Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

NEIKER nekazaritza eta basogintza sektoreko berotegi efektuko gasak arintzeko estatuko lehenengo biltzarraren antolaketan partaide

2012.eko martxoak 07

(Bilbo, 2012ko martxoaren 7a) NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal erakundea REMEDIA Biltzarreko antolamenduko parte da; horren xedea da etorkizunean Espainiako Ikerketa Sare bat bultzatzea, berotegi efektuko gasak arintzeari buruz. Topaketaren helburua da nekazaritza eta basogintza sektoreak berotegi efektuko gasen emisioaren eta, ondorioz, klima aldaketaren, murrizketari buruz komunitate zientifikoan dagoen informazioaren trukea bideratzea.

Ekimena Basque Centre For Climate Change (BC3) erakundeak sustatu du, eta lankideak dira: UPV/EHU; Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa; Ikerketa Zientifikoetako Goi Mailako Zentroa (CSIC); Alcalako Unibertsitatea; Valentziako Nekazaritza Ikerketetako Institutua; Miguel Hernandez Unibertsitatea, Energia, Ingurumen eta Teknologien Zentroa (CIEMAT); eta NEIKER-Tecnalia. Ekitaldia Bilboko Itsas Museoan egingo da, martxoaren 8an eta 9an.

Biltzar profesional honek lehenengo urratsa egin nahi du Klima Aldaketari buruzko Espainiako Ikerketa Sarea osatzeko bidean, Espainian gai honi buruz egiten den ikerketa zientifikoa gidatzeko. Sare hori osatzea beharrezkoa da, nazioartean sortu berri diren ekimenak, hala nola ‘Nekazaritzako berotegi gasen ikerketarako Aliantza Globala’ (gobernuen arteko ekimena da, 2009an sortua, nekazaritzako ekoizpena gasen emisioa handitu gabe handitu nahi duena), Aliantzako kideak diren estatuen eremu nazionaletik antolatzen baitira.

Topaketak Espainian nekazaritza eta basogintza sektorean berotegi efektuko gasak arintzeari buruzko azterketan parte hartzen ari diren lantaldeak identifikatzeko eta koordinatzeko balioko du. Lan horri esker estrategia komun bat lortu ahal izango da, bikoizketak saihesteko eta ezagutzaren transferentzia hobetzeko.

Biltzarrean eremu horretako ehun bat adituk parte hartuko dute, eta horien artean Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeko lau kide izango dira (IPCC): Jean François Soussana, Ana Iglesias, Maria Jose Sanz eta Anil Markandya. François Soussanak, Bazketaren Nobel sariduna eta Frantziako Nekazaritza Ikerketarako Institutuko ingurumen arloko zuzendari zientifikoak, workshpeko osoko bilkurako hitzaldia emango du. Soussana Nekazaritzako Berotegi Efektuko Emisioen Talde Adituko kidea da (FAO) eta 2007an IPCCri eman zitzaion Bakearen Nobel saria partekatu zuen.

Ana Iglesias Madrileko Unibertsitate Politeknikoko katedraduna da eta hainbat proiektu zuzentzen ditu Europako Batzordean. Maria Jose Sanzek, berriz, Klima Aldaketari buruzko Ikerketetarako Erakundearen zuzendari zientifikoa da eta Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioan idazkaritza izan du bere gain. Anil Markandya BC3ren zuzendari zientifikoa da, eta ezaguna da Baliabideen Ekonomiaren alorrean autoritate zientifiko ospetsuenetako bat delako.

Nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreak lotura estua du aldaketa klimatikorekin.  Bere kudeaketa bereziki konplexua da, oso ezaugarri bereziak dituelako. Sektoreak ahalmen handia dauka karbono isurbide gisa, eta aldi berean bere igorpen nagusiak metanokoak eta oxido nitrosokoak dira, eta ez karbono dioxidokoak. Bestalde, baso masak eta lurzoruak karbono isurbide garrantzitsuak dira eta horiek desagertzeak edo hondatzeak ondorio garrantzitsua ekarriko luke berotegi efektuko gasen igorpenari dagokionez. Basoak lurrean dauden karbono “biltegirik” handienak direla jotzen da.

NEIKER-Tecnalia –Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren nekazaritza ikerketa eta garapenerako euskal erakundeak 20 urteko esperientzia dauka nekazaritza eta basogintzaren sektoretik igortzen diren berotegi efektuko gasak  neurtzeko eta murrizteko jardueretan. Bere Ingurumen eta Baliabide Naturalen Unitatean lanean diharduten pertsonak igorpenen efektua arintzeko estrategiak, esaterako erabilgarri dauden teknikak hobetzea eta karbono isurbideak, lekuan bertan ebaluatzen espezializatuta daude.  Azken urteetan apustu sendoa egin da ekipamendu berriak erosten eta BEGak neurtzeko metodologiak prest jartzen, nekazaritzaren sektorearen berezitasunak jasotzen dituzten datu propioak lortzeko, eta, modu  berean, BEGen inbentarioak osatu eta Euskal Herriko nekazaritzak ingurumenarekin aldetik dituen baldintzetan nekazaritzako ustiategietan eta produktuetan agertzen den karbono aztarna aztertu ahal izateko.  Horretaz aparte, aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko, NEIKERek agertokien proiekzioen gaineko azterlanak egiten ditu Euskal Herriko nekazaritza eta basogintzako sistemek etorkizunean izango duten bilakaera eta bilakaera horren ondorio posibleak aurreikusteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan