Javier Hurtado sailburua eta Esther Apraiz EUDELeko presidentea legealdi honetako koordinazioari ekiteko bildu dira
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta EUDELeko presidente eta Derioko alkate Esther Apraiz bildu dira gaur XIII. legealdi honen hasierako bilera-sortaren barruan. Bileran izan da, halaber, Cristina Laborda, EUDELeko lehendakariordea eta Irungo alkatea. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, talde berriko kideak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabal eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas izan dira.
Bileran Sailaren eta EUDELen arteko koordinazioari heldu zaio, batez ere udal askok arautu dituzten edo arautzeko asmoa duten erabilera turistikoko etxebizitzen gaiari. 2023ko apirilaren 9an, Legebiltzarrak 9/2023 Mozioa onartu zuen. Mozio hori EUDELek eskatu zuen lantalde bat eratu zedin erabilera turistikoko etxebizitzen erregulazio orokorrerako oinarri komunak eta orientabide orokorrak jorratzeko.
EUDEL, gaur egun, azterlan bat egiten ari da, gida gisa balioko duena beren udalerrietan erabilera turistikorako etxebizitzei buruzko araudi espezifikoa landu nahi duten udalentzat. “Errespetu handia diogu udal-autonomiari; izan ere, udalak dira beren udalerrien errealitatea eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak”, sailburuak azaldu duenez, “eta udalekin lankidetzan jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala, erabilera turistikoko etxebizitzei buruzko informazioa kontrolatzeko eta trukatzeko”.
Esther Apraiz presidenteak adierazi duenez, EUDELek kontraste bat egin du hainbat udalekin, etxebizitzen eta logela partikularren erabilera turistikoa hirigintzaren aldetik arautzeko beharraz duten pertzepzioa ezagutzeko. “Udalen errealitatea askotarikoa da, eta EUDELek orientabide orokor batzuk eskaini nahi ditu interesa duten udalerriek hirigintza-erregulazio bat bultza dezaten beren tokiko errealitate espezifikoaren arabera, turismo-ostatu modalitate horrek gainerako tokiko erabilera eta politikekin nolabaiteko distortsioa sortzen duenean (alokairua, hiri-zerbitzuen saturazioa, etab.)”, azaldu duenez. Apraizek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu du, lantzen diren oinarriek ezin baitute erregulazio autonomikotik at egon, ez eta Estatuko eta Europako arauditik ere.
Era berean, sailburuak azaldu du nola garatu zen aurreko legealdian turismo-egonaldien gaineko zergari buruzko eztabaida eta legealdi honetan garatzeko planak. Gai horiez gain, beste batzuk ere jorratu dira, tartean turismoaren sustapena, etorkizuneko proiektuak eta beste lankidetza-bide posible batzuk.