiru lurraldeetan eta lehenengo, bigarren eta hirugarren gune soziolinguistikoetan. Laugarrenean, aldiz, behera egin du euskara erabiltzen dutenen portzentajeak. Beherakada horren atzean azken urteotan hirigune erdaldunagoetatik gune euskaldunetara bizitzera joan direnen hizkuntza-ezaugarriak daude”.

Euskararen erabileraren hazkundea handiagoa izan da eremu formalean eta apalagoa etxean, seme-alabekiko erabileran izan ezik, honek gora egiten jarraitzen baitu.

Baina euskararen ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean hazi. Bilakaera horren oinarrian erabileran eragiten duten bi faktore nagusiak daude: erraztasuna eta harreman-sarea.

Elebidunen %37k etxetik kanpo ikasi du euskara, eta 35 urtetik beherakoen artean %53 inguru. Gainera, elebidunen ia erdia lehenengo eta bigarren gune soziolinguistikoetan bizi dira. Hortaz, gehienek etxeko giroa eta harreman-sare hurbila erdalduna dute.

Horren ondorioz, gero eta txikiagoa da etxean euskara erabiltzen duten elebidunen proportzioa (%51). Salbuespena, hemen ere, seme-alabekiko erabileran dago (%86).

Eremu formaletan, aldiz, elebidunen euskararen erabilerak nabarmen egin du gora: %73 udal zerbitzuetakoekin eta %59 osasun zerbitzukoekin.

Euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrerak hazkunde txiki bat izan du azken 20 urteotan. Gaur egun, %62 euskararen erabilera sustatzearen alde daude, 1991n baino 7 puntu gehiago. Aurkako jarrerak ez du aldaketa handirik izan. 1991n %14 ziren euskara sustatzearen aurka zeudenak, eta %12 dira oraingo inkestan.

Kultura sailburu Blanca Urgell-ek aipatu duenez, “inkesta soziolinguistikoa ezinbesteko tresna da hizkuntza-gaitasuna eta erabilera nolakoak diren jakiteko. Horrekin batera, inkestak aukera ematen digu, bilakaerari erreparatuta, hizkuntzaren alorrean gertatzen ari diren aldaketak eta nabarmentzen diren joerak identifikatzeko. Biltzen den informazioari esker, egungo egoera eta azken urteotako bilakaera ezagutzeaz gain, euskararen aurrerabidean eman beharreko pausoak nolakoak izan daitezkeen aurreikus dezakegu”.

V. Inkesta Soziolinguistiko honen Euskal Autonomia Erkidegoko landa-lana SIADECO enpresak burutu du.  Datu-bilketa 2011ko ekaina eta uztaila bitartean egin zen, telefono bidez eta galdetegi egituratua eta itxia erabiliz, eta lagina zehazteko, 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartu dira kontuan. Guztira, 4.200 inkesta egin dira, eta lurraldearen arabera honela banatu dira:

  • 819 inkesta Araban
  • 1.744 inkesta Bizkaian
  • 1.637 inkesta Gipuzkoan
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Lurdes Auzmendi, Iván Igartua